Labayru Hiztegia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Labayru Hiztegia
Jatorria
Sortzailea(k)Labayru Fundazioa
Argitaratze-data1970
ArgitaletxeaLabayru Fundazioa
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara

Labayru Hiztegia euskara eta gaztelania norabide bietan uztartzen dituen hiztegi elebiduna da.[1][2][3]

Labayru Fundazioak 1970etik dihardu lexikografia arloa lantzen. Euskararen lexikoa garandu eta aztertu du urte horietan: berbak, eta horien aldagaiak, esamoldeak, errefrauak, esangura guztiak eta euron kontestuak, adibideak, zehaztapen estilistiko nahiz gramatikalak, sinonimoak, etab. Horren erakusgarri dira Labayru Hiztegia eta Labayru Hiztegi Fraseologikoa. Corpus biak atontzen, eguneratzen eta aberasten dihardu gaur egun ere Labayruren hiztegigintza-taldeak.

2003an euskara-gaztelania zuzenbidean argitaratu zen lehenengoz paperezko euskarrian Labayru Hiztegia. Bizkaiera eta batua (b)uztarturik izenburupean. Handik bi urtera, 2005ean, haren ordekoa den Diccionario Labayru. Vizcaíno y batua conjuntados kaleratu zen, gaztelaniatik euskararako norabidean. Eta gerora, bigarrenez argitaratu ziren biak edizio eguneratuago, landuago eta osatuago batean, 2011n lehenengoa, eta 2008an bigarrena.

Elkarren osagarri dira eta hizkuntza-eredu bien kontsultarako corpusa eratzen dute. Euskara baturako onarturik dauden berbekin batera, bizkaieraren lexikoa zehazten da eurotan. Horretarako, herri-euskara batu eta aztertzen dute, idatzizko iturriekin batera.

Labayru Hiztegi Fraseologikoa esamoldeen corpusa eskaintzen duen hiztegi elebiduna da. Ideia edo egoera jakin bat adierazteko eratzen diren berba-kate edo unitate fraseologikoak dira esamoldeak, eta berba-kate horien atzean hizkuntza bakoitzak berezkoa duen iruditegia dago. Hiztegi horretan, euskarazko eta gaztelaniazko unitate fraseologikoak batzen dira, bakoitzari dagozkion ordain baliokideekin batera.

Labayru Hiztegia eta Labayru Hiztegi Fraseologikoa online kontsulta daitezke www.hiztegia.labayru.eus webgunean, eta baita offline ere, Android zein IOS sisteman deskargatu daitekeen mugikor eta tabletetarako doako aplikazioaren bidez.

Hiztegiak zenbakietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Labayru Hiztegia

eu-es/es-eu

Labayru Hiztegi Fraseologikoa

eu-es/es-eu

100.000 sarreratik gora

135.000 adiera

80.000 adibide

64.000 sinonimo

10.000 lokuzio

13.000 adiera

15.000 adibide

5.000 sinonimo

Ezaugarri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batua eta bizkaiera ereduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara batua eta bizkaiera batera lantzen dira, eredu bietako hitz-itxurak gaztelaniaren aurrez aurre ipintzen direla. Euskara baturako onarturik dauden hitzekin batera, bizkaiera idatzirako finkatu diren berbak eskaintzen dira bi hiztegietan. Baterako eta besterako zehaztu diren formak bizk (bizkaiera) eta bat (batua) laburduren bidez bereizita datoz. Adibideak ere bizkaieraz nahiz batuaz ematen dira bakoitzari dagokion hizkuntza-eredua adierazita.

Eredu batuko formei marka eman orduan, Euskaltzaindiaren Hiztegiari jarraitu zaio, eta horko berba-zerrendan ez badator hitza, zentzuzkoen jo dena hautatu da, testu-corpusetako erabilerak eta gaur egungo hiztegi arauemaileen jokabideak kontuan izanda. Bizkaiera idatziko berbak markatzerakoan, Labayruk berak finkatu du irizpidea, betiere tradizio idatzia eta ahozko erabilera aztertu eta ostean.

Gainontzean, hiztegiko sarrera-hitzik gehien-gehienak, eredu bakarrekoak ez direnak, markatu barik azaltzen dira, guztientzakoak legez onartuz, nahiz eta ez beti guztienak edo euskalki guztietakoak izan.

Euskalki eta hizkera diferenteen topagune

Euskalki diferenteetako hitz-ondarea euskara osoaren ondarea denez gero, hango eta hemengo formak ekarri dira hiztegietara. Euskalki-hitzok eredu baturako edo bizkaierarako pare-pareko aldaerarik ez dutenean, marka berezi barik ipintzen dira. Esan gura da, batuaz zein bizkaieraz erabili daitezkeela.

Hiztegi hauen behineneko helburua sartaldeko hiztunen beharrizanei erantzutea izanik, batez ere eremu horretako lexikoari ipini zaio arreta, baina erdiko eta ekialdeko ondarea biltzeko ahalegina ere egin da.

Ahozkotasunaren lekuko

Labayru hiztegien ekarrietako bat ahozkotasun aldetikoa da. Herri-euskarari eta herri-jakintzari duen balioa aitortzen zaio, ahozko berbeta eta hizkuntza jasoaren arteko loturak estutzeko asmoz.

Ahozkotasunaren ekarria honetan datza batez ere: lekuko bizien ahotik jasoriko berba, berba-itxura berezi eta esanahi edo adierak ekarri dira hiztegietara. Adibideetan ere hiztunentzat ezagun eta eguneroko diren esaldiak sartu dira, hitzen erabilera-eremuak erakusteko. Gainera, herri-literaturako esamoldeak, errefrauak, koplak, bertsoak eta antzekoak sartu dira. Ahozko iturritik hartutakook literatura idatziko iturriekin eta aurretiko corpus-hiztegien ekarriarekin erkatu dira, eta berritasunik egon bada, hiztegian txertatu da.

Tradizio idatzia

Idatzizko euskal lexiko-ondarea batzeko ahalegina egin da. Horretarako, beste corpus-hiztegi batzuetara eta euskal literaturaren erreferentzia-lanetara jo da hitzak, euron esanahiak eta erabilguneak baliatzeko. Autore klasikoen zitak gaurko grafiara ekarrita daude, gaur egungo hiztun eta idazleei begira.

Hiztegi kontestudunak

Sarrera-berba asko ahozkotasunaren erakusgarri diren kontestu-adibidez horniturik daude. Batzuetan, tradizio idatziko testuetatik egokituak dira, eta beste batzuetan, ahozko erabileratik jasoak edo atonduak.

Berbak euren erabilgune naturalean eskaintzen dira. Horretarako, hiztunentzat, eta berenberegi sartaldekoentzat, ezagun eta eguneroko egiten diren esaldiak txertatu dira, hitzen erabilera-eremuak erakusteko. Hitz bakoitzak onartzen dituen sintaxi-aukera eta lexiko-konbinazio diferenteak erakusten dira eurotan.

Eredu idatzi biak lantzen dira tarteka, bizkaiera eta batua. Bizkaieraz ezaguna edo arrunta den hitzaren kontestua eredu horretan ematen da gehienetan. Eta erdialde edo ekialdeko hitzaren kasuan, batuaz eskaintzen da kontestu-adibidea.

Hiztegi sinonimodunak

Hitz-adiera bakoitzaren zentzukide nagusiak eta euskalki edo hizkera diferenteetan erabiltzen diren formak eskaintzen dira sinonimoen atalean. Berba oinarrizkoenak sinonimoz horniturik daude, eta gainontzekoetan, sinonimo nagusi hautuak ematen dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Jainaga Larrinaga, Zihara. (2019-11-02). «Euskaraz zekitenen euskaltegia» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  2. Labayru Fundazioa. 2015-03-05 (Noiz kontsultatua: 2023-10-04).
  3. «Labayru Hiztegia» Labayru Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2023-10-04).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]