Lankide:PasaiaLezoLizeoa/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

INERTZIA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inertzia (latinetik inertĭa) materiaren ezaugarria da, gorputz batek egoeraren aldaketei kontra egitean datzana. Geldirik dagoen edo higidura uniformez higitzen ari den gorputz batek bere egoeraren aldaketei kontra egiteko materiak duen fisika ezaugarria da.

Gorputz batek zenbat eta masa handiagoa izan, gero eta handiagoa izan beharko du bere abiadura aldatuko duen indarrak (Newtonen legearen arabera: indarra berdin masa bider azelerazioa); beraz, gorputz baten masa inertziaren neurri kuantitatiboa dela esaten da, eta translazio mugimenduetan inertzia masaren bidez adierazten da. Errotazio mugimenduetan, non momentuak azelerazio angeluarra sortzen duen, abiadura angeluarraren aldaketari erresistentzia egiten diona inertzi momentua da, hau da inertziaren neurria ematen duena, eta bere baitan hartzen ditu bai gorputzaren masa eta bai forma edo itxura; ardatz baten inguruko errotazio mugimenduetan, beraz, inertzia ardatzari buruzko inertzi momentuaz adierazten da.

Azken batean, inertziaren ondorioz, gorputz batek bere mugimenduaren noranzkoa edo egoera estatikoa mantentzen du, ez bada gertatzen gorputz horri eragiten dion indarrik. Newtonen lehen legeak propietate horri buruz hitz egiten du:

« Beregan eragiten duen indarrik ez badago, partikula oro abiadura konstantez higituko da erreferentzia sistema inertzialekiko. »
—Isaac Newton

Erreferentzia-sistema ez inertzial batean, non sistema, bere jatorria, higidura azeleratua daraman, azeleratutako gorputz batek itxurazkoa den inertzia indarra nabaritzen du; hori gertatzen da adibidez autoan goazelarik autoak jiratzen duenean, indar batek jiratzearen aurkako norabidean bultzatzen gaituela sentitzen dugu, baina ez da indar bat, inertzia baizik.