KV13
KV13 | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Egipto |
Egiptoko gobernadore-herria | Luxor Governorate |
Hiria | Luxor |
Koordenatuak | 25°45′00″N 32°36′51″E / 25.75°N 32.6143°E |
Erabiltzailea | Chancellor Bay (en) |
Arkitektura | |
Dimentsioak | 71,37 () m |
Azalera | 180,99 m² |
KV13 Egiptoko Luxor hirian dagoen Erregeen Haraneko hilobi bat da. Bay kantziler boteretsuarentzat eraiki zen, Egiptoko XIX. dinastia amaierako pertsonaia ilun bat, baina Egiptoko XX. dinastian bererabiliko zen bi errege printze hilobiratzeko.
Marko historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Merenptah erregea desagertu ondoren, XIX. dinastia gainbehera joan zen, eta berarekin batera, herrialde osoa. Nubiako erregeordearen eta Tebaseko Amonen apaizen presioak erregearen irudia ordezkari soil bihurtu zuten, bere eragina Goi Egiptora ere apenas iristen zelarik. Soilik hala azal daiteke Amenmesesen usurpazioa Tebasen, Pi Ramsesen legezko erregea zen Seti II.aren aurka.
Garai nahaspilatsu eta kaotiko hartan Bay agertu zen, errege eskriba Seti II.aren agintaldian. Bere partehartzea funtsezkoa izan zen Siptah (Amenmeses edo Setiren semea) haur herrena tronuratzeko orduan, erraz maneia zitekeen faraoi bat. Bayren botereak, Kantziler izendatua, zalantzarik gabe itzela izan behar zuen, erregearen mesedeekin Erregeen Haranean hilobi bat eraikitzearekin saritua izan baitzen.
Dena dela, Bayk hilobia sekula ez zuela erabili uste da, eta hilobia amaitu gabe zegoela Bay hil zenean. Desadostasunak daude hau gertatu zen garaiari buruz. Batzuk kantzilerra Siptahren erregealdi laburrean hil edo gainbehera erori zela uste duten bitartean, badago Tausert erreginarekin batera estatu kontuetan berebiziko papera bete zuela uste duenik ere. Tausertekin batera anarkia eta gerra zibila eragin zituen Iarsu izeneko mamuzko errege baten zurrumurruak Bayren azken pausuen ohiartzuna izan liteke.
Hilobiaren deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]KV13 haraneko hegomendebaldeko uadiaren amaieran dago, Bayk, bizi izan zen bitartean zerbitzatu zituen errege-erreginak izan ziren Seti II.a (KV15), Siptah (KV47) eta Tausert (KV14)en hilobien ondoan. Eta, hilobi hau aipaturiko hiru errege-erreginenekin alderatuz gero, txikiagoa baldin bada ere, tokiaren oinplanoa errege baten hilobiaren parekoa da.
Bayren hilobiak Tauserteanak zutabeen ganberara iritsi arte dituen gela eta proportzio ia berberak ditu. Ganbera honen aurretik, ez dira falta sarrera, beheranzko hiru korridoreak eta, hil errituan baltsamatze putzu papera betetzen duen areto txiki bat, egitura hau ez duen arren. Honen ondoren bi pasabide gehiago daude, azkenak, eskuinean, ondoko bi ganbera sekundario dituelarik. Ez dago aurreganberarik, zuzenean kripta edo hilobiaren ganberara iristen da. Itxura denez, Bay hilobia amaitua izan baino lehen hil zen, ondoko ganberetako bat eta hil ganberaren zulaketa eta ondorengo apainketa amaitu gabe geratu zirelarik.
Apainketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hilobiaren zulaketa amaitu baino lehen jada hasi zen lehen eremuen apainketa, ohi zen bezala, eta beraz, kantzilerrarentzako ziren margoetako asko identifikatu ahal izan dira. Hilobiaren kokapenak tokia hondakinez bete duten eta freskoak zein arkitektura larriki kaltetu dituzten lau uholde behintzat jasatea eragin du.
Hala eta guztiz ere, eskena gehienak ezagutzen dira eta KV13, hasieran, KV14 hilobiaren bikia zela ondorioztatu da; biek dituzte antzeko neurriak lehen geletan, eta ia puntuz puntu, bat datoz apainketa proiektuan. Gertaera hau ez dago ondo azaldua, baina oso litekeena da XIX. dinastiaren amaierako boterearen ordezkariak ziren Tausert erregina eta Bayk euren aliantza hil ondoren ere jarraitzea adostu izana.
Dena dela, eta hilobia XX. dinastian zehar berrerabilia izan zenez, Bayri buruzko aipamen gehienak ezabatuak eta jabe berrien eta hauen amen izenengatik ordezkatuak izan ziren. Bi ramesidar printze hauen nortasuna ezagutzen da, baina ez noren semeak ziren: Bertan lurperatua izan zen lehena Amenhirikhopshef izan zela uste da, eta honen ondoren Mentuhirikhopshef (izen bera duten arren, ez da probablea hau KV19 hilobi bezala duen printze bera izatea), beharbada Ramses III.aren semeak.
- Bigarren korridorerako sarreran alboetan Isis eta Neftis jainkosak dituen eguzki diskoaren presentzia adierazten duten arrasto ahulak ikus daitezke, errege hilobi guztietan bezala. Pasabide honetan zehar Bay kantzilerra zenbait jainko gurtzen (Osiris, Ra-Horakhti eta euren nortasuna hilobiak jasandako kalteen ondorioz galdu den beste batzuk) erakusten duten jatorrizko eskenak ikusi ahal izan dira, baita faraoi bat ere, ustez Siptah izan daitekeena.
- Hurrengo bi korridoreen apainketa deszifratzea are zailagoa da, Hilen Liburuko eskenaren batzuk geratzen dira, baita Bay zenbait jainko gurtzen erakusten dituzten beste batzuk ere. Bere aldetik, putzuaren gelako margoa erabat ezabatua izan da, baina litekeena da bertan jainkoen eskena gehiago egotea.
- Azken honetan bezala, zutabeen ganberan eta honen jarraian dauden korridoreetan, margoak egin ziren igeltsua lokaztutako urak eraman zuen, eta erabat galdu da. Gainera, ziur ezagutzen da hil ganbera ez zela apaindua izan Bayren desagerpenaren ondorioz. KV13 izan da Erregeen Haranak jasandako uholdeen ondorioz kalte gehien jasan dituen tokietako bat.
Indusketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]KV13 antzinarotik ezagutzen da, eta zenbait alditan adierazi eta bisitatua izan zen:
- Richard Pocockek 1737-1738an, kokapen plano bat egin zuena.
- 1799ko Napoleondar espedizioa, beste horrenbeste egin zuena.
- Giovanni Belzonik 1817an
- James Burtonek 1825ean, honek ere plano bat egin zuelarik.
- Hartwig Altenmüllerrek 1988 eta 1994 bitartean, lehen aldiz industua izan zelarik, aurkikuntza harrigarriak eginez. Altenmüllerrek gidatutako espedizioak hilobia hondakinez garbitzea eta ontzi kanopoen, ushebtien eta ontzien zatiak argitara eman zituen, guztia ramesidar printzeen lurperaketei zegozkienak.
Altenmüllerrek Bay, ziuraski toki honetan lurperatua izan ez zela ondorioztatu zuen, berari zegozkion hil objekturik ez egoteak frogatzen duen bezala. Bestalde, hilobian granitozko kanpoko bi sarkofago handi aurkitu ziren, bat Mentuhirikhopshefi dagokiona azken korridorean eta beste bat Amenhirikhopshefena hil ganberan. Azken hau Tausert erreginari zegokiona da, baina printzeak usurpatu zuen, erregina baten ohikoa zen putre formako apaingarria errege semeen alboko adatsagatik aldatuz. Bi printzeen momiak ez zeuden han.