Edukira joan

Jaffako laranja

Wikipedia, Entziklopedia askea

 

Jaffako laranjak Jerusalemeko merkatuan

Jaffako laranja (arabieraz, برتقال يافا burtaqāl Yāfā; hebraieraz, תפוזי ג'אפה tpvzy G'aph) edo Shamuti laranja (برتقال شموطي burtaqāl shumūṭi) hazi gutxi eta azal lodia duen laranja mota bat da, Palestinan eta Ekialde Hurbilean, oro har, lantzen dena. Azalaren ezaugarri hori esker oso egokia da biltegiratzeko eta, ondorioz, esportaziorako.

Nekazari palestinarrek garatu zuten XIX. mendearen erdialdean, eta Jaffa hiritik hartu zuen izena, han ekoitzi baitzen aurrenekoz esportaziorako. Berehala bihurtu zen hiriko zitrikoen esportazio-produktu nagusia. Mediterraneoan, Europako hegoaldean eta Ekialde Hurbilean lantzen diren hiru mota nagusietako bat da, Navel laranjarekin eta laranja mingotsarekin batera. Jaffa Zipren, Iraken, Libanon, Sirian, Jordanian eta Turkian ere lantzen da.

Jaffaren laranja-ekoizpena asko murriztu da, garai batean Israelgo Estatu sortu berriaren esportaziorik ezagunena izan bazen ere. Laranja honen historia oso politizatuta dago[1]; Eyal Sivan zinema zuzendariak azaldu zuenez[2], Jaffaren laranja «enpresa sionistaren eta Israelgo estatuaren sinbolo bihurtu zen, eta palestinarrentzat, berriz, aberria galdu eta suntsitu izana sinbolizatzen du».

Jaffako laranjek, shamuti izenez ere ezagutzen direnek, ez dute ia hazirik, eta haien zaporea «bikaina», «gozoa» eta «fina» dela esan izan da. Jaffaren laranjak forma obalatua eta azal lodia ditu. Laranja-kolore bizia du, eta, normalean, oso erraz zuritzen da. Azala hain gogorra duenez, «esportaziorako, garraiorako eta biltegiratzeko bereziki egokia» egiten da. Hala ere, oso zuku gutxi sortzen du eta pittin bat mikatza; beraz, ez da egokia laranja-zukua egiteko.

Laranja hauek ongi egiten diote aurre hotzari, eta, horri esker, laranjen laborantzarekin loturik dauden eskualde subtropikaletatik kanpo hazten dira. Jaffako laranjaren laborantzak baditu arazo batzuk, nolanahi ere batetik, Alternaria onddoak jo ditzakeelako, eta, bestetik, gerta daitekeelako urte batean fruta ugari ematea, eta hurrengoan, gutxi edo batere ez.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Jaffa, la historia de un símbolo: “Jaffa, la mecánica de la naranja” un film de Eyal Sivan» palestinalibre.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  2. (Gaztelaniaz) Jaffa, the Orange's Clockwork (2010). (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]