Edukira joan

Kurtzebarriko gurutzea

Koordenatuak: 43°00′05″N 2°29′45″W / 43.0014588°N 2.4958054°W / 43.0014588; -2.4958054
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kurtzebarriko gurutzea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAretxabaleta
Koordenatuak43°00′05″N 2°29′45″W / 43.0014588°N 2.4958054°W / 43.0014588; -2.4958054
Map

Kurtzebarriko gurutzea Kurtzebarri mendiaren tontorrean 1928an ezarri zen burdinezko gurutzea da. Aretxabaletako lurretan kokaturik dago.

Aurreko gurutzeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaraia mendilerroan hainbat tontor daude, ezagunenak Aranguren (1.149m), Elorretako Haitza (1.141m) eta Kurtzebarri (1.133m) dira. Gaur egun Kurtzebarri esaten zaion mendiko punturik altuena Elorretako Haitza da. Kurtzebarri tontorra Aretxabaletan dago baina Elorretako Haitzatik Aretxabaleta eta Eskoriatzaren arteko mugan igarotzen da eta hori seinalatzeko 1742. urtean harrizko gurutze bat ezarri zen bertan, mugarri funtzioa izango zuena. Eguratsak harrizko gurutzea higatu zuenean burdinezko berri bat ezarri zen bertan 1840 inguruan[1].

Gorbata berdeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren gurutze hori ere kaltetu zenean, 1928an gurutze berria ezartzea erabaki zen aurrez Gorbeian edo Aloñan ezarritakoen antzerakoa. Aretxabaletako "gorbata berdeak" lagun taldeak hartu zuen ardura hori[2]. Taldea zazpi pertsonek osatzen zuten; Luis Arrue (Aretxabaletako alkatea), Alejandro Bengoa, Anjel Aznar, Pedro Jauregi, Jose Galdos, Hermenegildo Galdos eta Roman Galdosek. Herriko Lezama eta Beroa fundizioetan ardura zutenak ziren guztiak eta lantegi horietan eraiki zen gurutzea bi piezatan[3].

Kurtzebarri mendia.

Aurreko gurutzeak Elorretako Haitzean ezarri ziren baina talde honek erabaki zuen gurutzea iparralderago zegoen harkaitz baten gainean altxatzea, hori baitzen herritik goren ikusten zen puntua. Teodoro Zuazuak ezarri zuen zimentua eta irailaren 8an lau idi pareren laguntzaz igo zituzten gurutzearen zati biak tontorreraino. Esteban Zuazua (Egileor baserrikoa), Juan Jose Orueta (Apotza-etxeberrikoa), Lorenzo Arregi (Malkorrekoa) eta Andres Bengoa (Arkarazoko Jerolimona baserrikoa) izan ziren idi pareen jabeak. Goian gurutzearen atal biak elkartu egin zituzten. Irailaren 11an hainbat herritarren artean pultsoan altxatu zuten gurutze erraldoia eta zimentuen gainean ezarri[3]. Honako idazki hau jarri zioten: "Kurutze berri, kurutze ona | zabaldu izu gure errian pakea eta zoriona".

Hurrengo igandean, irailaren 18an, egin zen inaugurazio ekitaldia. Emilio Larrañaga parrokoak gurutzea bedeinkatu zuen meza baten bidez eta ondoren txistulariak, dantzariak eta herri bazkaria egin zuten bertan. Eguraldiak lagundu zuen eta jendetza bildu zen ekitaldian[3].

1930. urtean "gorbata berdeak" taldekoek Aretxabaletako udalari eman zioten gurutzearen jabetza[3].

25. urteurrena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1953. urtean gurutzea ezarri zeneko 25. urteurrena zela omentzeko Aretxabaleta Kirol Elkarteak ospakizun handiak antolatu zituen. "Concentración Vasco-Navarra de Montañeros con motivo de las Bodas de Plata de la erección de la Cruz en la cumbre de Kurutzeberri (1.146)" izenburua eman zioten ekitaldiari eta 2.500 mendizale bildu ziren Kurtzebarrin egun hartan. Bolibarko apaiza zen Cruz Abarrategik meza eskeini zuen bertan eta Aretxabaletako abesbatzak hainbat abesti kantatu zituen. Hildako mendizaleen aldeko ekintza bat ere burutu zen. Mezaren ondoren Gasteizko Txirinbil dantza taldeak ikuskizuna eman zuen[4]. Azkenik Uriaga baserrian bazkari ofiziala egin zen eta ondoren erromeria izan zen iluntzerarte[3].

50. urteurrenean "Kurtzebarri" izeneko liburua argitaratu zen, bertan kontatzen da Kurtzebarriko gurutzearen ezarpenaren prozesu guztia. Jose Letona eta Juan Leibar izan ziren liburuaren egileak[3].

Kurtzebarri eguna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurutzea altxatu zeneko eguna ospatzeko urtero Kurtzebarri eguna antolatzen du Murrukixo Mendizale Elkarteak. Irailaren bigarren igandean izaten da, Kurtzebarri mendira igotzen da eta tontorrean salda, gazta eta txorixoa banatzen dira mendizaleen artean[5].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Berria» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  2. (Gaztelaniaz) 16-05-2021 LA CRUZ DEL ALTO DEBA (GIPUZKOA)-Finalizada | Leioa Mendi Taldea. (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  3. a b c d e f Jose Letona Arrieta, Juan Leibar Guridi. (1975). Valle de Léniz (Segunda Parte) - Arechavaleta y Escoriaza. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, 47-51 or. ISBN 84-500-6823-1..
  4. (Gaztelaniaz) «La celebración del XXV aniversario de la cruz de Kurtzebarri» El Diario Vasco 2016-03-10 (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  5. «Herritarrek ez dute hutsik egin Kurtzebarriko Egunean - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-25).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]