Laguntza:Tutoriala (formatua)
Tutoriala | Editatu | Formatua eman | Barne estekak | Irudiak | Erlazionatutako guneak | Kanpo estekak | Eztabaida orria | Kontuan izan | Izen-ematea | Amaitzeko |
Wikipedian idaztea eta testu-prozesadore batean idaztea ez da berdina. Wikipediak bi modu ditu bertan aldaketak egiteko eta, horregatik, bi fitxa dituzu: "Aldatu" eta "Aldatu iturburu kodea".
Lehendabizikoan, Ikusizko Editorean, gauzak egin ahala nola geratuko diren ikusiko duzu. Bigarrenari Wikitestua (=wikimarkaera) deitzen zaio eta, aldaketak egitean, ez duzu unean ikusiko pantailan agertuko dena, Wikipediak erabiltzen duen formatua emateko kode-multzoa dela eta. Hala ere, oso erraz erabiltzen da, horretarako diseinatu baitzuten. Ez zaitez larritu, erraza da. Horixe aztertuko dugu hemen.
Letra lodia eta etzana
Wikikode arruntenak letrakera lodiarena eta etzanarena dira. Testuari lodi edo etzan itxura emateko, hainbat apostrofo ( ' ) erabili behar dira, formatu hori eman nahi zaion hitzaren aurrean eta atzean:
- ''etzana'' idatzita, etzana agertuko da. (Bi apostrofo alde bakoitzean.)
- '''lodia''' idatzita, lodia agertuko da. (Hiru apostrofo alde bakoitzean.)
- '''''lodi etzana'''''idatzita, lodi etzana agertuko da. (Bost apostrofo alde bakoitzean.)
Testuei formatua emateko formarik errazena, ondorengo botoiak erabiltzea da: edo . Biak edizio-barraren ezkerraldean daude. Halaber, nahi duzun testua aukeratu eta dagokion botoian klikatuz ere egin daiteke.
Atalen izenburuak eta azpiatalburuak
Atalen izenburuak (atalburuak) artikulua antolatzeko era erraza dira. Artikulu batean, bi eztabaidagai edo gehiago baldin badaude, artikulua hainbat ataletan bana dezakezu atalburuen bitartez.
Atalburuak honela sortzen dira:
- == Lehen mailako atalburuak == (Bi berdintza ikur)
- === Azpiatalburua === (Hiru berdintza ikur)
- ==== Bigarren azpiatalburua ==== (Lau berdintza ikur)
- ===== Hirugarren azpiatalburua ===== (Bost berdintza ikur)
- ...
Edizio-barrako «Aurreratua» botoia sakatuz, erraz-erraz gehitu ditzakezu atalburuak; ondoren, egin klik ezkerreko «Izenburua»n, eta goitibeherako menu bat zabalduko da nahi duzun atalburu maila aplikatzeko.
Artikulu batek lau atalburu edo azpiatalburu baditu gutxienez, eduki-taula agertuko da automatikoki (wikitestuan ___TOC___
adierazten dena). Egizu proba proba orrian, eta ikusiko duzu nola lau atalbururekin eduki-taula agertuko den automatikoki.
Formatu jarraibideak
Wikipedian letra lodiz idatzi ohi dira artikulu baten izenburua edo gaia testuan aipatzen den lehenengo aldian. Adibidez, «Logroño» artikulua honela hasten da:
- Logroño Errioxako probintzia eta autonomia erkidegoko hiriburua da.
Artikuluaren izenbururako maila bereko sinonimoak diren beste izen batzuk daudenean, irizpide bera erabiltzen da. «Etxeratze-agindu» artikuluaren lehen esaldiak hau dio:
- Etxeratze-agindua, kera-deia edo isildeia eguneko ordu zehatz batean, hiri edo estatu batean arrazoi batzuengatik, hiritarrei kalean ibiltzeari debekua jartzea da.
Wikipediako politikek diote liburu, film eta bideo-jokoen izenak letra etzanez jarri behar direla. Artikuluan gaiaren lehen aipamena liburuaren tituluaren berdina bada, letrakera lodi etzana erabiltzen da. «Eraztunen Jauna: Bi dorreak» artikulua honela hasten da:
- Eraztunen Jauna: Bi dorreak (ingelesez: The Lord of the Rings: The Two Towers) 2002ean Peter Jacksonek zuzendutako fantasiazko filma da...
Genero eta espezieen izen zientifikoak ere letra etzanez idazten dira, baita antzezlanak, filmak, literaturako izenburuak eta diskoen zein egunkarien izenak. Horrelakoetan, letra lodi etzanez izango da artikuluko izenburuaren lehen aipamena baldin bada. Abestiak, berriz, kakotx artean adieraziko dira oro har, adibidez, Ezekiel diskoko "Ezekielen prophezia"; musika lan zahar eta klasikoetan, berriz, izenerako letra etzana erabiltzea hobesten da (ikus EIMAren estilo liburua).
- Homo sapiens giza espeziearen izen zientifikoa da; Canis familiaris txakurrarena.