Edukira joan

Donostia Arena 2016

Koordenatuak: 43°17′51″N 1°58′07″W / 43.2976°N 1.9687°W / 43.2976; -1.9687
Wikipedia, Entziklopedia askea
Illunbe» orritik birbideratua)
Donostia Arena 2016
Illunbe
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°17′51″N 1°58′07″W / 43.2976°N 1.9687°W / 43.2976; -1.9687
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1998ko abuztuaren 11
Inaugurazioa1998
JabeaDonostiako Udala
ErabiltzaileaGipuzkoa Basket Club
Edukiera10.241

Donostia Arena 2016[1] edo Illunbe Donostiako (Gipuzkoa) erabilera anitzeko eraikin bat da, Donostiako Udalarena. Miramon pasealekuko 2. zenbakian dago, Anoeta estadioarekin parez pare, hots, Anoetako kirolgunean. Eraikinaren aldamenean Ilunbeko aparkalekua dago. Zezen plazatzat eraiki zen, 1998. urtean, eta tarteka jarduera horri eusten dio gaur egun ere; horrek zezenketak eragiten duen polemika ekarri dio. Denbora igaro ahala, beste hainbat jarduera ere hartu ditu (saskibaloia, zezenketa, herri kirolak, musika emanaldi eta kontzertuak, freestyle motorrak, etab.); gaur egun, eraikinaren jarduera nagusia saskibaloia da.

Ezaugarri esanguratsuenetako bat Donostia Arenak duen estalki bilkorra da; beharren arabera, zabaldu edota bildu egiten da. Eraikin hau Illunbe aisialdi guneko eraikin nagusia da, bertan ostalaritzako guneak, jatetxeak, multizinemak eta abar daude.

1974an Txofreko zezen plaza eraitsi zenetik, Donostiak ez zuen zezen plazarik. Horiek horrela, Donostiako Udalak erabaki zuen zezen plaza bat eraikitzea: Illunbeko zezen plaza. Erabakiak polemika piztu zuen, zezenketaren aurkakoak asmo horren kontra agertu baitziren.[2]

1998ko abuztuaren 11n, Illunbeko zezen plaza inauguratu zen, harmailak beteta, hamar mila lagun bildu baitziren. Hala ere, hurrengo hamarkadan Illunbe zezen plaza izatearen aurkako protestak areagotu ziren. Gainera, gero eta jende gutxiago biltzen zen zezenketak ikusteko.

2012an, Bildu koalizioko Juan Karlos Izagirre alkateak iragarri zuen Donostian ez zela zezenketarik izango hurrengo urtean. Hori kudeatzeaz arduratzen zen enpresarekin, Chopera familiarekin, kontratua ez berritzea erabaki zuen Udalak. «Zezenketak jada ez dira garai batean bezala Donostiako jaien uztarri», esan zuen alkateak. Animalien eskubideen aldekoek txalotu egin zuten udal gobernuaren erabakia; zezenzaleak, ordea, haserrea agertu ziren. EAJ, PSE eta PP zezenketaren alde agertu ziren, zezenketa «motor ekonomikoa eta turistikoa» zela eta.[2]

2015eko abuztuaren 13an, EAJ eta PSE udal gobernuan zirelarik, zezenketak itzuli ziren Illunbera. «Gaur-gaurkoz, zezenketak ikuskizun legalak dira eta, beraz, Udalak ez ditu zertan debekatu eta aparteko mugak ezarri», adierazi zuen EAJko Eneko Goia alkateak.[2]

2016an, Donostia Antitaurina Orain plataformak zezenketei buruzko herri galdeketa egiteko 10.000 sinadura aurkeztu zizkion Donostiako Udalari. Epaitegi batek, ordea, bertan behera utzi zuen prozesua. 2019an, herri galdeketak egiteko araudia legez kontrakoa zela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.[2]

2017an, Donostiako Udalak aginduta egindako inkesta batek agertu zuen donostiarren % 71 udal instalazioetan zezenketak egitearen aurka zeudela.[3]

2022an, zezenketen etorkizuna jendearen asistentziaren eta bideragarritasunaren araberakoa izango zela iragarri zuen Eneko Goia alkateak. 2023. urteko hiru zezenketetan, 17.000 lagun izan ziren; XX. mendearen amaieran, urtean 63.000 zezenzale biltzen ziren Illunben.[2]

2025ean, Donostiako Udalak Illunbe Berria egiteko proiektua aurkeztu zuen. Proiektu horretan, zezenketak egiteko aukerari eusten dio Udalak. Eguzki talde ekologistak salatu zuen diru publikoarekin zezenketa egitea ahalbidetzen dela, donostiar guztiek ordaintzen dituztela zezenketak.[3]

Illunbe

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Illunbe se llamará Donostia Arena 2016», Diario Vasco, 2009-08-08.
  2. a b c d e Salgado, Ion. (2024-08-13). «Anoeta eta Illunbe, hain gertu, hain urrun» www.naiz.eus (kontsulta data: 2025-09-22).
  3. a b Ramirez, Xalba. (2025-02-11). «Illunbe Berrian «zezen plaza zaharra» jartzea salatu du Eguzkik» Irutxuloko Hitza (kontsulta data: 2025-09-22).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]