Edukira joan

Katsushika Ōi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Katsushika Ōi

Bizitza
JaiotzaEdo, 1800
Herrialdea Japonia
Lehen hizkuntzajaponiera
Heriotza1866 (65/66 urte)
Familia
AitaKatsushika Hokusai
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakjaponiera
Jarduerak
Jarduerakmargolaria eta ukiyo-e artista
Lantokia(k)Osaka

Katsushika Ōi (japonieraz: 葛飾 応為 c. 1800c. 1866?) , Ei[1] (japonieraz: ?) izenarekin ere ezaguna, Japoniako emakumezko margolari bat da, XIX. mende bukaerakoa eta Edo Arokoa. Ukiyo-e estiloa landu zuen.

Ama Katsushika Hokusai margolari ezagunaren bigarren emaztea izan zen. Aitaren laguntzailea gisa trebatuta, Ōi margolari bikain eta oparoa izan zen, eta bere garaian nolabaiteko ospea ere bereganatu zuen, aitaren itzalean lan egin bazuen ere.

Katsushika Ōiren jaiotze eta heriotza data zehatzak ez dira ezagunak. Diotenez, Hokusaik 37 urte zituen jaio zenean, Kansei Aroko 12. urtean (1800. urtean gutxi gorabehera).[2]

Umetan, Ōik eta bere anai-arrebek aitari lagundu zioten familiaren dendan, aitaren eta bere ikasleen ondoan lanean eta ofizioa ikasten[3].

Ōi Minamisawa Tōmei artistarekin ezkondu zen 1824an. Ez ziren ongi moldatzen, eta Ōik artista txar barregarritzat zuen bere senarra. 1827an dibortziatu eta aitaren etxera itzuli zen. Garai hartan ama ere hil zenez, aita zaindu eta laguntzeari lotu zitzaion hortik aurrera, bere obra lantzeari utzi gabe. Aita hil ondoren, 1849an, familiarengandik eta ikasleengandik aldenduta bizi izan zen Edo-n (Tokioren izena garai hartan), eta 1866an hil zen, ez dago argi non[2].

Margotzeko talentu nabarmena zuen, garaiko artista batzuek ere aitortuta, eta Hokusaik berak ere esan omen zuen Ōiren bijin-ga (emakume ederren erretratuak) margolanak bereak baino hobeak zirela.[2]

Tsuyuki Iitsuk, Hokusairen azken urteetako ikasle batek, esan zuenez, Ōi eszentriko samarra zen, aita bezala, eta anbizio eta eskuzabaltasun handikoa aldi berean, eta emakume santua bihurtu nahi zuen, xian bat alegia.[2]

Katherine Govier idazle kanadarrak Ōiri buruzko eleberri bat idatzi zuen: The Ghost Brush edo The Printmaker's Daughter (2010)[4].

Eta margolariaren bizitza kontatzen dute, halaber, Hinako Sugiuraren Sarusuberi izeneko mangak (1983-87), eta horretan oinarrituta Keiichi Harak egindako animeak (Miss Hokusai, 2015).[2][5]

Makate Asai idazleak Ōiren bizitzan oinarritu zuen Kurara eleberria (2016), NHK telebista kateak telesail baterako egokitua 2017an: Kurara: Hokusai no Musume ("Kurara: Hokusairen alaba).

Ōik, nagusiki, ukiyo-e estiloko lanak egin zituen, bijin-ga (emakume ederren erretratuak) margolanak, adibidez, baina Txinako mitologian eta literaturan ohikoak diren gaiekin lotutako beste batzuk ere bai. Aitaren margolanetan ere parte hartu zuen eta, horrekin batera, keshi ningyō izeneko panpin berezi batzuk egin eta saltzen zituen, diru pixka bat irabazteko.

Bere lanetan berrikuntza batzuk ageri dira[2] tradiziozko margolanen aldean, esate baterako, argi-itzalen erabilera (Yoshiwara gauez), mendebaldeko perspektibarekin esperimentatzea eta eszenen dinamismoa (Hiru musikari).

Neska bat poema bat idazten gereziondoaren loreen azpian gauez izeneko margolana

Zorionez, Ōik erabaki zuen bere lan nagusiak sinatzea, eta horri esker iraun du bere memoria, baina aita hil ondoren bizitza publikotik desagertu izanaren ondorioz denbora luzez ezezaguna izan da bere lana, Hokusairen itzal artistikoak zokoratuta, eta lagundu egin du susmoa zabaltzen, aitaren lanetako batzuk ez ote ziren alabak eginak[6].

Gelditu diren lanak ohol margotu batzuk, irudi bilduma txiki bat eta liburuetarako ilustrazio batzuk besterik ez dira. Hauek dira ere lan nagusiak:

  • Yoshiwara Kōshisakinozu (吉原格子先図, Yoshiwara gauez), Ukiyo-e Ōta Memorial Museum of Art
  • Sankyokugassōzu (三曲合奏図, Hiru musikari), Museum of Fine Arts, Boston
  • Kan'u wari hijizu (関羽割臂図, Hua Tuo Guan Yu-ren besoaren ebakuntza egiten), The Cleveland Museum of Art
  • Courtesan at the New Year (Kortesana Urte Berrian), Prof. Dr. Med. Gerhard Pulveler Collection
  • Courtesan writing a letter (Kortesana eskutitz bat idazten), Dr. and Mrs. George A. Colom Collection
  • Ilustrazioak, E-iri nichiyō onna chōhō-ki (絵入日用女重宝記, Emakumeentzako liburuxka ilustratua), 1847
  • Ilustrazioak, Sencha jibiki no shu o Sencha tebiki no tane (煎茶手引の種, Sencharen hiztegitxoa), 1848
  • Gekka kinutauchi bijinzu (月下砧打美人図, Kinuta edo andre ederra ehuna jotzen ilargiaren argipean), Tokyo National Museum
  • Yozakurazu (夜桜美人図, Gereziondoaren loreak gauez), Menard Art Museum
  • Chikuri no fujizu (竹林の富士図, Fuji mendia banbu oihanetik ikusita)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Patricia Fister, Japanese women artists, 1600-1900, Lawrence, Spencer Museum of Art, 1988, OCLC 568963311.(Ingelesez)