Edukira joan

Irikaitz

Koordenatuak: 43°14′08″N 2°15′21″W / 43.2356°N 2.2558°W / 43.2356; -2.2558
Wikipedia, Entziklopedia askea
Irikaitz
Aztarnategi arkeologikoa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaZestoa
Koordenatuak43°14′08″N 2°15′21″W / 43.2356°N 2.2558°W / 43.2356; -2.2558
Map

Idiakaitz (Irikaitz) Paleolito garaiko aire zabaleko arkeologia-aztarnategi bat da, Zestoan, Urola ibaiaren ezkerraldean dagoen ordoki batean, bainuetxearen eta herriko futbol zelaiaren artean.

2001eko uztailaren 30an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.[1]

2011ko abuztuan, duela 25.000 urteko zintzilikario bat topatu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek, Alvaro Arrizabalagak zuzendutako indusketan, 13. kanpainan[2][3][4]. Pieza benetan da berezia, aldi berean apaingarri eta tresna baita.

Duela 250.000 urte inguruko, sua egiteko erabilitako plaka bat aurkitu dute, hau da Behe Paleolito garaikoa. Objektu horrek balio izan du Homo Heidelbergensisek sua erabiltzeko zuen gaitasuna argitzeko.

Aztarnategiaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1996 urtaren hasieran aurkitu zuten Azpeitiko Antxieta Arkeologi Taldeko kideek, urbide bate egiteko lubaki bat ireki zenean eta Antzietakoak, hura ikuskatu zutenean. hainbat aztarna jaso eta Jesus Altuna arkeologoarengana jo zuten, balizko aztarnategiaren azalera mugatzeko kata[oh 1] batzuk egiteko eskatu ziena.

Lehen esku-hartze horietan berreskuratutako aztarna litikoen arabera, Goi Paleolitoaren lehen erdian noizbehinkako kanpalekuak okupatu ziren. Hala ere, Antxietako kideek egindako V. kata deiturikoan industria zaharragoak atzeman zituzten, Behe Paleolitoa gogorarazten zutenak. Behaketa horren ondorioz, 1998an indusketa-kanpainak egiten hasi ziren.[5]

Noaillesen aurkitutako Noailles motako eskoploa (edo berana edo gubila). Horrelakoak aurkitu dira Irkaitzen.

Urola ibaiak mugatzen du aztarnategia ekialdetik, baina beste gainerako mugak ezin izan dira oraindik zehatz-mehatz finkatu. Mugak orain arte egindako katen arabera ezarri dira eta, beraz, esan daiteke gutxieneko mugak direla, gaur arte egindako azterketa arkeologikoetan oinarrituta finkatu baitira.

Gaur egun egindako mugaketaren ekialdean Urolako trenaren lubakia dago eta hori egiterakoan, ziur aski, aztarnategiaren zati bat hondatu egingo zen. Lan horien ondorioz bertako materialak aztarnategian barrena barreiatu ziren. Baina egindako katen arabera badirudi badela arrasto gehiagorik sedimentuaren leku sakonagotan.

Irikaitz atari zabaleko aztarnategia da, eta gutxi gorabehera 8 ha-ko azalera du.[6] Alvaro Arrizabalaga eta Mari Jose Iriarte Chiapussoren zuzendaritzapean induskatu da. 1996tik 2013ra bitartean, 15 indusketa-kanpaina egin dira bi sektoretan: Geltoki zundaketa (1998 eta 2003 artean induskatutakoa) eta Luebaki zundaketa (2002-2013 artean induskatutako 75 metroko distantziara).[7] Berreskuratutako aztarna arkeologiko gehienak estratigrafian aurkitu dira, gizakiaren jarduera modernoak aldatutako mailaren azaleraren azpitik.[8] Ondorengo ikuskapenetan, Behe Paleolitoko artefaktu litikoak lehen mailako posizioan aurkitu ziren, baita nolabaiteko alterazio-maila zuten Gravetiensearen hondarrak ere.[9]

Hauek dira aurkitutako materiala aztertu ondoren ateratako ondorioak:

  • Ez da bigarren mailako aztarnategia, esan nahi baita bertan aurkitutako materialak ez direla ibaiak ekarriak, izan ere, ebaki, ertz eta punta guztiak zorrotzak dira eta ez ibaian zehar arrastaka ibiltzearen ondorioz biribilduak edo koskatuak. Pieza hauek, beraz, bertan landu ziren eta, horrenbestez, lehen mailako aztarnategia dela esan behar. Aurkitutako nukleo pilak eta taila-hondarrek ere gauza bera adierazten dute.
  • Materialek aditzera ematen dutenez Paleolito garaikoak dira:
    • Goi Paleolitoko garai bat antzematen da (ziur aski Gravette aldikoa), aurkitutako Noailles motako eskoplo batzuk eta horiekin bat datozen beste pieza batzuk erakusten dutenaren arabera. Silexa da gehien erabilitako lehengaia.
    • Beste garai zaharrago bat, orain arte bainuetxearen inguruan bakarrik kokatu dena. Behar bada Behe Paleolitokoa izan da, hareharriz eta argilitaz egindako gauzak topatu baitira, eta horiek garai hartakoak direla erakusten dute.
  1. zundaketa txikiak,


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Irikaizko aire zabaleko aztarnategia» Ondarea (Kultura Ondarearen Zentroa. Kultura eta Hizkuntza Politika Saila).
  2. 25000 urteko zintzilikari bat aurkitu dute Irikaitzen, Aranzadi Akeologia Elkartearen webgunean (sarrera data 2011-08-11)
  3. Duela 25.000 urteko zintzilikario bat topatu dute Irikaitzen berria eitb.eus webgunean (sarrera data 2011-08-11)
  4. Ana, Galarraga Aiestaran. (2011-08-10). «25.000 urte inguruko zintzilikarioa aurkitu dute Irikaitzen» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-15).
  5. «El yacimiento arqueológico de Irikaitz (Zestoa, Gipuzkoa) en el contexto del primer poblamiento de Euskal Herria» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-15).
  6. (Gaztelaniaz) Arrizabalaga, Alvaro; Iriarte-Chiapusso, Maria-Jose; Ruiz Alonso, M. El yacimiento arqueológico de Irikaitz (Zestoa, País Vasco). Contextualización arqueobotánica y en el marco del Paleolítico Inferior vasco. XI Reunión Nacional de Cuaternario, 211-217, Oviedo.. .
  7. Alonso, David Álvarez. (2014-04-01). «First neanderthal settlements in northern Iberia: The Acheulean and the emergence of Mousterian technology in the Cantabrian region» Quaternary International 326-327: 288-306 (Noiz kontsultatua: 2025-02-15).
  8. Arrizabalaga, Alvaro. EL YACIMIENTO ARQUEOLÓGICO DE IRIKAITZ (ZESTOA, PAÍS VASCO). DESCRIPCIÓN DEL DEPÓSITO Y CARACTERIZACIÓN INDUSTRIAL DE SU NIVEL IV The archaeological site of Irikaitz (Zestoa, Basque Country). Description of the deposit and industrial characterization of the level IV. (Noiz kontsultatua: 2025-02-15).
  9. Alonso, David Álvarez. (2015-01-01). «The past is out there: Open-air Palaeolithic sites and new research strategies in the Cantabrian region (northern Iberia)» Quaternary International 364: 181-187 (Noiz kontsultatua: 2025-02-15).


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]