Irune Arbide Urdanpilleta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Irune Arbide Urdanpilleta

Bizitza
JaiotzaOiartzun1958ko abuztuaren 29a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaOiartzun1999ko apirilaren 9a (40 urte)
Hezkuntza
HeziketaDeustuko Unibertsitateko Donostiako Campusa
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpiano-jotzailea, abeslaria eta musika-irakaslea

Irune Arbide Urdanpilleta (Oiartzun, Gipuzkoa, 1958ko abuztuaren 29aOiartzun, 1999ko apirilaren 9a) Pianista eta Oiartzungo Ibargain Musika Eskolaren sortzailea izan zen.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nikolas eta Trinitxuren alaba zaharrena Altzibar auzoko plazaren alde batean dagoen etxean bizi izan zen haurtzaroan Pello anaia eta Maite ahizparekin batera. Zazpi urte zituela Elizaldera aldatu zen familia eta orduz geroztik kale aldean bizi izan zen, Arrigain etxean lehenengo eta Ibargainen gero.

Oinarrizko ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskolan Oiartzungo Monjetan hasi zen, orain Petra Lekuona Zaharren Egoitza dagoen lekuan zuten eskolan, haiekin ikasi zuen Lehen Hezkuntza, orduko “Bachillerato Elemental” egiteko garaia iritsi zitzaion arte. Denbora horretan joan-etorri batzuk egin zituen Altzibartik Kalera eta Kaletik Altzibarrera bera baino neskatxa zaharragoen eskutik.

Batxilergoa egitera Pasaiako “La Anunciata” ikastetxera jo zuen Oiartzungo beste lagun batzuekin batera. Batxilergoa bukatu zuenean, Turismo ikasketei ekin zien Donostiako EUTG-n baina osasun arazoengatik lehen urtea egin ondoren ikasketa horiek utzi behar izan zituen.

Musika ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan daiteke Iruneren musika ibilbidea Altzibarren hasi zela. Bazen jaio zen etxean piano bat, oso umea zenetik Irunek bere amak piano hura nola jotzen zuen entzuten zuen. Seguruenez, bere teklak zapalduz jolastu ere egin zuen. Iruneren aitona (Manuel Urdanpilleta) musika ikasia zen. Lekaroz Kolegioan egindako urteetan solfeoa ikasi zuen baita klarinetea eta eskusoinua jotzen ere. Hogeita bi urtean ia iganderik huts egin gabe Altzibarko plazan akordeoiaz animatzen zuen bilera.

Iruneri ez zitzaion musikari girorik eta musikarako joerarik falta inguruan. Oso gaztea zela hasi zen entzuten etxean bere amak poliki-poliki osatutako disko sailetik konpositore klasikoen obrak. Oiartzungo Monjen eskolan zebilenean hasi zituen musika ikasketak. PasaiakoLa Anunciata” ikastetxean musika eta piano ikasketekin segitzeko aukera izan zuen batxilergoa egiten zuen bitartean. Piano karrera ofiziala egitea erabaki zuen eta urtez urte egiten zuen maila bakoitzari zegokion azterketa ikasle libre gisa Donostiako Musika Goi Kontserbatorioan.

Osasun arazoengatik Turismo ikasketak utzi behar izanak gustukoen zuen musika arloari heldu eta ekiteko aukera eman zion bide profesionala urratzeko asmoa buruan hartuta. Piano karrera bukatzeko falta zitzaion azken urtea egiteko Donostiako Musika Goi Kontserbatorioan sartu zen ikasle ofizial gisa eta bertan eskuratu zuen Piano Irakasle titulua, artean hogei urte bete gabeak zituela.

Garai horretan sartu zen Donostiako Orfeoian eta bizpahiru urtez kantatu zuen hainbat hiritara bidaiatuz. Bere senarra Manuel Cendoya ere Orfeoiko kantaria izan zen eta giro horretan ezagutu zuten elkar. Gero, lanak eta lanbidearekin inguruko konpromisoek gero era zailago egin zioten Orfeoiko entsegu eta bestelako betebeharrei erantzutea eta utzi egin behar izan zuen.

Musika irakasle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika irakasle bezala lehen urratsa Orereta Ikastolan eman zuen: bertan eman zituen urtebetez musika klaseak. Aldi berean, musika eta piano klaseak ematen hasi zen etxean, eta halaxe joan zen musika eskolaren ideia eta egitura gorpuzten eta eratzen.

Musika klasikoaren zalea bazen ere, hori ez zen entzuten zuen bakarra, gogoko zituen eta askotan entzun ere egiten zituen musika eta kanta modu berriagoak. Beti egoten zen prest gauza berriak entzuteko eta joera berriak nondik nora zebiltzan jakiteko. Jarrera irekia zuen horretan eta hori bera izan zuen gerora berak sortutako Ibargain Musika Eskolan ere: pedagogia, didaktika eta musika-motetan ere joera berriak beste askok baino lehenago eraman zituen ikasgeletara.

Berak jasotako heziketa musikalarekin jarrera kritikoa zuenez, arlo horretan nola eta zer irakatsi definitzeari ekin zion. Hasiera-hasieratik solfeoa euskaraz lantzeko material berriak prestatu zituen. Aldi berean edukien aberastasuna, umeentzako erakargarritasuna eta motibazioa zaindu zituen, aldez aurretik herrian ezarrita zeuden beste instrumentuen inguruko lana errespetatuz eta baloratuz.

Ibargain Musika Eskola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gauzak horrela, gero eta ikasle gehiago animatu zen musika ikastera Oiartzunen eta Iruneren proiektua gauzatzen joan zen. Zalantzarik ez zuen izan Musika Eskolako jarduerak esparru desberdinetara hedatzeko, instrumentuen eskaintza gero eta zabalagoa izateko eta horrek eskatzen zuen azpiegitura bideratzeko. Ausardia eta izaera aurrerakoia azaldu zituen arpa ikasteko aukera emateaz gain musika interpretatzen gozatzeko instrumentu talde desberdinak antolatu zituenean: flauta taldea, orkestra klasikoa edota jazz orkestra, baita musika elektronikoa eta informatika musikal ikasketa berriak ere martxan jarri zituenean. Bere asmo guztiak aurrera eramateko lan-taldea ezinbestekoa zela ohartuz, musikari adituak erakarri zituen eta beraiekin batera lan eginez etengabeko berrikuntza eta formazioa bultzatu zuen eskola barruan.

1994ean Ibargain Musika Eskolak izendapen ofiziala[2] eskuratu zuen eta hurrengo urteetan eskolari nortasuna ematen dioten ezaugarriak finkatu dira: Oiartzunen musika euskaraz ikastea, familia guztietako instrumentuak eskaintzea, berrikuntza teknologikoak programetan sartzea eta musika klasikoaz gain beste estilo batzuk lantzea. Irunerentzat musika ez zen soilik partitura bat jakitea, interpretazioarekin sentimenduak adieraztea, beste batzuekin konpartitzea eta esperientziaz gozatzea baizik. Hau guztia gauzatu zedin ekintza ezberdinak antolatu zituen: entzuketak, ikasleak kontzertu didaktikoetara eramatea edota ikasleek beraiek emanaldiak eskaintzea, hala nola Udaletxekoak, Gabonetakoa eta ikasturtea amaierakoak.

Izaera nekaezina, zorrotza, elkarrizketarako abegitsua, ingurukoak ilusioz kutsatzen zituena, beti erronka berrien bila zebilena, honelakoxea zen. Berez halakoa zelako eta osasunak oso gazterik abisu latza emana ziolako bizitzari ahal zion guztia atera zion: lana gogotik egin zuen bere Musika Eskola sortzen, familia bat sortu eta maitatu eta etxe bat eraiki zuen, eta aukera zuenean bere ingurukoekin topa egin eta ongi pasatzen jakin zuen. Urratu zuen ibilbideak beti arte baten, musikaren, agian arterik gorenaren arrastoan eraman zuen.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Oiartzun 99 urtekaria. Oiartzungo Udala, 48-51 or..
  2. AGINDUA, 1994ko irailaren 23koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Oiartzungo (Gipuzkoa) "Ibargain" Musika Eskola ireki eta ihardunean jartzeko baimena ematen duena. 1994/03783

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]