Komunztadura

Komunztadura, gramatikan, esaldi berean loturik dauden hitz batzuen artean gertatzen den kideko morfemen arteko adostasuna da. Normalean, hitzen flexioak aldatuz egiten da[1].
Kategoriaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza bakoitzean, komunztadurak kategoria gramatikalen araberakoak dira.
Generoa eta numeroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskararen inguruko hainbat hizkuntzatan, generoari, numeroari eta kasuari dagokien lotura gertatzen da izen-sintagmako izenaren, adjektiboaren eta artikuluaren artean (adibidez, izena singularrean agertzen bada, adjektiboak ere singularrean egon behar du).
Esate betarako, gaztelaniaz, el gato pequeño ("katar txikia"), la gata pequeña ("kateme txikia"), los gatos pequeños ("katar txikiak"), las gatas pequeñas ("kateme txikiak") izen-sintagmetan, artikuluen, izenen eta adjektiboen artean genero eta numero komunztadurak daude. Frantsesez ere halaxe da: aurreko izen-sintagmak, hurrenez hurren, le petit chat, la petite chatte, les petits chats eta les petites chattes dira.
Euskal izen-sintagmak ez du horrelakorik; alde batetik, euskaraz ez dagoelako genero gramatikalik eta, bestetik, kasu-marka sintagma osoari behin bakarrik eransten zaiolako[1].
Kasua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Deklinabide-kasuak dituzten hizkuntzetan, kasuaren komunztadura ere gertatzen da. Adibidez, alemanezko der gute Mann ("gizon ona", nominatiboan) eta des guten Mann(e)s ("gizon onaren", genitiboan).
Euskaraz kasuak ditugun arren, ez dago alemanaren antzeko komunztadurarik: -ren morfema (genitiboa agertzen duena) izen-sintagma osoari gehitzen zaio behin eta ez dago beste flexio aldaketarik.
Aditzak eta pertsonak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Europako hizkuntza gehienetan, subjektu eta aditzaren artean ere gisa bereko komunztadura gertatzen da, pertsonaren arabera. Hona frantsesezko adibideak, partir ("abiatu") aditzarekin, indikatibozko orainaldian:
- je pars ("abiatzen naiz")
- tu pars ("abiatzen haiz")
- il part ("abiatzen da", maskulino bati buruz esana) / elle part ("abiatzen naiz", femenino bati buruz)
- nous partons, edo on part ("abiatzen gara")
- vous partez ("abiatzen zara", inori begirunez hitz egiten bazaio, edo "abiatzen zarete", solaskide batzuei esana)
- ils partent ("abiatzen dira", maskulino batzuei buruz zein batzuei buruz esana) / elles partent (femenino batzuei buruz)
Forma horiek subjektuarekiko komunztadura agertzen dute: singularrezko lehen hiru pertsonek ahoskapen bera dutenez ([paʁ]), izenordain-subjektuak argitzen du nor abiatzen den (gainera, ortografiak ez ditu lehen bi pertsonak bereizten); horrekin batera, nous subjektuak ("gu", kasu horretan) aditzak ia beti -ons ([-ɔ̃]) bukaera izatea eskatzen du eta vous subjektuak ("zuek" eta begirunezko "zu"), -ez bukaera, ([-e]) ahoskatua.
Hala ere, passé composé deritzan aditz-denboran (euskaraz, orainaldi eta lehenaldi [+ bukatua] adierazten ditu, hots, abiatu naiz / abiatu nintzen), komunztadurak konplexuxeagoak dira, laguntzailean subjektuaren genero gramatikala ere ageri baita:
- je suis parti ("abiatu naiz", gizonezko batek bere buruaz esana)
- je suis partie ("abiatu naiz", emakumezko batek bere buruaz esana)
- tu es parti ("abiatu haiz", "abiatu zara", gizonezko bati esana, hika)
- tu es partie ("abiatu haiz", "abiatu zara", emakumezko bati esana, hika)
- il est parti ("abiatu da", gizonezko bati buruz edo gauza maskulino batez esana, adibidez le prince ["printzea" (maskulinoa)] edo le taxi ["taxia"])
- elle est partie ("abiatu da", emakumezko batez edo gauza femenino batez esana, adibidez la princesse ["printzesa"] edo ta moto ["motorra"]).
- nous sommes partis ("abiatu gara", gizonezko batzuek, edo gizon-emakumez osatutako talde batek esana)
- nous sommes parties ("abiatu gara", emakumezko batzuek esana)
- on est partis ("abiatu gara", gizonezko batzuek, edo gizon-emakumez osatutako talde batek esana)
- on est parties ("abiatu gara", emakumezko batzuek esana)
- vous êtes parti ("abiatu zara" gizonezko bati esana, zuka)
- vous êtes partie ("abiatu zara", emakumezko bati esana, zuka)
- vous êtes partis ("abiatu zarete", gizonezko batzuei esana edo gizon-emakumez osatutako talde bati)
- vous êtes parties ("abiatu zarete", emakumezko batzuei esana)
- ils sont partis ("abiatu dira", gizonezko batzuez esana, gizon-emakumez osatutako talde batez edo gauza maskulino batzuez, adibidez, les problèmes "arazoak", pluralezko izen maskulinoa])
- elles sont parties ("abiatu dira", emakumezko batzuez edo gauza femenino batzuez esana, esate baterako, les complications ["zailtasunak", pluralezko izen femeninoa])
Euskal aditzak, ordea, perpausean ager daitezkeen hiru sintagmarekin (NOR, NORI eta NORK sintagmekin) gordetzen du komunztadura. eta lotura hori aditzari hiru sintagma horiei dagozkien morfemak erantsiz gauzatzen da, aditz trinko zein perifrastikoetan. Pertsona anitzeko komunztadura hori are nabariagoa da georgieraz, Kaukosoko hizkuntza ergatibo batean (hurrengo esaldiotan, pertsonen komunztadura markak bereizi ditugu, georgierazko aditz trinkoetan zein euskarazko laguntzaileetan):
- v-khed-av > Ikusten d-u-t
- g-mal-av-en > ezkutatzen za-it-u-z-te edo ezkutatzen za-it-u-z-te-te
- a-chuk-eb-s > emango d-i-o (+ zero marka)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 «komunztadura - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (kontsulta data: 2018-05-31).