Lankide:Ipeinador001/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Inperatibo kategorikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Immanuel Kant

Inperatibo kategoriko (Aleman: kategorischer Imperativ) Immanuel Kanten filosofia moral deontologikoko kontzeptu filosofiko nagusia da. Inperatibo autonomo (ez dago inolako erlijio edo ideologiaren mende), eta buruaski bat izan nahi du, giza portaera arautzeko gai dena bere agerpen guztietan. Kantek termino hau Ohituren metafisikaren oinarriak-en erabili zuen lehen aldiz.

Kontzeptuaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanten arabera, izaki arrazionalek leku berezia dute sorkuntzan, eta gizakiaren morala oinarrizko agindu bakar batean laburbildu beharko litzateke, arrazoimenetik sortua, ez jainko-autoritatetik, zeinetatik gainerako betebehar guztiak eratortzen diren. «Inperatibo kategoriko» kontzeptua honela definitu zuen: «ekintza bat (edo inakzioa) beharrezkotzat jotzen duen edozein proposamen»[1]. Bere ustez, aurreko maxima moralak inperatibohipotetikoetan oinarritzen ziren, hau da, edozein egoeratan, edozein planteamendu moral, erlijioso edo ideologikoak ez ziren derrigorrez bete behar.

Kantek bere garaiko filosofia moral herrikoiarekiko desadostasuna azaldu zuen, uste baitzuen ezin zuela inoiz gainditu inperatibo hipotetikoen agindu baldintzatzaile soila: utilitario batek dio hilketa gaizki dagoela, ez dielako mesederik egiten parte-hartzaileei, baina horrek ez du garrantzirik emaitza positiboa haientzat bakarrik maximizatzeaz arduratzen direnentzat.[2] Ondorioz, Kantek argudiatzen zuenez, sistema moral hipotetikoek ezin dute ekintza morala determinatu, ezta besteen aurkako judizio moral legitimoen oinarri gisa hartu ere, horien oinarri diren aginduak gehiegi oinarritzen direlako kontsiderazio subjektiboetan. Beraz, sistema moral deontologiko bat aurkeztu zuen, inperatibo kategorikoaren eskakizunetan oinarritua, alternatiba gisa.

Inperatibo hipotetiko batek ekintza bat bultzatuko luke egoera jakin batzuetan. Adibidez: «Guztion ongia nahi badut, ez dut erailketarik egin behar», hortaz, baldintza honekin bat ez datorrenak («guztion ongia nahi izatea»), ez dago agindu hori betetzera behartuta. Aitzitik, inperatibo kategoriko batek betebehar absolutu eta baldintzarik gabea adierazten du, eta egoera guztietan bere autoritatea izango luke, buruaskia izango litzatekeelako eta ez lukeelako kanpoko justifikaziorik beharko.

Formulazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen formulazioa: unibertsaltasuna eta naturaren legea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantek ondorioztatzen du benetako proposizio morala ezin dela inolako baldintza partikularri lotuta egon, pertsona baten nahi eta identitatea barne.

Maxima moral batek beharrezkotasun absolutua inplikatu behar du, hau da, proposizioaren inguruko xehetasun fisiko partikularretatik bereizi, eta edozein izaki arrazoiduni aplikatzeko ahalmena eduki behar du.[3] Honek inperatibo kategorikoaren lehen formulaziora garamatza, batzuetan unibertsaltasunaren printzipioa deritzona:

"Joka ezazu soilik lege unibertsal bihurtzea nahi duzun maximaren arabera" (AA IV:421).[4]

Formulazio horrekin estu loturik dago naturaren formulazioa. Naturako legeak, definizioz, unibertsalak direnez, Kantek dio inperatibo kategorikoa ere horrela adieraz dezakegula:

"Joka ezazu zure ekintzaren maximak zure borondatearen bidez naturaren lege unibertsal bihurtuko balira bezala" (AA IV:421).

Bigarren formulazioa: gizateria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekintza arrazoidun orok printzipio bat ez ezik, helburu bat ere ezarri behar du. Helburu gehienak subjektiboak dira. Helburu objektibo bat lortzeko, beharrezkoa litzateke helburu horren atzetik ibiltzea.

Nahimen askea ekintza arrazional ororen iturri da. Baina hori helburu subjektibo gisa hartzea askatasunaren aukera oro ukatzea da. Nahimen autonomoa ekintza moralaren iturri bakarra denez, lehen formulazioarekiko kontraesankorra litzateke pertsona bat beste xede baterako bitartekoa soilik dela esatea.

"Joka ezazu gizateria tratatzen duzun erara, nahiz zugan nahiz beste edozeinengan, helburutzat beti, ez helbururako bitartekotzat" (AA IV:429).

Hirugarren formulazioa: autonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantek dio lehen formulazioak inperatibo kategorikoari baldintza objektiboak ezartzen dizkiola, hots, forman unibertsala izatea eta horrela naturaren lege bihurtzeko gai izatea. Era berean, bigarren formulazioak baldintza subjektiboak ezartzen ditu: beren baitan helburu jakin batzuk izatea. Bi formulazioen emaitza, maximak nahi izan behar ditugula da, non aldi berean unibertsalak izan daitezkeen, baina norberaren eta besteen askatasuna urratzen ez dutenak. Hau da, subjektu bakoitzak, arrazoimenaren erabileraren bidez, unibertsaltasun forma duten, baina besteen askatasunean eraginik ez duten maximak nahi izan behar ditu.

Emaitza, jakina, inperatibo kategorikoaren formulazio bat da, lehenengo bien antzekotasunak dituenak. Hirugarren formulazioa azaldu ondoren, Kantek autonomiaren (norberaren lege-ematea) eta heteronomiaren (besteen lege-ematea) arteko bereizketa egiten du. Hirugarren formulazio honek argi uzten du inperatibo kategorikoak autonomia behar duela. Ez da aski jokabide zuzena jarraitzea, norberak bere buruari ere jokabide hori eskatu behar dio.

"Joka ezazu zure maximen bidez lege unibertsalen legegile izan zaitezen" (AA IV:432).

Laugarren formulazioa: helburuen erreinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantek inperatibo kategorikoa hainbat eratara formulatzen du. Hala ere, hiru printzipio besterik ez daudela esaten duenez, beste formulazioei arreta gutxi eman zaie.

Dena den, badago beste formulazio bat arreta gehigarria jaso duena, Kanten pentsamenduan dimentsio sozial bat sartzen duela dirudielako: helburuen erresuma. Bertan, jende guztiak bere burua bitartekotzat ez ezik, helburutzat ere hartu behar duela iradokitzen du. Helburuen erreinu posible batekin harmonizatzen duten maximen arabera bakarrik jokatu beharko genuke.

"Joka ezazu kide legegile unibertsal baten maximoen arabera helburuen balizko erresuma batean" (AA IV:439).


Formula horiek guztiak Arrazoimen praktikoaren Kritikan (1788) daude bilduta, «arrazoimen huts praktikoaren oinarrizko legea» edo lege morala deiturikoan: «Joka ezazu zure nahimenaren maximak aldi berean legedi unibertsalaren printzipio gisa balio dezan» (AA V: 30). Formulazio hauek soilik nahimenaren autonomia, diharduen subjektuaren arrazoimenean oinarritua, izan daitekeela moraltasunaren printzipio azaltzen dute. Autonomia horrek askatasuna osatzen du. Bestalde, nahimenaren heteronomia erabat kontrajartzen zaio moraltasunari. Kanten ustez esklabotza-forma bat da, arrazoimena duen subjektu batengan arrazoimena ukatzea baitakar.

Inperatibo kategorikoaren inplikazio morala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijioa arrazoi soilaren mugen barruan (1793) lanean, Kant onberatasun eta makurkeria moralaren artean desberdintzen saiatzen da. Bertan, honako hau adierazten du: "gizaki bati gaiztoa deitzen zaio, ez txarrak diren ekintzak (legearen aurkakoak) gauzatzen dituelako, baizik eta ekintza horiek bere baitan maxima gaiztoak ondorioztatzen uzten dutelako" (AA VI: 20). Makurkeria moralak norebera bere ekintzen erantzule denean soilik du zentzua, horregatik, "Gaizkiaren oinarriak ezin du izan aukeramena inklinazio baten bidez zehazten duen ezein objektutan, ez berezko bulkada batean, baizik eta aukeramenak berak bere askatasuna erabiltzeko egiten duen arau batean, hau da, maxima batean" (AA VI:21). Hortaz, onberatasun edo makurkeria morala maxima onak edo txarrak hartzean datza; eta gizakia beti da hartze horien erantzunle.

Kanten arabera, nahimena ekintza batera determinatzen den bakoitzean, motibazioa batek eraginda izaten da, baina hori jarduten duenak bere maximan jadanik halako motibazioa onartu badu gertatzen da, «arau unibertsal bat egin bada, eta horren arabera jokatu nahi badu» (AA VI: 24). Moralki ona da lege morala bere maxima bihurtzen duena, legea bera arrazoi bultzatzaile nahikoa izanik. Aldiz gaitz moralak «lege moralarekiko maximoak desbideratzeko aukeraren oinarri subjektiboa izan behar du» (AA VI: 29). Onberatasun eta makurkeria moralaren arteko ezberdintasuna ez datza maxima bat hartzeko arrazoi ezberdinetan, hau da, ez maximaren edukian, baizik eta arrazoietako batek bestearekiko duen mendekotasunean («bi arrazoietako zeinek egiten duen gizakiak bestearen baldintza»). Arrazoietako bat, sentiberatasunari dagokiona, berekoikeriarena edo zorionaren bilaketarena da; bestea, arrazoimenari dagokiona, moraltasunarena da. Orduan, makurkeria morala arrazoiak lege moralaren jarraipenerako baldintza gisa jartzean datza. Moralki asmo ona du legearen jarraipena sentimenduzko arrazoi bultzatzaileen baldintza gisa jartzen duenak, eta moralki txarra kontrakoa egiten duenak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Johnson, Robert; Cureton, Adam. (2004-02-23). Kant’s Moral Philosophy. (Noiz kontsultatua: 2024-04-12).
  2. «20th WCP: Why Couldn't Kant Be A Utilitarian?» www.bu.edu (Noiz kontsultatua: 2024-04-12).
  3. «Kant's Conceptions of the Categorical Imperative and the Will.» The Modern Schoolman 60 (2): 138–139. 1983  doi:10.5840/schoolman198360246. ISSN 0026-8402. (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  4. Kant, Immanuel; Ellington, James W. (James Wesley); Kant, Immanuel. (1993). Grounding for the metaphysics of morals ; with, On a supposed right to lie because of philanthropic concerns. Indianapolis : Hackett Pub. Co., 4:421 or. ISBN 978-0-87220-166-8. (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).