Kemijärviko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Glaziarrak urtu zirenean lehen gizakiak iristen hasi ziren paraje hauetara, baina aurkitu diren aurkikuntza zaharrenak k.a. V. mendekoak dira. Eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena eman zitzaion eta Kemijoki ibaiaren inguruan antolatu ziren, baso eta lurralde hauek eskaintzen duten emankortasun guztitik hurbil.

Harri Aroan, Suedia iparraldeko eta Itsaso Zuriko biztanleak iritsi zirela uste da. Samitarrak, kultura guzti hauen nahasketaren eta ondoren iritsi ziren Fino-Ugriar taldeen baturaren ondorio dira. Honenbestez, samitarrak izan ziren udalerriko eta Lappi lurralde finlandiarreko biztanle bakarrak XX. mende arte. Udalerrikoak, kemiko samitarrak deitura hartzen zuten eta neguan gehien bat ehizaz bizi zirenez, erdi-nomadak zirela esan daiteke; udan aldiz, Kemijoki ibaiko arrainez eta fruituez elikatzen ziren. Hala ere, ez zaizkigu lehen biztanle hauen aztarna gehiegirik gelditzen gaur egun eta kristautasuna iritsi bezain pronto, XIV. mendean, iparralderantz jo zutela uste da.

Gaur egungo herria, 1580. urtean sortu zuten Oulutik iritsitako Anna Laurintytär Halonenek eta bere senarra Paavali Ollinpoika Halonenek. Bertan, lehen etxeak eraiki zituzten eta gutxinaka euren ahaideak eta inguruko herrixketako biztanleak bertan biltzea lortu zuten [1].

Udalerria Errusiako Inperioaren esku gelditu zen 1809. urtean, Suediak Finlandiako Gerra galdu ondoren, eta Kemijärvi Finlandiako Dukerri Handiaren barnean finkatuta gelditu zen. Urte hauetan, inguruko udalerrien hazkundea eman zen, Sodankylä, Rovaniemi eta Kemi-Tornio inguruko portuena esaterako, eta udalerria, garai berriak asetzeko behar zituen produktuak (zura esaterako) lortzeaz arduratu zen. Inguruko udalerrien hazkundea buztanetik heltzea lortu eta lehen azpiegiturak iristen hasi ziren; errepideak eta trenbide-sarea esaterako.

Azkenean, jatorriz bertakoak ziren biztanleak, kemiko samitarrak, garai berrien haizeak etorri bezain laster eta Finlandiak 1917. urtean independentzia lortu baino lehen desagertu egin ziren, eurekin kemiko samiera hizkuntz berezia eta kultura eramanez. Hala ere, Errusiako Iraultza zela medio, errusiako samitarrak, skolt samitarrak iristen hasi ziren udalerrira eta besteen hutsunea bete zuten elur-orein abeltzaintzari gogor ekinez.

Finlandiak 1917. urtean independentzia aldarrikatu zuenean SESBko muga gori-gorian jarri zen. Hala ere, aldarrikapena lasaitasun handiarekin eroan zen II. Mungu Gerrak Europa kontinente zaharrean eztanda egin zuen arte. Finlandiarrak, sobietarren beldur ziren eta Alemania naziarekin tratuetan zebiltzan zurrumurrua zabaldu zen. Honek, Neguko Gerra bultzatu zuen eta udalerriak gertutik ikusi zuen arriskua; hala nola, Salla inguruko herrixketako hainbat biztanle etxez aldatu baitzituzten edo bertara ihes egin behar izan baitzuten. Azkenik, lehen aipatutako udalerriaren zati garrantzitsua hartu ondoren, bake-akordioak, gerra urrunarazi zuen Kemijärvitik.

Hala ere, 1941. urtean Jarraipenaren Gerraren eskutik iritsi zen berriro gaitza, oraingo honetan alemaniarrak sartu zirelarik jokoan. Hauek, mugetan kokatu ziren eta udalerrian, hainbat bataila bizi izan ziren sobietarren eta nazien artean, tarteko hainbat bizilagun axolagabe akabatuz. Alemaniarren porrotaren ostean, finlandiarrek bake-akordio bat sinatu behar izan zuten SESBekin, eta alemaniarrak haserre, Kemijärviko hainbat herrixka suntsitu zituzten Rovaniemi hiribururako bidean (Rovaniemiko Bataila).

Basogintzan erabiltzen diren urki zilarkarak.

Gerra ondoren, Kemijoki ibaia bihurtu zen udalerriaren erdigune. Bertan, zentral hidraulikoak ezarri zituzten eta herrialdea energiaz hornitzeaz arduratu zen 60ko hamarkadan. Honek, bultzada handia eman zion ekonomiari eta laster igaro zuen 10.000 biztanleko muga, 1973. urtean Kemi, Rovaniemi eta Tornio hiriekin batera eskubide osoko hiria bilakatuz. 1973. urtean Kemijärvi deitura zuten bi herriak batu egin ziren eta hiri edo finlandieraz "kaupunki" titulua jaso zuen [2].

90eko hamarkada hasieran aldiz, ekonomia finlandiarrak hondoa jo zuen. Hainbat faktorek eragin zuten ekonomiaren gainbehera, baina garrantzitsuenetarikoa, SESBen desegitea izan zen. Ondorioak langabeek jasan behar izan zuten gehienbat, eta hauen kopurua izugarri hazi zen, batez ere oinarri industriala zuten udalerrietan. Herrialdea EBn sartu ondoren, ekonomia suspertu egin zen baina Kemijärvin industria garatu gabe zegoenez, atzean gelditu eta apurka biztanleak ihes egiten hasi ziren Rovaniemi hiriburura batez ere.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]