Ikurrinen sistema (fisioterapia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Triaje sistemak osasungintza arlo desberdinetan erabiltzen dira.
Triaje sistemak osasungintza arlo desberdinetan erabiltzen dira.

Ikurrinen sistema fisioterapiaren baitan erabiltzen den triaje mota bat da. Ikurrinen bidez, sistema honek pazientearen arazoa bizkorrago eta hobeto konpontzea ahalbidetzen du, bai beste osasun zerbitzu egokiagora bideratuz, bai fisioterapia tratamendua modu eraginkorragoan antolatzeko.[1]

Eredu biopsikosoziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XXI mendearekin batera, fisioterapian lehengo eredu biomedikoa[2] gainditu beharra aldarrikatu zen.[3] Alegia: patologia eta biomekanika hutsetan oinarritutako eredua gainditzea, gorputzaren prozesuen (nerbio sistemarena bereziki) eta faktore sozialen eragina ere kontuan hartzen dituen paradigmara aldatuz.[4]

Testuinguru horretan, ikurrinek faktore hauek identifikatzen laguntzen diote fisioterapeutari, hipotesiak egin ahal izateko eta tratamenduaren norabidea zehazte aldera. Horretara, lehendik ere egiten zen screening edo bahetze klasikoari (ikurrin gorriak) beste hainbat sailkapen gehitu zaizkio.[5]

Sailkapena eta identifikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikurrinen sisteman multzo handi bi bereiz daitezke:[1]

  • Ikurrin klinikoak: fisioterapia baino, pazienteak beste osasun espezialista baten asistentzia behar dutela adierazten dute. Hauen barruan ikurrin gorriak eta laranjak ditugu.
  • Ikurrin psikosozialak: kasuaren eta testuinguru sozialaren ezaugarriak adierazten dute, errekuperazio prozesua txarrerako baldintzatuz. “Ikurrin hori” kontzeptua 1997an hasi zen erabiltzen,[6] osasun arazoen pronostikoa kaltetzen zuten faktoreak izendatzeko, eta denborarekin azpisailkapen gehiagotara zabaldu da; gaur egunean ikurrin horiak, urdinak eta beltzak ere aintzat hartzen dira,[7] [8] [4] eta baita ikurrin arrosak ere (errekuperazio prozesuan lagundu dezaketen egoerak bistaratzeko).[5]

Fisioterapeutak historia klinikoan, esplorazioan zein tratamenduan zehar detektatu behar ditu ikurrinak. Horretarako, ezinbestekoa du giza osasunari buruzko ikuspegi zabala, fisioterapiarekin zuzenean lotuta ez dauden gaixotasunen fisiopatologiaren ezagutza barne.[9] Arrazonamendu klinikoan oinarritutako diagramek detekzioan lagun dezakete.[10] Arlo honen garrantziaz jabetuta, eta pazienteek zuzenean fisioterapeutarengana joateko gero eta joera handiagoa erakusten dutenez,[11] [2] elkargo profesionalek eta administrazioek ikurrinen bahetzean trebatzera zuzendutako formakuntza ekimenak bultzatzen ari dira.[12]

Hezur haustura.
Hezur haustura.

Ikurrin gorriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klasikoki deskribatu izan diren fisioterapiarako kontraindikazioak dira. Adibidez, muskulu-eskeleto sisteman: patologia inflamatorioa, neurologikoa, zirkulazio arazoak, infekzioak, minbizia, frakturak...[1] Ikurrin gorriak gutxi dira (fisioterapeutarengana doazen pazienteen %1 inguru), baina oso garrantzitsua da historia klinikoa egitean, esplorazioan edo tratamenduan zehar detektatzea, mediku espezialistarengana lehenbailehen deribatzeko.[13][11]

Ikurrin laranjak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005 urtean proposatu ziren, osasun mentalaren arloan ikurrin gorrien parekide bezala. Ikur honek arazoaren jatorria psikiatrikoa izan daitekeela seinalatzen du (estresa, pertsonalitatearen arazo larriak, drogen gehiegizko erabilpena edo menpekotasuna, depresio larria...), eta beraz arlo horretako espezialistarengana bideratzea komeni dela.[14][15]

Ikurrin horiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikurrin psikosozialek fisioterapia tratamenduaren emaitzak baldintza ditzakete.
Ikurrin psikosozialek fisioterapia tratamenduaren emaitzak baldintza ditzakete.

Deskribatutako lehen ikurrin psikosozialak izan ziren,[6] beste koloreetakoak identifikatu baino lehen. Honen barruan hiru multzo bereiz ditzakegu:[8]

  • Sinesmenak eta aurreiritziak: minari buruzko uste okerrak; tratamenduaren emaitzari buruzko itxaropen falta; baja luzatzeko nahia...
  • Erantzun emozionalak: psikiatrikoki larriak ez direnean (ardura, beldurra, antsietatea...).
  • Minaren aurreko jarrerak: aktibitate jakin batzuek saihesteko joera, minaren beldurrez; mina kudeatzeko arazoak; tratamendu pasiboekiko zaletasuna....

Esan behar da faktore hauek ez direla bakarrik pazienteetan aurkitzen; fisioterapeutak ere pazientearen eboluzioa oztopa dezake ikurrin hori propioekin: sinesmenak, terapia edo test diagnostiko jakin batzuekiko zaletasuna, beste tekniken ez-ezagutza...

Ikurrin horiek ez dute fisioterapia tratamendua ezinezko bihurtzen, baina berau planifikatzerako orduan kontuan hartu behar dira; lesioaren tratamenduarekin batera, identifikatutako faktoreak aldarazteko pedagogia lana egin beharko delako.[9]

Ikurrin urdinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanpostuaren inguruko faktoreak ere erabakiorrak ere izan daitezke.
Lanpostuaren inguruko faktoreak ere erabakiorrak ere izan daitezke.

Osasuna eta lan munduaren arteko loturak. Adibideak: lana gustuko ez izatea; lanpostuak gure osasuna kaltetzen duela sinestea; lankideekin edo nagusiekin gaizki konpontzea; lanak eskatzen duen mailara ailegatzen ez garela pentsatzea...[8][1]

Ikurrin beltzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait arlotan ikurrin urdinen eremuarekin nahastu badaiteke ere, ikurrin beltzekin langilearen kontroletik kanpo dauden faktoreak nabarmendu nahi dira, hala nola administrazioarekin edo testuinguruarekin lotutako arazoak. Adibidez: arazo ekonomikoak; lanera bueltatzeko oztopoak; istripuekin lotutako aseguru arazoak; gehiegi babesten duen familia edo osagileak; ergonomikoki moldatu ezin den aktibitatea; lanerako ezgaitasun-deklarazioarekin lotutako gaiak...[8] Faktore hauek pazienteak jaso dezakeen laguntza mugatu edo blokeatu dezakete.[1]

Ikurrin arrosak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Louis Giffordek 2005ean izendatu zituen, ikurrin horien ifrentzu bezala. Izan ere sinesmenek, aurreiritziek, erantzun emozionalek eta minaren aurreko jarrerek ez dute beti kutsu ezkorra izan behar; jarrerok egokiak izan ezkero, pazientearen sendatze prozesuan oso positiboki ere eragin dezakete, eta beraz osagileek kontuan hatu behar dituzte tratamenduaren nondik norakoak erabakitzerako orduan.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e «The flag system» https://www.physio-pedia.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko ekainaren 12a).
  2. a b Aranburu, Goretti. «Screening en fisioterapia» https://hacia-una-fisioterapia-basada-en-la-evidencia.webnode.es/ (Noiz kontsultatua: 2018ko ekainaren 12a).
  3. Mariñas, Monica. «Hablemos el mismo idioma. Cuestiones de dolor vertebral. Red and Yellow flags» http://fisiomonica-ms.blogspot.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko ekainaren 12a).
  4. a b Mariñas, Monica. «Sistema de banderas» http://fisiomonica-ms.blogspot.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko ekainaren 12a).
  5. a b c Gimenez, Moises. «El rosa es el nuevo amarillo» https://www.sefid.es/ (Noiz kontsultatua: 2018ko ekainaren 12a).
  6. a b Kendall NA, Linton SJ, Main CJ.. (1997). Guide to Assessing Psychosocial Yellow Flags in Acute Low Back Pain: Risk Factors for Long-Term Disability and Work Loss. Accident Rehabilitation and Compensation Insurance Corporation of New Zealand and the National Health Committee.
  7. Nicholas MK1, Linton SJ, Watson PJ, Main CJ; "Decade of the Flags" Working Group. (2011). «Early identification and management of psychological risk factors ("yellow flags") in patients with low back pain: a reappraisal» Phys Ther 91 (5).
  8. a b c d Leerar,P. Boissonnault,W. Domholdt,E. Roddey,T.. (2007). «Documentation of Red Flags by Physical Therapists for Patients with Low Back Pain» J Man Manip Ther.
  9. a b Guillart, Pepe. «Yellow flags» http://fisioterapiasinred.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko ekainaren 13a).[Betiko hautsitako esteka]
  10. Roldan, Alberto. «Razonamiento clínico: identificacion de banderas rojas y amarillas» https://rehabilitacionpremiummadrid.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko ekainaren 13a).
  11. a b «Banderas rojas, luz verde y fisioterapia de primera intención» https://evidenciaenfisioterapia.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko ekainaren 13a).
  12. «La historia clínica en fisioterapia "El screening: identificación y manejo de banderas clínicas (The flag system)"» http://www.juntadeandalucia.es/ (Noiz kontsultatua: 2018ko ekainaren 13a).
  13. Guillart, Pepe. «Red flags» http://fisioterapiasinred.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko ekainaren 14a).[Betiko hautsitako esteka]
  14. Main CJ, Phillips CJ, Watson PJ.. (20015). Secondary prevention in health-care and occupational settings in musculoskeletal conditions focusing on low back pain. In: Handbook of Complex Occupational Disability Claims: Early Risk Identification, Intervention and Prevention.. Kluwer Academic/Plenum, 387–404 or..
  15. Main CJ, Sullivan MJ, Watson PJ.. (2008). Risk identification and screening. In: Pain Management: Practical Applications of the Biopsychosocial Perspective in Clinical and Occupational Settings. Churchill Livingstone Elsevier, 97–134 or..