Laguntza:Tutoriala (barne loturak)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Tutoriala   Editatu   Formatua eman   Barne loturak   Irudiak   Erlazionatutako guneak   Kanpo loturak   Eztabaida orria   Kontuan izan   Izen-ematea   Amaitzeko  


Oso garrantzitsua da Wikipediako artikuluak beren artean lotzea. Barne lotura (esteka) horien bitartez, irakurleek errazago aurkituko dituzte artikuluari lotutako informazioa dakarten orriak. Bestalde, barne loturarik gabe, nekez aurkituko du inork artikulua.

Noiz lotu

Lotzen ikasteko erarik errazena Wikipediako adibide batzuk ikustea da. Lotura beharrezko den edo ez erabakitzeko, galdetu zeure buruari: «Artikulu hau irakurtzen arituko banintz, erabilgarria izango litzaidake lotura hori?». Adibidez, Xake artikuluan, zentzurik du edo baliagarria izango da xakeaz ari garela kolore edo familia hitzen lotura egitea? Ez dirudi.

Nola lotu

UsabilityDialogs-eu.png

Lotura (esteka) bat egiteko, sakatu Lotura botoia, edizio-barran: aukeratu duzun testuari dagokion leiho bat irekiko da. Bertan, «Orriaren izenburua» eremuan, idatz ezazu loturaren helburu izango den Wikipediako beste orriaren izenburua.

Artikuluko pantailan agertuko den testua lotutako artikulukoa ez den beste bat izatea nahi baduzu, zeuk aukeratutako testua idatz dezakezu «Lotutako testua» eremuan, irudian ageri den bezala. Ondoren, hautatu behean "Wiki orrialde batera" aukera, Wikimedia barruko esteka (barne lotura) bat egiten ari baikara.

Behin lotura eginda, sistemak egiaztatuko du ea existitzen den edo ez, ohartxo baten bidez. Loturaren helburuko artikulua benetan existitzen ez bada, lotura kolore gorriz agertuko da.

Metodo aurreratuak

Loturak jartzeko beste metodo azkarragoa dago, eta kategorietara loturak sartzeko ere. Ondorengo jarraibideak jarraitu behar dituzu:

Wikipediako beste artikulu batera lotu

Wikipediako beste orri batera eskuz lotura jarri nahi baduzu (barne lotura) bi kortxete idatzi behar dituzu alde bakoitzean, honela:


[[Donostia]]


Lotura botoia ere erabil dezakezu noski: botoia sakatuz kortxeteak automatikoki txertatuko dira. Loturari helburukoaz bestelako izen bat txertatzeko, aukerazko izen hori barra bertikalaren (|) ondoren (Alt Gr + 1) idatzi behar duzu.

Adibidez, «Frankismoa» artikulura lotura bat sortu nahi baduzu, baina izen horren ordez testuan «Franco» agertzea nahi baduzu, ondorengoa idatzi beharko zenuke:


[[Frankismoa|Franco]]


Honela agertuko da:


Garai hartan, Franco izan zen...


Era horretan, loturak «Frankismoa» artikulura eramango zaitu, eta ez «Franco» deitzen den artikulu batera, edo «Francisco Franco» artikulura.

Wikipediako artikulu baten atal baterako lotura

Wikipedian posible da artikulu baten atal batera lotura egitea. Horretarako, traola (#) txertatu behar da loturaren hasieran, baldin eta lotu nahi dugun atala artikulu berean baldin badago. Aldiz, atal hori beste artikulu batean badago, lotutako artikuluaren izenari traola itsatsiko diogu justu eskuinean eta, gero, atalaren izena jarriko dugu.

Adibidez, orri honetako «Nola lotu» atalera lotura bat egiteko, hau idatzi behar da:


[[#Nola lotu|Nola lotu]]


Barra bertikalaren (|) ezkerrean lotutako helburuko atala dago eta eskuinean, berriz, guk ikusteko aukeratu dugun testua. Honela ikusiko da:


Nola lotu


Baduzu artikuluak aldatzeko moduari buruzko orri bat (Laguntza:Artikuluak nola aldatzen diren), eta bertako «Barne loturak» atalera lotura egiteko, hau idatzi:


[[Laguntza:Artikuluak nola aldatzen diren#Barne loturak|Barne loturak]]


Barra bertikalaren (|) eskuinean ageri dena, ikustea nahi dugun testua izango da, kasu horretan, "Barne loturak". Hala ere, beste edozer izan daiteke, adibidez:


Ikus barne loturei buruz gehiago, hemen.

Kategoriak

Kategoria bateranzko lotura, Wikitestuan

Wikitestu modalitatean aldatzen ari garenean kategoria batera lotura egiteko, irekitzeko bi kortxeteen ondoren ([[), idatzi "Kategoria" hitza, eta segidan bi puntu (:), gehi dagokion kategoria. Gero, itxi kortetxeteen bidez berriz (]]). Horrek orri osoa kategorizatuko du, baina jarri orain irekitzeko kortxeteen justu atzean bi puntu (:): hartara, barne lotura hori zuk adierazitako tokian agertuko da.


[[:Kategoria:Konstelazioak]]


Sintaxi horrek ondorengoa sortuko du:


Kategoria:Konstelazioak


Era horretan, orria ez da kategoria horretan sartuko; kategoria horretara lotura bat sortu besterik ez.

Kategoriatan sailkatu

Artikulu bat bere gisakoak direnen multzoan sar dezakezu: kategoria batean. Idatzi [[Kategoria:«kategoriaren izena»]], bi puntuen (:) ondoren hutsunerik utzi gabe, honela:


[[Kategoria:Animaliak]]


Sintaxi horren bidez, orria «Kategoria:Animaliak» kategorian sailkatzen da. Oso garrantzitsua da kategoria zuzena jartzea, artikulua ondo kokatzeko. Begira ezazu gai bereko artikuluak zein kategoriatan dauden, eta sar ezazu artikulua kategoria horretan (edo horietan). Adibidez, XIX. mendeko bertsolari bat kategorizatu nahi baduzu, joan Pernando Amezketarra artikulura eta ikusi zein kategoria gehitu zaizkion.

Kategoriatan sailkatu, Ikusizko Editorean

Gehiago jakiteko, irakurri: «Kategorizazioa Ikusizko Editorean»

Gogoan izan emaitza berdina lor dezakezula Ikusizko Editorea erabiliz, bertako Lotura "Orriaren aukerak" ikonoan. Ireki goitibeherako menua eta klikatu "Kategoriak" aukera Lotura. Era horretan, orriari kategoria bat edo nahi dituzunak esleituko dizkiozu.

Ikus, gainera


Informazio gehiagorako, ikus Kategoriak.
Praktikatu ikasi duzuna proba orrian

Jarraitu tutoriala: Irudiak