Izurde

Wikipedia, Entziklopedia askea

Izurde Cetacea itsas ugaztunen azpiordenaren barruko hainbat animaliren izen arrunta da. Normalki izurde izenarekin Delphinidae familiako ozeanoko izurdeak izendatzen dira, baina baita ere Platanistidae (Indiako ibaietako izurdeak), Iniidae (Mundu Berriko ibaietako izurdeak), Pontoporiidae (ur geldoetako izurdeak) eta desagertutako Lipotidae Txinako ibaietako izurdeak. Gaur egun 40 espezie ezagutzen dira.

Izurderik txikienak Cephalorhynchus hectori maui azpiespeziekoak dira, 1,7 metroko luzera eta 50 kilogramorekin; luzeenak orkak dira, 9,5 metroko luzera eta 10 tonako pisuarekin. Espezie askok dimorfismo sexuala dute, arrak emeak baino handiagoak direlarik. Gorputzak lirainak dituzte, igeri egiteko guztiz moldatuak, eta aurreko bi gorputz adarrak ere moldatuta dituzte uretan mugitzeko. Ez dira fokak bezain malguak, baina abiadura handia har dezakete, 55,5 kilometro orduko. Hortzek itxura konikoa dute, azkar mugitzen diren arrainak harrapatzeko. Oso entzumen ona dute, bai airean zein uretan; entzumena hain da ona ezen itsu direnek ere biziraun dezaketen. Espezie batzuek sakonera oso handia hartzen dute igeri egiten. Ur hotzetan bizirauteko koipe geruza bat dute.

Izurdeak mundu osoan zehar aurki daitezke, baina gehienek nahiago dituzte ur epelak eta ingurune tropikalak, nahiz eta badiren batzuk ur oso hotzetan bizi direnak, Lissodelphis generoa kasu. Izurdeek arrainak eta kalamarrak jaten dituzte, baina badira handiagoak diren batzuk, orkak bezala, fokak eta ugaztunak jaten dituztenak. Izurde arrek hainbat eme ernaltzen dituzte urtero, baina emeek bi edo hiru urtean behin baino ez dute harremanik. Kumeak udaberrian edo udan jaiotzen dira, eta emeek hartzen dute eurak hazteko ardura guztia. Espezie batzuetan denbora luzez edoskitzen dituzte euren kumeak. Izurdeek bokalizazio asko sor ditzakete, askotan klik eta txistu soinuen antzekoak.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etimologiaren aldetik hitz elkartu bat da, IZ aurrizkiak ura esan nahi du (izotza: ur hotza) eta URDE hitzak txerria edo urdea. Bizkaian izurda diote[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sociedad de Estudios Vascos (San Sebastián). Jornadas (2002. Bermeo). (2003). La pesca y el mar : cambio sociocultural y económico = Arrantza eta itsasoa : aldaketa soziokulturala eta ekonomikoa = Le péche et la mer : changement socioculturel et économique. Eusko Ikaskunza = Sociedad e Estudios Vascos ISBN 84-8419-879-0 PMC 1025139777 . Noiz kontsultatua: 2020-02-22.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]