Kaiku (ontzia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau lanabesari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kaiku».
Kaikua.

Kaikua, abatza eta goporra Euskal Herriko artzainek jeitzitako esnea biltzeko erabili ohi zuten zurezko ontzi heldulekudunak dira.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etimologo batzuen ustez, kaiku hitza latineko caucus hitzetik dator eta hau, berriz, grekerako kaúke hitzetik. Esan orain dela bi mila urte Estrabonek lanabes honen aipua egin zuela.

Bestalde, euskal kulturgile diren Telesforo Aranzadi, Joxemiel Barandiaran eta Antxon Agirre Sorondoz gain, kaikua, beste hainbat antropologo eta etnologoek ere aztertua izan da; Ramon Violant i Simorrak eta Julio Caro Barojak, adibidez.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaikua artzainen funtsezko osagarria da, eta aspaldi-aspalditik dago Euskal Herriko artzain-tradizioarekin lotua. XII. mendean hasi ziren, beranduenez, esnea biltzeko bi kirteneko ontzia erabiltzen. 1197. urtean argitaratutako Nafarroako Antso Azkarraren biblian dago objektuaren eskualdeko lehen lekukotasuna. Birkide Santua agertzen da behi bat jezten, aurrean kaiku bat duela, behiaren errapearen azpian, eta bere atzean beste bi.

Baina kaikua tradiziozko objektua baino gehiago da. Mendez mende, ez da batere aldatu; batetik, itxura estetiko berezia duelako, noski; baina, batez ere, sofistikatua eta zinez praktikoa delako. Hasiera-hasieratik, kaikua jezteko urrats guztiak ongi egin ahal izateko pentsatua da: esnea hartzea, kontserbatzea eta transformatzea. Forma funtzioaren araberakoa du, behar oso berezi bati erantzuteko sortua baita.

Materiala eta diseinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urkiaren zurez egiten da kaikua. Urkia arina eta sendoa izateaz gain, euskal oihanetan ugaria da. Bestalde, urkiak ez du hezetasunik xurgatzen eta berotasuna ere ongi jasaten du. Artzainek erraz garraiatu dezaketen tresna da kaikua, batere hausteko beldurrik gabe. Gainera, harri gori bat sartu ahal zaio, esnea gatzatzeko eta mami goxoak egiteko.

Kaikuak praktikotasuna bere diseinuari zor dio. Aldeek 45° eta 55° arteko makurdura dutenez, esnea ontziaren hondoraino isurtzen da, honela batere zipriztinik bota gabe. Bestalde, kaikuak bi kirten ditu; bata, gainaldean, erdirantz itzulia eta bestea berriz alde batean.

Tamainaren arabera berriz, bi eginkizun nagusi ditu: handiena, esnea gordetzea da eta txikiena gatzatua zerbitzatzea.

Ontzi berean egiten da guztia: garraiatu, egosi eta zerbitzatu.

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaikuak mendiko artzain gutxi batzuentzat ezinbesteko tresna izaten jarraitu arren, gaur egun, orokorrean, apaintzeko erabiltzen da.

Esan, badela Nafarroan familia bat, zeinek gaur egungo beharretara egokituta, portzelanazko kaikuak egiten dituen. Kaiku hauek betiko nortasuna mantentzen dute. Bilduma honi Kaiku izena eman diote.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]