José Merino Ferrer

Wikipedia, Entziklopedia askea
José Merino Ferrer
Bizitza
JaiotzaLeon1950eko abuztuaren 27a
Herrialdea Espainia
HeriotzaBarakaldo1988ko ekainaren 3a (37 urte)
Heriotza moduaistripuzko heriotza: laneko istripua
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakatletismo entrenatzailea eta langilea

José Merino Ferrer (León, 1950eko abuztuaren 27aBarakaldo, Bizkaia, 1988ko ekainaren 3a) atletismo entrenatzailea izan zen eta lan istripu baten ondorioz hil ostean, Ermuko Gaztela eta Leon Kultur Etxeak bere omenezko izena jarri zion jada korritzen zen lasterketari.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

León hiriburuan jaio zen eta 1979an etorri zen Ermura lanera. Zaldibarren ziharduen piezak leuntzen eta kromatzen jarduten zuen enpresa baten eta aisialdian, korrika egiteaz gain, beste batzuk entrenatzen zituen: atletismo taldeko umeekin hasi zen eta geroago nagusien entrenatzaile bilakatu zen.[1]

Gaztela eta Leon Kultur Etxeko bazkidea zen 1984tik eta elkarteak herrian antolatzen zituen ekintzetan beti parte hartzekoa zen.[1]

Lanean, makina batek eztanda egin izanaren ondorioz, larriki zaurituta eraman zuten ospitalera eta hiru egunera hil zen, istripuan kaltetutako beste hiru lankideak bezala.[1]

Jose Merino Memoriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ermuko Gaztela eta Leon Kultur Etxeak hiri-lasterketa bat antolatzen zuen, elkarteko bazkide eta haien seme-alabei zuzendutakoa eta urte batzuetara Ermuko Cross Lasterketa deituko zutena. Ordutik aurrera bete-betean sartu zen Jose Merino kirol horretan eta denboratxoa eman zuen korritzen eta entrenatzaile gisa, harik eta lan Istripua gertatu zen arte.[1]

Hil eta hilabete batzuetara, udazken berean, elkarteko lagun eta bazkideen ekimenez, Cross Lasterketak izena aldatu zuen eta Jose Merino Memoriala deituko zen aurrerantzean. 1988a zen eta ordutik COVID-19ren ondoriozko 2020. urtearen eten bakarrarekin burutu izan da.[1]

Hasieran bazkideak bakarrik parte hartu ahal zuten modura, gerora edonork izena emateko aukera zabaldu zen. Inguruko herrietako korrika zaleen artean lasterketa ospetsua da eta Ermutik kanporako antxitxiketalari ugari gerturatzen da urtero bertara.[1]

Lasterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irailaren azken zapatuan edo urriaren lehenengoan ospatzen den hiri ibilbidea da, 10 kilometrokoa, zirkuitoari lau bira emanez osatzen dena: lasterketa Zubiaurre kalean abiatu eta kalez kaleko ibilbidea egiten du: Baldespinako Markesa, Diputazio, San Pelaio, VI. Mendeurrena, Okinzuri eta berriro Zubiaurre, hasiera lekuraino.[1]

Kategoria desberdinetan korritzen dute parte-hartzaileek. Elkarteko kideak arduratzen dira aurreko eta eguneko antolaketaren gora behera guztiez, hainbat erakunde, taberna eta enpresen babesarekin.[1][2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i Elkartea, Euskal Birusa. (2021-09-21). «Drogetenitturri, 303 zenbakia (2021eko iraila) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).
  2. Beldarrain, Gabriel. (2023-10-04). «Gabriel Beldarrain: XXXV Memorial José Merino. Ermua» Gabriel Beldarrain (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]