Lankide:Txutxis/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

EMAKUMEAK ETA TOSTAKO ARRAUNA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakume arraunlariak traineruetan lehiatzen diren emakume kirolariak dira. Bada, kirol modernoak orokorrean erabat maskulinoak izateko jaioak izan direla ikusita, arrauna ez da testuinguru horretatik kanpo gelditzen. Beraz, jarraian zehazki arrauna zein testuingurutan sortzen den ikusiko dugu, eta nola murgiltzen diren emakume hauek mundu honetara.

TOSTAKO ARRAUNAREN JATORRIA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trainera Hibaika - ETE Liga

Arraunak, Euskal Herriko herri-kirol gehienak bezala, garai bateko eguneroko lanbideetan du jatorria; eta bilakaera eta egokitzapen ezberdinen ondoren bihurtu da kirola. Arrazoi anitz topa ditzakegu bere jatorria azaltzeko, baina azalpen gehienek bat egiten dute jatorria gizonak ziren arrantzaleen artean sortutako lehian eta indar neurketetan kokatzean[1]. Gauzak honela, traineru estropadak, gainontzeko nekazal kirolak bezala, ekintza maskulinoekin daude lotuta, erresistentzia eta gaitasun fisikoari balioa emanez[2].

Dena den, emakume arraunlarien eremuan kokatuz gero, ikus daiteke hauek arraunean hasteko arrazoi nagusia ez zela arrantza izan, atoi-lana baizik. XVIII. mendetik XX. mendera, belaontzi handien atoia emakumeen esku egon baitzen, eta hortik datoz emakume arraunlarien aitzindaritzat har daitezkeen Pasaiako batelariak; kaiko langileak, mendeetan zehar lan egin zutenak. Badiaren alde batetik bestera zamak, herritarrak eta animaliak mugitzen zituzten, eta 200 urte baino gehiagoz aritu ziren lanean. Lehen bi mendeetan izan zuten mugimendurik gehien. XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, ordea, euren lana asko jaitsi zen eta desagertu egin ziren.

EMAKUMEEN LEHEN ESTROPADA OFIZIALAK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte luzez emakumeek ere euren arteko lehiak jokatzen omen zituzten, baina estropada ofizialetan 1970tik aurrera hasi ziren emakumeak aulki mugikorrean, eta gehiago itxaron behar izan dugu tostako arraunean paladak ematen ikusteko. Azken urteetan bidea irekitzen joan dira gutxika, batez ere, batel eta traineriletan. 2003an, hain zuzen, Gipuzkoako Arraun Federazioak emakumeen 86 fitxa egin zituen. Eta azkenean, 2 urte beranduago, traineruan lehiatzera iritsi dira.

Modu honetan, Txingudiko Bandera izan zen mugarri, emakumeen traineruek jokatutako lehen estropada, 2005eko irailean. Hondarribian jokatu zen eta Kantauri itsasoan aitzindaria izan da. Galiziako Cabo da Cruzek, Txingudik (Hondarribia, Irun, Hendaia), Isuntzak eta Urola Kostak (Orio, Getaria, Zumaia) hartu zuten parte. Aitzindari izan zen estropada hau ondorengo zazpi urteetan jokatu zen eta Gipuzkoako Traineru Liga sortu zenetik (2010) ligako jardunaldi bilakatu zuten.

ESTROPADEN DISTANTZIAK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumezko traineru estropaden distantziari dagokionez, Euskadiko Arraun Federazioaren araudia jarraituz, gizonen distantzia berak egin zituzten hasierako lehia ofizialetan; hau da, 3 itsas mila (5556 metro), hiru ziaboga eta lau luzerekin. Baina ondoren, klubek hala erabakita, gizonen ibilbidearen erdia egiteari ekin zioten, hau da, itsas mila bat eta erdi (2778 metro) gaur egun arte. Auzi hau oraindik mahai gainean dago, eta emakume arraunlarien artean eztabaidagai da oraindik ere. Izan ere, erabakia ez zen emakumeek hartutakoa izan, eta iritzi ezberdintasuna badago ere, erabakia emakumeen esku uztea ezinbestekotzat dute gehienek; askotan, haien kontrako argudio moduan erabilia izan baita distantzia erdia egitea.

LIGAK ETA KONTXAKO BANDEREN BILAKERA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bide honetatik, emakumeen lehen estropada 2005an jokatu bazen ere, lehia ofizialak 2008an hasi zituzten, Kontxako lehen Bandera jokatuz. Lehen bandera honetako finalistak honakoak izan ziren: Galizia, Astillero, Getaria-Zumaia eta Hondarribia. Galizia izan zen txapelduna, eta hurrengo bost urtetan nagusitasun osoz mantenduko du bere txapela, 2013an gipuzkoarren gorakada hasiko den arte. Urte hartan Zumaiak irabazi zuen, eta hurrengo lau urteetan San Juanena izango da txapela, beti ere Hibaikarekin lehia oso estua izan eta gero. Azkeneko banderak lehiatuenak izan dira, 4 segundotik beherako aldea egon baita bi tripulazioen artean azken lau urtetan; protagonista San Juan izan da eta Hibaika bere antagonista.

Kontxako Bandera arraunaren munduan sartzeko lehen pausua izan zen emakumeentzako. Baina urtebete beranduago, 2009an, lehen emakumeen liga ofiziala sortu zen: Euskotren Liga. Liga honek soilik lau traineru onartu zituen hasieran, eta oraindik ere horrela mantentzen da. Gainera emakumeen liga bada ere, gizonezkoen TKE ligako estropadekin batera jokatzen da beti, eta beti gizonezkoen aurretik. Era berean, kontuan hartu behar da estropada hauek gizonezkoen liga nagusiarekin batera egiten direnez, Euskal Telebistan (ETB1) ematen dituztela.

Beste mugarri garrantzitsu bat, 2010an sortutako Gipuzkoako Traineru Liga izan zen. Gipuzkoako Arraun Federazioak antolatu zuen azken hau, Gipuzkoan zeuden emakumezko traineru guztiei estropada ofizialak jokatzeko aukera emanez, Euskotren Ligak egiten ez duen bezala. Are gehiago, liga hau Gipuzkoatik antolatua izan bada ere, ofizialki lehiatzeko aukera eman die Kantauriko emakumeen traineru guztiei; Gipuzkoako taldeez haratago Kantauriko kostako beste traineru guztiak gonbidatu izan ditu, bizkaitarrak, baita kantabriarrak ere.

Ikusi bezala, emakumeen traineru lehiak gorabehera batzuk igaro baditu ere, 2008an hasi zenetik gaur egunera, gorako bidea eraman du. Selekzioetan antolatu behar izatetik, gaur egun kluben bitartez antolatzen dira; hau da, klub bakoitzak gizonezkoen traineruarekin batera emakumezkoen trainerua antolatzen du, emakume arraunlari asko dago eta. Urtez urte traineruak gehitzen joan dira, eta gaur-gaurkoz euskal kostaldeko arraun taldeak honakoak dira: San Juan, Hibaika, Orio, Donostia Arraun Lagunak, Donostia Kaiarriba,  Hondarribia, Deustu, Kaiku, Hernani, Lea-Artibai, Arkote, Lapurdi eta Mundaka. Gainera, 2017an emakume arraunlariek haien kabuz martxan jarritako prozesu propio baten bitartez, emakume arraunlarien asanbladak burutu dira. Bertan haien baldintzen, estropaden, ligen… inguruan hausnartu eta, noski, federazioei eta ligen antolatzaileei proposamen zehatzak egiteko konpromisoa hartu dute.

Beraz, momentu honetan emakume arraunlariak haien egoeraren inguruko hausnarketa eta ekintza prozesu batean sartuta daude, haiek haien kirol baldintzak nolakoak izan behar duten erabakitzeko asmoarekin. Bide honetan, Emakumeen Traineru Elkartea sortu dute, liga propioa sortzeko helburuarekin.

ERREFERENTZIAK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Zulaika, Luis Mari. (D.L. 2011). Tostako arrauna : irakaskuntzarako baliabideak. Gipuzkoako Foru Aldundia = Diputación Foral de Gipuzkoa ISBN 978-84-7907-658-0. PMC 796353322. (Noiz kontsultatua: 2020-02-20).
  2. Mujer vasca : imagen y realidad. (1a ed. argitaraldia) Anthropos 1985 ISBN 84-85887-59-X. PMC 13123994. (Noiz kontsultatua: 2020-02-20).