Kaxarranka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Hainbat talde batera Kaxarranka dantza egiten

Kaxarranka Lekeitioko dantza da, San Pedro egunean, ekainaren 29an, egiten dena. Arrantzaleen kofradiako morroiak beste arrantzale batzuek lepo gainean hartzen duten kaxa baten gainean egiten du dantza. Alkandora eta praka zuriak, gerriko gorria, lepoko gorria janzten ditu eta eskuan txistera beltz bat eta San Pedroren giltzak bordatuta dituen bandera eramaten ditu. Dantzak lau zati ditu: Herriari agurra, fandangoa, arin-arina eta azken agurra.

San Pedro eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Petri eta San Joan Euskal Herriko hainbat herritan ospatzen da. Udako solstizioari lotutako jai-egunak dira. San Petri, Lekeition San Pedro, ekainaren 29an ospatzen da eta hurrengo bi egunetan ere jaia luzatzen da.

Kilin-Kala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekeitioko Kilin-Kala erritua. Txatxo kaian.

Egun handia ekainaren 29a da. Meza nagusia ospatzen da Santa Maria elizan eta meza amaitu eta gero prozesioa egiten da elizatik portura. San Pedroren irudia duen hormako hutsartearen parean prozesioan doazenek erritu zahar bat egiten dute, Kilin-Kala delakoa. Santuaren irudia daramaten gizonek Santua uretara botatzeko keinua egiten dute. Erritu honen jatorriari buruz hainbat azalpen zabaldu dira. Ohikoenak dio marinelek euren lanean oparotasuna eta seguritatea eskatzen ziotela santuari eta erdi brometan erdi seriotan santuari mehatxua egiten ziotela. Ahozko tradizioak dio behin baino gehiagotan erori zitzaiela santua uretara.

Kaxarranka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asier Uskola dantzaria San Pedro egunean dantzatzen

Kilin-Kalaren ostean ospatzen da Kaxarranka. Dantzaria, orain arte gizonezko bat beti[1], kutxatzar baten gainean dantzatzen da. Kutxatzar hori zortzi arraunlarien sorbalden gainean, airean egoten da. Dantzaria, beraz, lurretik bi metrotara edo dantzatzen da.

Kaxarranka dantza San Pedroren irudiaren aurrean egiten da Kilin-Kalan errituaren ostean, San Pedroren hormako hutsarteko irudiaren aurrean. Gero arrantzaleen kofradiako presidentearen etxearen aurrean eta Lekeitioko udaletxearen aurrean errepikatzen da dantza.

Aspaldidanik dokumentatutako erritua da, XV. mendetik. Badirudi hasieran kofradiako kideek urtero diruzain bat hautatzen zutela urteko mozkinak banatzeko. Ondasunak eta dokumenturik garrantzitsuenak kutxatzar bat gordetzen ziren. Ekainaren azken egunean kutxatzar hori ondo babestuta eramaten omen zen diruzain zaharraren etxetik hurrengo diruzainaren etxera. Ondo babesteko kontu horrekin hasi omen zen kaxarranka dantzaren tradizioa.

Kutxatzar hori arrantzaleen kofradian ondo gordetzen da urtean zehar eta gaur egun balio handiko dokumentu edo ondasunik gordetzen ez badu ere, kaxarranka dantzarako erabiltzen da. Dokumentatuta dago aspaldian erabiltzen ziren janzkerak oso bestelakoak zirela. Dantzaria Petri apostuluaren rola jokatzen omen zuen eta bere alboan San Joan eta Ander Deuna rola jokatzen zuten beste bi gizon joaten omen ziren. Kontuak polemika handiak sortu zituen XVII. mendean itsasgizon eta elizgizonen artean. Hamarkadetan luzatu ziren gatazkak eta azkenean apaizen tesiak irabazi eta itsasgizonek janzkera aldatu zuten. Polemika horiei esker tradizioari buruz hainbat dokumentu gorde dira.


Kanpoko lotura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Lekeitioko Kaxarrankan emakumeak lehen aldiz», Argia, 2017ko ekainak 30, . Noiz kontsultatua: 2017ko uztailak 2.