La Vizcaína S.A.

Wikipedia, Entziklopedia askea
La Vizcaína S.A.
Datuak
Motaenpresa
Jarduera sektoreabeverage industry (en) Itzuli
HerrialdeaEspainia
Agintea
Egoitza nagusi
Legezko formasozietate anonimoa
Historia
Sorrera1912
Desagerpena1969

La Vizcaína S.A. Bilbon garagardoa, freskagarriak eta izotza egiten zituen enpresa izan zen[1]. Bere edaririk ezagunena Iturrigorri gaseosa izan zen, fabrika zegoen Bilboko auzo eta iturriaren izena daramana. 1912an sortu zuten hainbat tabernari eta industrial bilbotarrek, euren taberna eta jatetxeak hornitzeko[2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Vizcaína S.A. Fábrica de cervezas, hielo y bebidas gaseosas 1912an sortu zen, Gaseosa Bilbaina 1907ko enpresa ordezkatzeko. Taberna, kafetegi, jatetxe eta edarien salmenta lekuetako berrehun jabek baino gehiagok jarri zuten dirua. Bere lehenengo lehendakaria Gerardo Arana Villar izan zen, lehenago Bilboko tabernarien elkarteko arduraduna izan zena. Martin Mokoroa Otaegi izan zen lehen garagardogile-maisua[2]. Hasierako kapitala 350.000 pezetakoa izan zen, eta desegin zenean, 1969an, 14 milioi pezetako kapitala zuen, 500 pezetako 28.000 akzio[2].

1934an La Cervecera del Norte garagardo-enpresa bilbotarrarekin batu zen, eta negozioa horren esku geratu zen. Jose Gandariasbeitia Zalbidea izan zen enpresa bateratuaren lehen lehendakaria. Enpresa batu ostean, La Vizcaína bereziki gaseosak eta freskagarriak ekoiztu zituen. 1969an enpresa guztiz desegin zen La Cervecera del Norteren barruan[2].

Instalazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresaren fabrika Errekalden zegoen, Iturrigorri izeneko auzoan. Bertan iturri bat zegoen, urak zuen burdinarengatik gorrixka ateratzen zena. Ur horiek gaur egun Bilbon lurperatuta dagoen Elgera errekan amaitzen zuten. Hala ere, enpresak ez zuen iturri hori erabili, baizik eta Elekorta eta Lejardi erreken jatorrian zeuden iturriak[2]. Enpresak garagardoa, freskagarriak eta izotza egiten zuenez, eremu bereiziak zituen bakoitzarentzat. Baina, gainera, hozkailuak ere bazituen, jatetxeei alokatzen zizkietenak produktuak fresko mantentzeko. 1922an 30.000 gaseosa botila ekoizten zituzten egunean. Enpresaren sarreran taberna bat zegoen, eta igandetan irekitzen zen lorategi bat, garagardoa hartzera joateko[2].

1960ko hamarkadan edariak egiteari utzi zion, Basurtun zegoen La Cervecería del Nortera produkzioa igaro zenean, eta 1980ko hamarkadan eraitsi zen fabrika bera[2].

Produktuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaseosak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturri "limonadaren" iragarkia, 1920ko hamarkadaren hasieran.

Bere produktuen artean gaseosak zeuden, maiz "limonada" izenarekin saltzen zirenak, hala izan ez arren. Lehenengo botilek kristal leuna zuten, eta tapoia kanika bat zen, barruan sartzen zena eta likidoari ez ziona ateratzen baimentzen presioagatik. 1925an, ordea, txapa sartu zuten, hori egin zuen lehenengo enpresetako bat. 1927an botila berria erregistratu zuen, txapa erabiltzeko bereziki diseinatua[3]. 1928an botila berriro aldatu zuen, baina ez zuen patentatu 1949ra arte. Botila berri honek fama handia eman zion: hiru gorputzekoa zen, erliebe karratuekin[3]; Bilboko Euskal Museoan ikusgai dago, bere diseinu esanguratsua dela eta[4]. 1942an seltz sifoiak ere erregistratu zituen, nahiz eta lehenago produzitzen zituen[5].

1955an La Jirafa edari marka erregistratu zuen, hau ere gaseosak saltzeko. Botila handia zen, litro batekoa, eta etxeetan maiz kontsumitzen zen produktua zen[3].

Zaporezko gaseosak ere egin zituzten, adibidez Orange Iturri-Gorri (laranja zaporekoa), Chocolate Iturri-Gorri (txokolate zaporekoa), anana zaporekoa, Ginger Alea, alkoholik gabekoa. Okey marka ere sortu zuten beranduago, limoi eta laranja zaporekoak.[5][6]

Coca-Cola eta Pepsi-Cola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1928an Coca-Cola egiteko eta komertzializatzeko esklusiba lortu zuen. 1929an iragarkia jarri zuten, edari hau promozionatzeko: "Exquisita y fresca, de gran aroma, el precio del botellín a 0,40 céntimos". 1950an, gainera, Pepsi-Cola egiteko eskumena lortu zuten, baina beste instalazio batzuetan egin zen[6].

Garagardoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturri txapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Bilbaopedia - La Vizcaína. Fábrica de cervezas, hielo y bebidas gaseosas» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
  2. a b c d e f g Crespo, Miguel Angel Santos. (2012-04-01). «La cerveza en Bilbao : La “Vizcaína” S.A. Fábrica de cervezas, hielo y bebidas gaseosas (1)» La cerveza en Bilbao (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
  3. a b c Crespo, Miguel Angel Santos. (2012-04-03). «La cerveza en Bilbao : “La Vizcaína” S.A., Fábrica de cervezas, hielo y bebidas gaseosas (3)» La cerveza en Bilbao (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  4. «Botella de gaseosa Iturri Gorri. EMSIME» apps.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  5. a b Crespo, Miguel Angel Santos. (2012-04-05). «La cerveza en Bilbao : “La Vizcaína” S.A., Fábrica de cervezas, hielo y bebidas gaseosas (4)» La cerveza en Bilbao (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  6. a b «Bilbaopedia - Gaseosas y bebidas refrescantes» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]