Iruñeko kale istiluen auzia (2017)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Iruñeko kale istiluen auziak 2017an hiri horretan poliziarekin izandako istiluak epaitu zituen. Gertaerok 2017ko martxoaren 11n ATAk hiri horretan deitutako manifestazio baten ostean jaso ziren eta, ondorioz, lau gipuzkoar gazte izan ziren auzipetuak askotariko karguak leporatuta, nagusia izanik fiskaltzak egotzitako "desordena publiko terroristak"[1].

Epaiketa Madrilgo Entzutegi Nazionalean egin zen 2018ko maiatzean, Carmen Lamela epailea buru zuela. Ikusmin handia piztu zuen Euskal Herrian, Altsasuko auzian aldi berean gertatzen ari zen bezala, 'terrorismo' delitu bat egozten zelako eta horregatik Entzutegi Nazionalean egin zelako. Epaia 2018ko ekainaren 1ean plazaratu zen, Altsasuko auzikoa bezala, auziperatuei 2 urteko espetxe zigorra bana ezarrita.

ATAk deitutako manifestazioa
Poliziaren erasoa
Buru estaliko gazte samaldak korrika

Gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017ko martxoaren 11n Amnistia Ta Askatasuna mugimenduak deialdia egin zuen Iruñean manifestazioa egitera, "herri eragileen aurkako eraso errepresiboak" salatzeko.[2] Alde Zaharrean, polizia agertu zen, eta istiluak piztu ziren. Horietan, gizon bat eta hiru polizia zauritu ziren. Bestalde, 30.000 euroko kalteak izan ziren hamabi etxebizitza, denda eta banketxetan.[3]

Auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istiluen egunean bertan, Errenteriako hiru gazte atxilotu zituzten. Biharamunean, berriz, Beasaingo beste gazte bat. Nafarroako Entzutegiak ukatu egin zuen 'terrorismorik' zegoela istiluotan, baina espetxeratze agindua eman zuen lauren kontra.[4] 2017ko azarotik, baldintzapeko askatasunean daude epaiketaren zain.[5]

2018ko maiatzean, epaiketa hasi zen Auzitegi Nazionalean, Carmen Lamela epaileak zuzendua,[6] eta José Perals fiskal lanetan jarrita, Altsasuko auziko berdinak. Fiskalak zazpi urteko espetxe zigorra eskatzen du bakoitzarentzat. Akusazioak polizien testigantzak ekarri zituen auziperatuen kontra, eta fiskalak auziperatuen ustezko esloganak nabarmendu zituen ( "Borroka da bide bakarra", "Gora ETA" eta "Euskal presoak"), eta ondo antolatuta zeudela erasoei ekiteko.[7][8] Ondorioz, fiskalak "desordena publiko terroristak" leporatu die, eta zazpi urteko espetxe-zigorra eskatu. Gainera, bost urteko zaintzapeko askatasuna eskatu du, eta 30.000 euro ordaintzea. Eskatu du, halaber, zauritutako gizonari 1.500 euro ematea eta zauritutako poliziei, berriz, 600 euro.[9]

2018ko ekainaren 1ean, Espainiako Auzitegi Nazionalak lau auziperatuak (Asier Petrirena, Ruben Iglesias eta Endika Etura errenteriarrak eta Julen Pardo beasaindarra) 2 urteko espetxe kondena bana ezarri zien liskarretan parte hartzea egotzita; astungarritzat hartu ziren "objektu mingarri eta artefaktu piroteknikoak" baliatu izana. Egun berean argitaratutako Altsasuko auziko epaian bezala, baina, ez zen onartu "eraso terrorista" izatea edo ETArekin loturarik izatea, Auzitegi Nazionalak auzia bere gain horregatik hartu zuen arren.[10]

Erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errenterian, elkartasun ekintzak egin dira gurasoek hauspotuta. Iruñeko eta Errenteriako alkateek beren elkartasuna adierazi zieten atxilotuei.[11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. http://www.argia.eus/albistea/elkartasuna-eta-babesa-astelehenetik-aurrera-epaituko-dituzten-oreretako-gazteei
  2.   Berria.eus «Iruñeko istiluko gazteak babestu dituzte, epaiketaren atarian» Berria . Noiz kontsultatua: 2018-05-21 .
  3.   Vasca, EiTB Radio Televisión Pública «Iruñeko istiluengatik auzipetutako lau gazteek parte hartu izana ukatu dute» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2018-05-21 .
  4. (Gaztelaniaz)  Vasca, EiTB Radio Televisión Pública «Audiencia de Navarra: Los disturbios de Pamplona no son terrorismo» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2018-05-21 .
  5.   Berria.eus «Iruñeko istiluko gazteak babestu dituzte, epaiketaren atarian» Berria . Noiz kontsultatua: 2018-05-21 .
  6.   Berria.eus «Iruñeko istiluko gazteak babestu dituzte, epaiketaren atarian» Berria . Noiz kontsultatua: 2018-05-21 .
  7.   Vasca, EiTB Radio Televisión Pública «Iruñeko istiluengatik auzipetutako lau gazteek parte hartu izana ukatu dute» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2018-05-21 .
  8. (Gaztelaniaz)  SL, TAI GABE DIGITALA (2018-05-21) «Los cuatro jóvenes juzgados en la AN niegan haber participado en los incidentes de Iruñea» naiz: . Noiz kontsultatua: 2018-05-21 .
  9.   Vasca, EiTB Radio Televisión Pública «Iruñeko istiluengatik auzipetutako lau gazteek parte hartu izana ukatu dute» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2018-05-23 .
  10.   Berria.eus «Bi urteko kartzela zigorra Iruñeko istiluengatik auzipetutako lau gazteei» Berria . Noiz kontsultatua: 2018-06-01 .
  11.   «Errenteriako eta Iruñeko alkateek elkartasuna adierazi diete lau gazteei» oarsoaldea.hitza.eus . Noiz kontsultatua: 2018-06-17 .