Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Itsasertz

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sakoneta hondartza (Deba)

Itsasertz, itsasbazter, itsasalde, kostalde edo kosta deitzen zaio lurretik gertu dagoen itsaso, laku edo ibaien guneari. Kostaldeko inguruneetan ur-maila altuenetik (gutxitan egongo da urez gainezka) uneoro urperatuta dauden lur-lerroetaraino doa itsasertza. Itsasaldien izaera dinamikoa dela eta, ezin da honen lerro zehatza finkatu eta askotan eskualde bat izendatzko erabiltzen da. Itsasertzaren barruan beti dago marearteko zona eta horregatik askotan termino hauek bata bestearen zentzuan erabili ohi dira. Hala ere, itsasertzaren definizioa marearteko zonaz haratago zabaltzen da.

Ez du esanahi bakarra hitz honek. Erabilera aldatu egiten da baita ere munduko leku batetik bestera, eta disziplina desberdinen artean. Adibidez, era ezberdinean erabiltzen da itsasertz hitza testuinguru militarrean edo itsas biologiaren eremuan bagaude.

Zenbait ezaugarri bereizgarri ematen die uraren gertutasunak eremu hauei. Forma geografiko jakinak sortzen ditu uraren higadura gaitasunak; hala nola, dunak eta estuarioak. Itsasbazterreko jito deritzo kostaldean zeharreko itsasertzaren mugimendu naturalari. Uraren eskuragarritasunari esker aniztasun biologiko handiko eremuak dira eta hezegune zabalen sortzea ahalbidetz

en du. Gainera, lurrunketagatiko hezetasunak mikroklima bat sortzen du eta bertan beste inon aurkitzen ez diren izaki bizidunak agertzen dira.

Itsas zientziak eta itsas biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas zientzia eta biologian itsasertzaren ideia plataforma kontinentalaren ertzeraino zabaltzen da. Kostatik hasita, itsasertza bits zonaldean hasten da, marea altuenak uzten duen arrastoaren gainean. Hemendik, marearteko zonan mugitzen da behe eta goi ur marken artean, eta plataforma kontinentalaren ertzean bukatzen da. Hiru azpizonalde hauei goi-mareartea, erdi-mareartea eta behe-mareartea deritze.

Goi-mareartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi-marearteko zona

Goi-marearteko zona (bits zonalde ere deitua) udaberrian izaten den marea altuaren gainetik egoten den azalera da, eta normalean zipriztinduta egoten da, baina ez itsasoko urez urperatuta. Itsasoko urak goiko aldeko eremu hauek ekaitzaldietan eta marea bizietan itsasgoran dagoenean gainditzen ditu soilik. Bertan bizi diren organismoek hainbat faktoreri egin behar diete aurre; hala nola, euri-ur gezari, hotzari, beroari, lehortasunari eta lurreko animalia eta itsas txorien harraparitzari. Eremu honen gorenengo zatian kolore iluneko likenak ager daitezke arroken azalean. Isopodoen elikadura-iturri diren hainbat motatako karrakela arruntak, neritidoak eta detrituak supralitoralaren beheko zonaldean bizi dira normalean.[1]

Erdi-mareartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi-marearteko zona udaberriko marea altueneko marratik (urperatua nekez egoten da) marea baxueneko marraraino doa (urperatu gabe nekez egoten da). Egunean behin edo bi aldiz txandaka, agerian eta urperatuta egoten da. Bertan bizi diren organismoak gai izan behar dira tenperatura, argi, gazitasun... baldintza aldakorrei eusteko. Egoera ezberdin ugaritan bizi diren arren, emankortasuna handia da eremu honetan. Olatuek eta mareek sortutako turbulentziek itsaslabar, urmael eta kobazuloak eratzen dituzte, organismo sedentarioentzat askotariko habitatak sortzen dituztelarik. Zinta eulitoral estua eta ia homogeneoa ageri dute orokorrean babestutako kosta harritsuek, lanpernen presentziaz zehaztua maiz.

Behe-mareartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behe-marearteko zona erdi-mareartekoaren segidan hasten da. Eremu hau itsasoko urez estalita dago uneoro eta zona neritikoaren baliokidea da gutxi gorabehera.

Ozeanografia fisikoaren eremuan, behe-marearteko zonaldeaz hitz egitean marea fluxu esanguratsu eta energia disipazio handiko kostaldeko eskualdeez ari gara, fluxu ez-linealak, barne olatuak, ibai efluenteak eta frente ozeanikoak tarteko. Praktikan, plataforma kontinentalaren ertzeraino doa orokorrean, gutxi gorabehera 200 metroko sakonera hartzen duelarik.

Itsas biologian, behe-marearteko zona eguzki-argia ozeanoaren hondoraino heltzen den eremuetaraino doa, hau da, ura ez da zona fotikotik ateratzeko bezain sakona. Honen ondorioz, ekoizpen primarioa oso handia da eremu honetan eta horregatik itsasoko bizidunen gehiengoa bertan bizi da. Ozeanografia fisikoan bezala, eskualde hau plataforma kontinentalaren ertzeraino zabaltzen da normalean. Behe-mareartean zona bentikoa erdi-mareartekoan baino egonkorragoa da; tenperatura, uraren presioa eta eguzki-argi kantitatea nahiko konstanteak dira. Behe-marearteko koralek ez dute mareartekoek besteko aldaketa eta ezegonkortasunak jasan behar. Hala ere, bi eremuetan bizi daitezke, baina arruntagoak dira sublitoralean.

Sublitoralaren barnean, itsas biologoek hurrengo bi zonaldeak zehazten dituzte:

  • Zona infralitorala, algak nagusi diren eremua hain zuzen ere, zeina ur-maila baxuenaren arrastoaren behetik 5 metroko sakoneraino joan daitekeen.
  • Zona zirkalitorala, infralitoralaren azpitik dagoena. Algen zonaldearen behetik dago eta bertan nagusi dira animalia sesilak, hala nola, muskuiluak eta ostrak.

Zona honen sakonera gutxieneko eskualdeei, kostaldetik gertu daudenak, zona subtidal ere deitzen zaie.

Ur gezak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salburuako (Gasteiz) hezegunea

Ur gezazko eremuetan urertza laku eta ibai handien ertzeetan kokatzen da, sarritan hezegune zabalak dituztelarik. Horregatik, ertzetako hezeguneak bezala ezagutzen dira. Hemen, marearen eragina oso txikia da, beraz, "urertz"-en beste definizio batzuk erabiltzen dira. Adibidez, Minesotako Natur Baliabideen Departamenduak urertz deitzen dio 15 oin (4,6 m gutxi gorabehera) baino gutxiagoko sakonera duen aintziraren zonaldeari.[2]

Urertzak hezegune estu edo zabala sor dezake. Bertan ur-landareak agertzen dira, ur sakonerarekiko duten tolerantziaren arabera sailkatuta. Normalean lau zonalde bereizten dira, ertzetik urrunenetik gertuenera: baso hezegunea, belardi hezea, padura eta itsas landareria.[3] Lau mota hauen azalera erlatiboa ez da ertzaren profilaren araberakoa soilik. Aurretik izandako ur-mailak ere eragina dauka horretan. Belardi hezearen eskualdea adibidez, zehazki iraganean izandako ur-mailen menpe dago;[4] orokorrean, ibai eta lakuetan zeharreko eremu honen azalera handitu egiten da ur-mailaren berezko gorabeherekin.[5][6] Ibai eta aintziretan bizi diren animalia asko hezegune hauen menpekoak dira, sutraitutako landareek habitata eta elikagaia eskaintzen baitute. Horregatik, ibai edo laku osasuntsu baten ezaugarritzat hartzen da urertz handi eta emankor bat.[4]

Urertzetako eremu hauek arriskuan daude honako bi arrazoi hauek direla medio; lehenengoa, gizakien bizitzeko kokalekutzat beti hartu izan dira zonalde hauek, uraren gertutasunagatik, askotan ugalketa habitatak oztopatuz. Adibidez, dortoka ugari hiltzen dira errepideetan, euren arrautzak uretatik kanpoko leku altuetan uzten dituztenean. Orokorrean, hezeguneen inguruan gizakien presentziak eragin negatiboa dauka hauetan.[7] Aurrekoa besteko arazoa da ibai eta aintziren ur maila egonkortzeko jartzen diren presak. Honek mantenugaiak bertan pilatzea ekartzen du, urertzetaraino heltzea ekidinez.[8][9] Honenbestez, presek hezeguneen azalera murriztu dezakete.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Yip and Madl
  2. Fisheries lake survey. .
  3. Keddy, P.A. 2010. Wetland Ecology: Principles and Conservation (2nd edition). Cambridge University Press, Cambridge, UK. Chapter 2.
  4. a b Keddy, P.A. 2010. Wetland Ecology: Principles and Conservation (2nd edition). Cambridge University Press, Cambridge, UK.
  5. Wilcox, D.A, Thompson, T.A., Booth, R.K. and Nicholas, J.R. 2007. Lake-level variability and water availability in the Great Lakes. USGS Circular 1311. 25 p.
  6. Hughes, F.M.R. (ed.). 2003. The Flooded Forest: Guidance for policy makers and river managers in Europe on the restoration of floodplain forests. FLOBAR2, Department of Geography, University of Cambridge, Cambridge, UK. 96 p.
  7. Houlahan, J. E.; Keddy, P. A.; Makkay, K.; Findlay, C. S. (2006). "The effects of adjacent land use on wetland species richness and community composition". Wetlands. 26 (1): 79-96 doi:10.1672/0277-5212(2006)26[79:TEOALU]2.0.CO;2.
  8. Middleton, B. A. (ed.) 2002. Flood Pulsing in Wetlands: Restoring the Natural Hydrological Balance. John Wiley, New York
  9. Keddy, P.A. 2010. Wetland Ecology: Principles and Conservation (2nd edition). Cambridge University Press, Cambridge, UK. 497. Chapter 2.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Haslett, Simon K (2001) Coastal Systems. Routledge. ISBN 978-0-415-21302-8
  • Mann, Kenneth Henry (2000) Ecology of Coastal Waters Blackwell Publishing. ISBN 978-0-86542-550-7
  • Yip, Maricela and Madl, Pierre (1999) Littoral University of Salzburg.