Jose Mari Aleman

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Mari Aleman Amundarain» orritik birbideratua)
Jose Mari Aleman

Bizitza
JaiotzaUrretxu1948ko abuztuaren 6a (75 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakilustratzailea

José María Alemán Amundarain (Urretxu, 1948ko abuztuaren 6a) ilustratzaile gipuzkoarra da.[1] Donostian arte eta dekorazio ikasketak egin zituen eta urteak eman ditu dekoratzaile eta eszenografo lanetan; ETBko hainbat saiotako eszenatokien sortzaile izan zen 80ko hamarkadan. Hala ere, hainbat aldizkari eta argitaletxerekin egin du lan eta 1968az geroztik.

Ilustratzaile ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostian arte eta dekorazio ikasketak egin zituen. Bitarte horretan delineatzaile lanetan ziharduen familiak Zumarragan zuen enpresan. 1969. urtean Gil Saralegui-ren estudioan laguntzaile moduan jardun ostean, 1971. urtean ekin zion dekoratzaile lanari Joaquín Lizarragarekin batera. 1973an, Well deituriko bere lehen dekorazio estudioa eraiki zuen Hernaniko Zapirain anaiekin elkarlanean. 1978 arte iraun zuen enpresa honek, urte horretako abuztuan Ertamerikako Turística de Pacífico enpresarentzat lanera joan baitzen bere familiarekin batera. Bi urte beranduago Donostiara itzuli zen, baina ez denbora luzerako, zortzi hilabeteren buruan berriz Ertamerikan baitzen. Aldi horretan, Ekuadorreko Guayaquil hiriburura joan zen Nelson Riofrío arkitektoarentzat lan egitera. 1983. urtearen erdi aldera arte jardun zuen honentzat lanean eta urte horren beste erdian zehar diseinuan eta publizitatean oinarritutako beste zenbait enpresekin kolaboratu zuen berriz Euskal Herrira itzuli aurretik.

Donostian berriz ere dekoratzaile lanari heldu zion eta 1985ko irailean eta Euskal Telebistarentzat eszenografo moduan lanean jardun zuen 1988 urterarte. Ordu osteko bi urteetan, ETB-rekin eta K.2000-rekin kolaboratu zuen, Irusoin-en zinemagintzaren animazio proiektu batean. 1990 urtea Publibi enpresarentzat lanean eman zuen ilustratzaile moduan.

Orduz geroztik, ilustrazio eta diseinu grafikoaren arloan autonomo moduan jardun zuen. El Diario Vasco egunkariarekin kolaboratu zuen, hasiera batean karikaturagile modura eta argitalpenetako ilustratzaile modura gero. Lehendik ere egina zuen antzeko lanik, Devórame eranskinaren Heavy Potroll tira komikoarentzat hain zuzen ere 1985. urtean. Kutxarentzako 1995 eta 2005 urteen artean izandako gertakari garrantzitsuenen 60 laminako seriea ilustratu zuen Gipuzkronika proiektuaren baitan. Horretaz gain, urte haietan beste hainbat publizitate agentzia eta enpresentzako ilustratzaile lanak burutu zituen.

Beti txandakatu izan ditu bere dekoratzaile ofizioa eta margoarekiko nahiz ilustrazioarekiko duen afizioa. Hainbat aldizkari eta argitaletxeekin egin du lan eta 1968az geroztik hainbat lan jarri ditu erakusgai Gipuzkoa, Bilbo, Gasteiz, Baiona, Bartzelona eta Sevillan. Eraskusketa kolektiboetako partaide izan da eta sariren bat aitortu izan zaio. El Salvador-eko egonaldian, Ertamerikako Xerox Sarian herrialdearen ordezkari izateko hautatua izan zen beste sei margolarirekin batera eta Guayaquil-eko egonaldian berriz, Uztaileko Aretoa-n parte hartu zuen.[2]

Ilustrazio teknika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ilustratzaile lanaren ezaugarri nagusiena, bere irudietan ikus daitekeen lerro itxi gogor eta markatua da, obretako pertsonaiak testuinguru objetual eta arkitektoniko sinple nahiz konplexuetan kokatzen dituena. Ilustraziook marko batez inguraturik aurkeztu ohi ditu, eginiko lanak koadro batean sartuta daudela diruditelarik.

Jose Mari Alemanek sortutako irudia: Donostiako Udalarentzat postala

80. hamarkada da bere ilustrazioen garai oparo eta aipagarriena. Haur eta Gazte Literaturan ipuinak, aldizkariak, testuliburuak, jokoak, pegatinak eta haurrei zuzendutako produktuen katalogoak ilustratu ditu. Baina batzuk azpimarratzekotan, Abarrak (1980), Osaba Txominen eskola (1980) eta Gela hegalaria (1984) obren ilustratzioak, Euskal Herriko familien karta sortaren ilustrazioak (1985) eta haur joko ezberdinen ilustrazio oparoak azpimarratu behar dira. Arlo komikoan edota komikigintzan ere lan handia egin du nahiz eta hau ilustratzaile honen lehentasunezko arloa ez izan. Euskeraren ikaskuntzara bideratutako hainbat argitalpen instituzionalentzat eta iragarkigintzaren arloarentzat gidoi grafikoak eta ilustrazio sekuentzializatuak ilustratzen jardun du. Esaterako, hortik ateratako emaitzak izan dira IX (Zeruko argia, 1977), Nola jaio nintzen (EREIN, 1978), Ecuador-eko aldizkari batean argitaratutako Uno más en la familia (1983) eta Ipurbeltz, Habekomik, Komikia III... bezalako medioetan argitaratutako beste hainbat ilustrazio komiko. Hauetan askotariko gaiak landu ditu, hala nola, haurrentzako zein helduentzako sexu eta familia heziketa, humore politikoa, euskal kulturaren erreferenteak...[3]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Mari Alemanek, hainbat obra ilustratu du orain arteko bere ilustratzaile ibilbidean zehar. Honakoak dira hainbat idazlerekin elkarlanean sortu dituen obrak:

  • Osaba Txominen eskola (H.B Stowe. Itzultzailea: Arantza Sarriegi. ELKAR, 1980)
  • Abarrak (Kirikiño. Itzultzailea: Angel Ugarteburu. ELKAR,1980)
  • Gela hegalaria (E. Kastner. Itzultzailea: Lurdes Izagirre. ELKAR, 1984)
  • Historias viejas, paredes nuevas (J. Agirre. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, Hirigintza eta Arkitektura Departamentua, 1994)
  • Épicos, pícaros y disonantes (J. Agirre. Donostia-San Sebastián: Michelena, 1995)
  • Basamortuko malkoa (A. Urretabizkaia. Erein, 2001)

Baina obra ezberdinei irudiak esleitzeaz gain, berak idatzi eta ilustratutako honako obrak sortu eta argitaratu ditu:

  • ALEMAN, J.M. Nola jaio nintzen (EREIN, 1978)
  • ALEMAN, J.M. Uno más en la familia (1983)

Hauetaz gain, hainbat libururen azalak, ilustrazioak, deiseinuak eta maketak egin ditu.[4][5]

Jose Mari Alemanek hainbat kolaborazio lan egin du eta egiten du bere ibilde profesionalean, hala nola, Auñamendi Euskal Entziklopedian, El Diario Vasco, Euskal Telebista, K.2000 eta Publibi bezalako entitate edo instituzioetan.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren ilustratzaileak.. .
  2. Auñamendi Eusko Entziklopedia.. .
  3. Jose Maria Aleman web-gunea .. .
  4. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren ilustratzaileak. .
  5. WorldCat. .
  6. Jose Maria Aleman Amundarain.. .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jose Mari Aleman