Kanpaina Miresgarria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kanpaina Miresgarria
Kanpaina Miresgarriaren mapa data=1813ko urtarrilaren 8a1813ko abuztuaren 4a
Data1813ko ekainaren 24a
LekuaSan José de Cúcuta
Gudulariak
Venezuelar abertzaleak
Granada Berriko Probintzia Batuak
Espainiar Inperioa
Buruzagiak
Simón Bolívar
José Félix Ribas
Rafael Urdaneta
Atanasio Girardot
José María Ortega
Jacinto Lara
Domingo Monteverde
José Ceballos
José Tomás Boves
Eusebio Antoñanzas
Indarra
Hasieran 500 gizon eta 3.000 zaldi, ondoren 10.000 gizon Hasieran 4.000-17.000 artean, ondoren 5.000-6.000
Galerak
Ezezaguna +6.000 hil eta 3.000 gatibu

Kanpaina Miresgarria (gaztelaniaz: Campaña Admirable) Venezuelako Independentzia Gerrako kanpaina izan zen. Simón Bolívarrek zuzendu zuen eta Venezuelako mendebala askatzea lortu zen.

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1813ko maiatzaren 14an, Cúcutan (Kolonbia), Venezuelako Lehen Errepublikaren gainbeheraren ondoren, Simón Bolívarrek 'Kanpaina Miresgarria esan zitzaion martxa abiatu zuen, Venezuela Espainiako koroatik askatzea xede. Abuztuaren 6an Bolivarren armada Caracasen sartu zenean herritarrek miresmenez, txaloz eta lorez hartu zuten garailea[1].

Kanpaina militarra abiatu aurretik, 1813ko urtarrilean, Antonio Nicolás Briceño buruzagi venezuelarrak, aldeko beste hainbat ofizialekin batera, Venezuela askatzeko plan zuzen eta gordina diseinatu zuten: Cartagenako Hitzarmena. Hona hemen dokumentuaren pasarte batzuk[1]:

« Bigarrena: gerra honen helburu nagusia Venezuelatik Europako espainiarren arraza madarikatua deuseztatzea denez, Kanarietako uhartetarrak barne, espainiar guztiek galarazita dute espedizio honetan parte hartzea, abertzale zintzoak iruditu arren, horietako bat bera ere ezin delako bizirik geratu, eta horretan ez delako inolako salbuespenik onartuko (...).


Hirugarrena: askatutako lurraldeetako Europako espainiarren jabetzak lau zatitan banatuko dira: bata, espedizioan parte hartu duten ofizialen artean, graduaren araberako zatitan banatuta; bigarren zatia soldaduei dagokie; eta beste biak, Estatuari. Zalantzazko kasuetan, bertan dauden ofizialek gehiengoz erabakiko dute auzia (...).

Bederatzigarrena: ordainsaria lortu edo gradua igotzeko eskubidea izateko, nahikoa da hildako espainiarren edo kanariarren buru kopuru jakin bat aurkeztea. Hogei aurkezten dituen soldadua jarduneko banderadun izendatuko da, lotinant graduak 30 buru balio du, kapitain graduak 50....

»


Aldarria dekretu bihurtu zuen Simón Bolívarrek 1813ko ekainaren 15ean, kanpaina hasi eta hilabetera eta berehala betearazi zuen. Kanpainaren bidean europar eta kanariar guztiak fusilatu zituzten, ia salbuespenik gabe. 1814ko otsailean, espainiarrek kapitulatu zutenetik hainbat hilabete igaro arren, Juan Bautista Arismendik Caracaseko 886 preso espainiar fusilarazi zituen, Bolivarren aginduz. Handik egun gutxira, La Guaira ospitaleko 500dik gora gaixo espainiar gora hil zituzten[1].

Espainiarrak garbitzeko dekretu haren gordintasunez jakitun, Bolivarrek berak espainiarren iraganeko basakeriak erabili zituen justifikaziotzat: Venezuelako lehen errepublikaren porrotean Domingo Monteverderen armadak egindako krimenak, 1810ean Quitoko independentzia ahalegina gogor zapaldu izana... Dekretua 1820ko azaroaren 26ra arte egon zen indarrean, Bolivarrek eta Pablo Morillo espainiarrak gerra arautu eta bi aldeen gehiegikeriak mugatzea negoziatu zuten arte[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Irazustabarrena, Nagore. (2015-10-18). «Bolivar eta espainiarrak garbitzeko bidea» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]