Hipotesi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Hipotesien adibide bat

Hipotesia fenomeno bati buruz proposatzen den azalpena da. Grezierako bi hitzetatik dator: hypo, menpekotasuna adierazten duena, azpitik egotea; eta thesys arrazonamendu bidez lortzen den ondorioa; beraz, “oinarrian jartzen dena” da hipotesia. Metodo zientifikoaren baitan, hipotesia frogen (esperientzia) bidez egiaztagarria izan behar da eta ondorioz, baieztatu tesi edo teoria zientifiko bihurtuz, edo ezeztatu. Hipotesi batzuetatik beste batzuk ondorioztatzen dira oinarrizko adierazpenera iritsi arte, zuzenean behagarriak. Hipotesia, esan bezala, behin-behineko proposamen gisa har daiteke, baina baita metodo zientifikoaren bidez kontrastatu beharreko aurreikuspen gisa.

Zientzialariek oro har, hipotesiak eskuragarri dauden teoria zientifikoek asetzen ez dituzten aurretiazko behaketetan oinarritzen dituzte, informazio eta datu bilketa dutelarik oinarrian[1]. Beraz, askotan sinonimo gisa erabiliak izan diren arren, hipotesi eta teoria terminoak bereizi behar dira; lehenengoa ikertu beharreko behin-behineko baieztapen bat baita, eta bigarrena frogatua izan den adierazpena.

Logika formalak hipotesi hitzaren esanahi ezberdina darabil, proposizio baten aurrekariei erreferentzia eginez. Hortaz, “P bada, orduan Q” adierazpenean P hipotesiari dagokio, Q ondorioarekin pareka daitekeelarik. Hor P-k suposizioaren funtzioa jokatzen du. Bestalde, hipotetiko adjektiboak “hipotesi baten izaera izatea” esan nahi du, edo “hipotesi baten berehalako ondorioa”, hipotesi hitzaren edozein adiera adieraz dezake.

Formulazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hipotesiaren itxura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hipotesia baieztapen gisako proposizio moduan adierazten da, geroaldian edo baldintza eran. Beraz, ez da galdera eran agertzen (argiaren abiadura 2 milioi m/s-tik gorakoa da?), baizik eta egiazkotzat jotzen den suposaketa (argiaren abiadura 2 milioi m/s-tik gorakoa da) edo baldintza (aukeraturiko argi izpi baten abiadura 2 milioi m/s-tik gorakoa bada, argiaren abiadura 2 milioi m/s-tik gorakoa izan daiteke).

Bestalde, Karl Popper-en eraginez batez ere, hipotesiak faltsagarriak izateko moduan formulatu behar direla defendatu izan da, hau da, hipotesia baieztatu edo ezezta dezakeen esperimentu bat egitea ahalbidetu behar du. Faltsagarritasun sinpleenaren aurkako kritikek hura baldintza nahikoa ez zela azpimarratu arren, beharrezkoa dela argi dago.

Hipotesiaren urratsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira hipotesien urratsak: informazioa biltzea, alderatzea, balizko azalpenak ematea, azalpen probableena hautatzea eta hipotesi bat edo gehiago egitea[2]. Pausu hauek guztiak eman ondoren, zientziaren eremuan esperimentazio bat egitea, zeinaren bidez hipotesia baieztatzen den, edo ez. Hipotesia baieztatzen bada, hipotesia egiazkoa izango da; eta bestela, faltsua izango da. Bigarren kasu honetan, beste hipotesi bat formulatu behar da eskuraturiko datuekin, emaitza eraginkor bat lortzeko.

Hipotesien erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako erabileran hipotesiak drama klasiko baten istorioaren laburpena adierazten zuen. Ingelerazko hypothesis hitza antzinako grekerako ὑπόθεσις (hupothesis) hitzetik dator “azpian jarri” esan nahi zuena.

Platonen Menon-en Sokratesek bertutea matematikarien metodo baten bitartez disekzionatzen du[3], “hipotesi batengatik ikertzena”[4]. Metodo zientifikoak esperimentazioa eskatzen du, hipotesien azalpen gaitasuna frogatu ahal izateko. Mugatu gabeko behaketak berriz, aukera gutxiago dauzka auzi gatazkatsua edo irekiak planteatzeko, hipotesi bat frogatzeko funtsezko esperimentu baten formulazioak egin dezakeen bezalak, azken hau buru-esperimentua ere izan daitekeelarik.

Zentzu horretan, hipotesiak kalkulu korapilatsuak sinplifikatzeko ideia argi bat edo ikuskera matematiko egoki bat da. Bellarmino kardinalak erabilera horren adibide ezagun bat eman zuen Galileori XVII. Hasieran igorritako ohartarazpenean: ez zuela Lurraren mugimendua egiazkotzat hartu behar, hipotesi gisa baizik[5].

XXI. mendeko erabilera arruntean, hipotesia ebaluaketa edo frogapena behar duen behin behineko ideia gisa hartzen da. Horretarako, sortzaileak zenbait kontu espezifiko zehaztu behar ditu, zentzu operatiboan. Hipotesiak ikertzailearen lanaren premia du, berretsi edo ezeztatzeko. Aurrerantzean, hipotesi baieztatua teoria baten parte izan daiteke edo, batzutan, teoria bat bihurtu daiteke bere horretan. Normalean, hipotesi zientifikoek eredu matematikoaren forma dute[6]. Nahiz eta ez beti, zenbaitetan adierazpen existentzial gisa formulatu ahal izango dira, fenomenoaren alor jakin batzuek azalpen berezi eta kausalak dituztela defendatuz, adierazpen unibertsalen forma dutela, fenomenoaren alor bakoitzak bere berezitasuna duela baieztatuz.

Enpresa zientzian, hipotesia negozioen ezarpenean behin-behineko ideiak formulatzeko erabiltzen da. Hortaz, hipotesi formulatua faltsagarritasunera edo baieztapenera bideraturiko esperimentu baten bidez kontrastatzen da, "egiazkoa" edo "faltsua" dela argitzean.[7][8][9]

Edozein hipotesi erabilgarrik aurreikuspenak arrazoibidearen (arrazoiketa deduktiboa barne) bidez ahalbidetuko dditu. Laborategiko esperimentu baten edo naturako fenomeno baten behaketa aurreikus lezake. Beste kasu batzuetan, baliteke aurreikuspenak bakarrik estatistikei egitea erreferentzia eta probabilitateez hitz egitea. Karl Popper-ek, beste batzuei jarraiki, hipotesia faltsagarria izan behar dela argudiatu zuen, eta ezin dela proposizio edo teoria bat zientifiko gisa hartu, ez badu faltsua izatearen aukera onartzen. Zientziaren beste filosofo batzuek irizpide hori ukatu edo beste batzuekin osatu izan dute, egiaztagarritasunarena edo koherentziarena kasu.

Hipotesi bat planteatzerakoan ikertzaileak askotan ez du frogapenaren emaitza jakin beharrik, edo etengabeko ikerketapean dagoela. Soilik kasu horietan, frogapenak edo ikerketak hipotesi baten egiazkotasuna frogatzeko aukera handiagoak ditu[10]. Ikertzaileak jada emaitza ezagutzen badu, “ondorio” gisa hartu beharra dago, eta hipotesia planteatzerakoan kontuan hartu beharko luke. Hipotesia mahai-gaineratzen duenak ezin badu aurreikuspena behaketa edo esperientziaren bidez egiaztatu, beste behaketa egile batzuek frogatu beharko dute. Argiaren abidadurari dagokionezek, esate baterako, teknologia edo teoria berri batek bihur dezake esperimentua egingarri.

Hipotesien garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hipotesiak behaketaren eta teoriaren arteko lotura puntua dira. Behaketaren ondorioz mahai-gaineratzen dira, eta aldi berean ikerketari norabidea ematen diote, ezagutza eskuratzeko urratsak eta prozedurak planteatuz.

Ikerketarako hipotesi bat egoki osatua izan denean, eta bi aldagai edo gehiagoren arteko harremana barnebiltzen duenean, ikertzaileak hurrengo hauek egin ahalko ditu:

  • Ikerketaren garapenak bete nahi duen helburu edo helburu multzoa zehaztea
  • Askatu beharreko auziarekin bateragarriena den ikerketa diseinua hautatzea
  • Auziarekin batergarrienak diren metodo, tresna eta teknikak hautatzea
  • Planteaturiko aurrera ateratzeko erabiliko diren baliabide humano zein materialak hautatzea.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egoera erreal edo egingarri bati egin behar diote erreferentzia, eta ez egoera jakin batean gertatu ezin den gertaera bati.

  • Hipotesiaren aldagaiak ulergarriak izan behar dira, ongi definituak egon eta ahalik eta zehatzenak izan behar dute.
  • Hipotesiaren aldagaien arteko harremana argia eta sinesgarria izan behar du.
  • Hipotesiak mahai-gaineratzen dituen terminoak eta haien arteko harremana behagarria eta neurgarria izan behar du.
  • Hipotesiak eskuragarri dauden teknikekin lotuta egon behar dira, frogagarriak izateko.

Gainera, hipotesi mota bakoitzak bere ezaugarri bereziak dauzka:

  • Testuinguru batean aldagai bati dagokionez, egongo den balioa (kopuru) deskribatzen duten hipotesiak.
  • Harremaneko hipotesiek bi edo aldagai gehiagoren arteko harremana zehazten dute, eta aldagaien hurrenkerak ez du axola.
  • Aurreikusteko eta partzialki azaltzeko gaitasuna lor dezakete.

Hipotesi ezberdinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hipotesi zientifikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrez emandako azalpenek hipotesi mota horri egiten zioten erreferentzia, baina hala ere hemen gehiago garatuko da, gauza asko errepikatuz. Hipotesi zientifikoa ikerketaren bidez, egiaztatzen den hipotesia da, hau da, ikerketa beharrezko egiten duen hipotesia eta horregatik, ikerketa-hipotesi ere deitu izan zaio. Ikerketan metodo hipotetiko-deduktiboari jarraitzen dio.

Ikerketa hipotesia ikerketaren prozesuan funtsezko elementua da. Arazo bat adierazi ondoren, ikertzaileak hipotesia mahai-gaineratuko du, prozesua gidatu eta hasi besterik egin ez den proiektuan ondorio zehatzetara heltzea ahalbideratuko duena.

Hipotesi oro judizio edo proposizio bat da, zerbait baieztatu edo ukatzea. Hala ere, judizio berezia da. Hipotesiak proposizio behin behineko eta esploratzaileak dira eta, beraz, bere egiazkotasuna edo faltsutasuna froga enpirikoen araberakoa da. Zentzu honetan, emaitzen errepikagarritasuna ezinbestekoa da, hipotesia arazo edo auzi baten irtenbide gisa egiaztatzeko.

Ikerketa hipotesia ikerketaren diseinua baldintzatzen duen elementua da, eta behin-behinean arazoari erantzuten dio, ikerketa benetako motorra osatuz. Esan bezala, hipotesi hau estatistikoki balioztatu daitekeen adierazpena da. Hipotesi esplizitua ikerketaren gidaria da, mugak ezartzen dituelako, arazoa enfokatu eta pentsamendua antolatzen laguntzen baitu.

Hipotesi bat azalpen gisa hartua da eta, beraz, teoria zientifiko baten funtsezko elementu izatera pasatzen da, eremuan dagoen ezagutzaren baitan bi edo elementu zein aldagai gehiagoren arteko harremanari buruzko zentzuzko iragarpenak egitea posible bada.

Hipotesi horrek aurreikusitako erlazio mota adierazten du, normalean hauetako bat:

  • A eta B aldagaien arteko harremanaren ezaugarri bat edo batzuk deskribatzen du
  • A elementu/aldagaia B-ren kausa da.
  • A agertzen denean, orduan B gertatzen da.
  • A gertatzen denean, orduan B ez.

Ezagutza zientifikoaren baitan onartua izateko, hipotesia bere egiaztapen estatistikoa ahalbidetuko duen kuantifikazio zehatz edo proportzio matematiko bat ezartzeko gai izan behar du, indukziozko argumentazio hutsa ez baita zientifikoki biribila[11].

Hasieran, Francis Baconen eskutik, defendatzen zen zientzia egitateen behaketan oinarritzen zela eta horiek era errepikatuan behatzean, indukzio bidez lege orokorrak ondorioztatzen zirela. Gerora, Karl Popperrek indukzioaren bidez lege orokorrak ateratzeko aukera ukatu zuen eta ondorioztatzen zen hura lege bat izan beharrean, hipotesi bat zela eta interpolazioaren metodo induktiboaren bidez, fenomeno zehatzen aurreikuspenak egiten zirela. Ikuskera horretan, faltsagarritasuna da teoria zientifikoen funtsa, hots, esperimentazioaren bitartez ezeztatua izateko aukera. Metodo hipotetiko-deduktiboan teoriak ezin dira inoiz egiazkotzat hartu, “ezeztatu gabeak” gehienez ere. Nolanahi ere, Mario Bungek ezeztagarritasuna zientifikotasunaren ezauarri bakarra izatea ukatu zuen, batetik, horrela teoria faltsu guztiak zientifiko gisa hartu beharko liratekeelako, bestetik, maila bateko teoriei ezin zaielako ezeztagarritasun zuzena eskatu eta azkenik, zientifikotasuna frogagarritasuna baino gehiago delako. Popperren irizpideen ordez, ikerketa zientifikoaren edozein eremuk bete beharreko hamabi baldintza proposatu zituen; bakarrik batzuk edo bakarrik zeharka betetzen dituztenak sasi zientziak direlarik, eta haiek bete gabe bere burua zientifikotzat hartzen duen eremua pseudozientifikoa.

Ondorioz, esan daiteke metodo zientifikoaren urratsek prozesu induktiboa (behaketan), deduktiboa (hipotesien planteamenduan eta bere dedukzioetan) eta berriz induktiboa (egiaztapenean) osatzen dutela.

Arazo bati emandako froga moduko irtenbide bati erreferentzia egiteko erabiltzen da hipotesia kasu honetan, ingelesez sarritan “susmo zintzo” gisa itzul daitekeenaz izendatua izan delarik, ebidentzietan oinarrituriko irtenbideak eskaintzen dituelako [12][13]. Hala ere, zientzialari batzuek metafora hori okertzat ematen dute. Esperimentatzaileek auzia argitu aurretik zenbait hipotesirekin saia daitezke eta haiek baztertu.

Schick eta Vaughn-en arabera[14] hipotesi alternatiboak proposatzen dituzten ikertzaileek hauek har ditzake kontuan:

  • Egiaztagarritasuna
  • Parsimonia (egitate kopuru handiegia planteatzea saihestuz)
  • Irisgarritasuna: fenomenoaren arlo askotan aplikagarria izatea
  • Fruitua: etorkizuneko fenomenoak azaltzeko gaitasuna
  • Kontserbadurismoa: ezagutza sistemetara doitzea

Logika matematikoko hipotesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Logika matematikoan, dedukzio baliagarrien bitartez beste formula batzuetara heltzeko formula da hipotesia. Beste era batera esanda, formula baten demostrazioan axioma multzoari gehitzen zaizkion baieztapen gehigarriak dira hipotesiak, inferentzia arauen bidez, axioma multzo eta hipotesietatik formula deduzitu daitekeen argitzeko. Axiomen eta inferentzia arauen (S) talde batean hipotesi multzo batetik (H1, ..., Hn) A formula deduzitzen bada, horrela adieraziko dugu:

H 1 , … , H n ⊢ S A

Teorema, hipotesi gehigarririk gabe axiomei jarraitzen dien formula da, formalki honela adierazia:

⊢ ∅ A

Edo besterik gabe, horrela:

A

Azken finean, matematikan hipotesia susmo bat da.

Estatistika inferentzialeko hipotesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fenomeno batzuen arteko harremana (tratamendu batek gaixotasun bat senda dezakeela) aztertzean, harremanaren existentziaren hipotesia ezin da naturaren lege berri baten hipotesiaren era berean ikertu. Adibideko ikerketan, kasu bakan batzuetan tratamenduak ez badu ondorio positiborik, horiek ez dute ezinbestean hipotesia faltsutzen. Kasu horretan froga estatistikoak erabiltzen dira harreman hipotetikoa existitzen ez bada efektua gertatzeko probabilitatea neurtzeko. Aukera hori nahikoa txikia bada, %1etik beherakoa adibidez, harremanaren existentzia baiezta daiteke. Bestela, edozein efektu kasualitate hutsaren fruitu izan daiteke.

Hipotesi estatistikoen frogapenean, aurkako bi hipotesi alderatzen dira, hipotesi nuloa (H0) eta hipotesi alternatiboa (batzuetan, ikerketa hipotesia). Lehenak proposatzen du ez dagoela ikertzen ari diren fenomenoen arteko harremanik, edo behintzat ez hipotesi alternatiboak mahai-gaineratzen duen moduan. Izenak dioen moduan, hipotesi horri alternatiba da hipotesi alternatiboa, harremana dagoela planteatzen duena. Azken horrek forma ugari har ditzake, balizko harreman horren izaeraren arabera: bi alde izan ditzake (efektu bat dago, jakina ez den norabidean) edo bakarra (harremanaren norabidea aurretik ezarria da)[15].

Hipotesiak frogatzeko esangura maila ohikoak (egiazko hipotesi nulo bat era okertuan baztertzeko probabilitate onargarriak) 0.10, 0.05 eta 0.01 dira. Hipotesi nuloa ukatua eta alternatiboa onartua badira, aurretik zehaztu behar da, behaketak jaso eta aztertuak izan aurretik. Irizpide horiek datuak ezagunak direnean zehazten badira, frogak ez du baliorik izango[16].

Aipaturiko prozedura ikerketaren laginaren unitateen edo tamainaren araberakoa da. Laginaren tamaina, adibidez, hipotesi nulo bat baztertzeko txikiegia izan daiteke, eta beraz, tamaina hasieratik zehaztea komeni da. Laginaren tamaina txiki, ertain eta handi bat hautatzea gomendagarria da froga estatistiko bakoitzerako[17].

Hipotesi batzuek harreman kausal bat barnebiltzen duten aldagai kuantitatiboak dauzkate. Batzuetan, ikertzaileak aldagai batzuen gaineko behaketa egiteko gaitasuna izango du, eta beste batzuen gainekoa ez. Horrela sailka daitezke barnebildutako aldagaiak:

  • Aldagai askea: hipotesi bati emandako balioa, kausarekin harremanetan.
  • Menpeko aldagaia: efektuari dagokion balioa, eta ez kausari.
  • Aldagai esku hartzailea: kausa edo efektuari ez dagokiona, baina ikerturiko auziaren baldintzetan eragina duena

Azkenik, adibide batzuk jartzearren, hipotesi nulo bat hauxe izan daiteke: adimen altuko eta baxuko haurren antsietate mailan ez dago alderik; eta aldiz, hau hipotesi alternatibo bat: erreguladorea duen ordenagailuak denbora osoan funtzionatzen du hutsik egin gabe, eta erreguladorea ez duena denboraren %80an. Alternatiboen baitan norabide zehatzik gabeko harremana dutenak daude, hemen ikusten bezala: adimen altuko eta baxuko haurren antsietate mailan aldea dago eta norabide zehatz bat dutenak: adimen altuko haurrek baxukoek baino antsietate maila altuagoa dute.

Hipotesi motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Irismenaren arabera: bakunak (egitate zehatz bati egiten diote erreferentzia) edo orokorrak (etengabe errepikatzen diren egitateen ingurukoak); azken hauen baitan unibertsalak (arrain guztiak uretatik kanpo hiltzen dira) edo probabilistikoak (ez dira osotasunaren inguruan ari, gehiengoaz baizik, ehuneko batez...)
  • Jatorriaren arabera: induktiboak (egitate errepikatu batzuk beti errepikatuko diren konfidantza, erregulartasunaren susmoa), deduktiboak (beste hipotesi batzuetatik), analogia bidezkoak (metaforatik sortzen dira, edo hipotesien egitura diziplina batetik bestera igarotzean), AdHoc direnak (beste hipotesien hutsak justifikatuz) eta eta intuizio bidezkoak
  • Sakontasunaren arabera: fenomenologikoak (fenomenoen behaketaren ingurukoak, azalpen sakonik gabe) edo sakonagoak (maila abstraktuago batean kokatzen dira)
  • Ezagutza esparruaren arabera: soziologikoak, biologikoak, psikologikoak, fisiko-kimikoak, interdiziplinarrak...
  • Funtsatzearen arabera: enpirikoak (oinarrian datu enpirikoak dituzte, baina ez beste hipotesi/teoria batzuen oinarri teorikoa), teorikoak (oinarri enpirikoa baino, beste teoria batzuen babesa dute) edo konbalidatuak

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz)  Hipótesis (método científico), 2018-03-19, https://es.wikipedia.org/w/index.php?title=Hip%C3%B3tesis_(m%C3%A9todo_cient%C3%ADfico)&oldid=106351494. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  2. (Gaztelaniaz)  Hipótesis (método científico), 2018-03-19, https://es.wikipedia.org/w/index.php?title=Hip%C3%B3tesis_(m%C3%A9todo_cient%C3%ADfico)&oldid=106351494. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  3. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  4. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  5. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  6. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  7. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  8. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  9. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  10. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  11. (Gaztelaniaz)  Hipótesis (método científico), 2018-03-19, https://es.wikipedia.org/w/index.php?title=Hip%C3%B3tesis_(m%C3%A9todo_cient%C3%ADfico)&oldid=106351494. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  12. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  13. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  14. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  15. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  16. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .
  17. (Ingelesez)  Hypothesis, 2018-03-21, https://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Hypothesis&oldid=831589036. Noiz kontsultatua: 2018-03-22 .