8-13 urtekoentzako bertsioa ikusteko, klikatu hemen.

Telesforo Aranzadi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Telesforo Aranzadi
Telesforo Aranzadi zientzialari bergararra.jpg
Bizitza
Jaiotza Bergara1860
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Bartzelona1945eko otsailaren 12a (84/85 urte)
Hezkuntza
Heziketa Granadako Unibertsitatea
Hezkuntza-maila Doctor of Sciencea
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak antropologoa, unibertsitateko irakaslea, zoologoa, botanikaria eta idazlea
Enplegatzailea(k) Granadako Unibertsitatea
Bartzelonako Unibertsitatea
Kidetza Royal Academy of Sciences and Arts of Barcelona

Telesforo Arantzadi Unamuno (Bergara, Gipuzkoa, 1860 - Bartzelona, 1945eko otsailaren 12a) euskal herritar antropologo bat izan zen. Aranzadi Zientzia Elkarteak haren omenez darama izena.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak Madrilen egin ondoren, farmazian (1882) eta zientzi naturaletan (1889) doktoratu zen. Bitartean antropologiaz zaletzen hasia zen. Arlo honek haren bizitzaren ardura nagusia beretu zuen, beste eremu askotan lan egin bazuen ere: marrazkigintza, musika, etnologia, paleontologia, etab. 1891. urtean, hogeita hamaika urte zituela, Parisko Antropologia Elkarteak saritu zuen El pueblo euskalduna lanarengatik, euskal arrazari buruz ikuspegi antropologikotik egindako lehen ikerlanetakoa, hain zuzen. 1895ean Granadako Unibertsitatearen Farmazia Fakultateko Mineralogia eta Zoologia katedra eskuratu zuen. 1899an Bartzelonako Farmazia Fakultateko Botanika katedra lortu zuen, eta behin betiko egoitza bertan finkatu. 1917an Bartzelonako Unibertsitateak Antropologia katedra ezarri zuen, eta Aranzadi hautagai bakarra izendatu.

Arkeologia lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1905. urtetik aurrera Euskal Herriko leize, harrespil eta trikuharriak aztertzeari ekin zion. 1917an bera baino hogeita hamar urte gazteago zen Jose Migel Barandiaran ezagutu zuen, eta Enrique Egurenekin batean Aralarko trikuharriak ikertu zituzten hiruek. Aralarren eta Euskal Herrian barrena egindako lanen lehen emaitzak 1921eko Eusko-Folklore Urtekaria agerkarian plazaratu ziren europar etnologoen laudorioak bilduz. Hogei urteko azterlanaren bidez antropologia eta paleontologia datu garrantzitsu ugari bildu zuen Aranzadik.

Hego Euskal Herri osoan egindako bilketa lanez gain, Iberiar Penintsulako geografian zehar ere lan asko egin zuen (Katalunia, Sierra Nevada, etab.). Bere indusketa lanak berak bakarrik edota lankide batzuekin Ansoleaga, Eguren, Barandiaran, etab. egiten bazituen ere, nabarmentzekoa da Luis de Hoyos Sáinz irakaslearen lankidetza. Arantzadi-Barandiaran-Eguren historiaurreko ikerketarako lan-taldea horrelaxe sortu zen, 1936ko gerra zibilak hiru ikerlariak sakabanatu zituen arte. Antropologia, Etnologia edo Natur Zientzien alorreko Elkarte askotako kide izan zen: Moskuko Historia Natural, Antropologia eta Etnografiaren Adiskideak (1910); Portugaleko Antropologia eta Etnografia Elkartea (1919); Erromako Antropologia Elkartea (1921); Madrilgo Real Academia de la Historia (1924); Berlingo Instituto Arkeologikoa, etab. Europan egiten ziren topaketetan esku hartu ohi zuen.

1936. urtean bere aurkikunde garrantzitsuenetakoa egin zuen: Euskal Herrian ordura arte inoiz aurkitu izan zen burezur zaharrena, hain zuzen. Itziarren eginiko aurkikunde horrek Madeleine Arora arte eraman zuen euskal arrazaren antzinatasuna. Gerra piztutakoan Bartzelonara itzuli zen eta bertan hil zen, 85 urterekin. Espasa Entziklopediako lankidea, Natur Zientziak eta Antropologia sailetan esku hartu zuen. Europako hizkuntza nagusiak ezagutzen zituenez, G. Humboldt, Frizzi, Haberlandt eta beste zenbaiten lanak itzuli zituen. Antropologia (antropometria, kraneologia, etab.), etnografia eta geografia alorreko lan ugari argitaratu zuen atzerriko zein Espainiako aldizkari espezializatuetan. Bertako aldizkarietan ere artikulu asko argitaratu zuen, «RIEV», «Euskalerria», «Euskalerriaren alde», «Yakintza», «Hermes», etabarretan. Liburuen, artikuluen eta beste argitalpenak bilduz, guztira hirurehun idazlan eman zituen argitara.

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1985eko abenduan, Telesforo Arantzadiren omenezko Astea antolatu zuten Bergaran. Aste hartan, Bergarako ikertzaile ospetsu honen nortasuna eta lanak glosatu zituzten hainbat hitzaldi egin ziren. Azkenik, astea amaitzeko, Jose Miguel Barandiaran buru zuen ekitaldi batean, Telesforo de Aranzadi. Vida y obra deritzon liburua aurkeztu zuten, Angel Goikoetxea Markaidak idatzia eta Aranzadi Zientzia Elkarteak argitaratua. Gizon handi honen figura ahaztezina eta haren ekarpenak zirela eta, natur Zientzien Taldea (Aranzadi Zientzia Elkartearen lehenbiziko izena) sortu zutenek “Aranzadi” izena eranstea erabaki zuten.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]