Lehendakariaren zina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Antonio Agirreren zinaren oroigarria Gernikako Batzarretxean.

Lehendakariaren zina Eusko Jaurlaritzako lehendakari hautatuak kargua hartzeko egiten duen zin egiteko zeremonia da, Gernikako Batzarretxean egin ohi dena. Juan Ajuriagerrak prestatu zuen formula zehatz batekin 1936ko urriaren 7an egin zuen lehen zina Jose Antonio Agirrek[1]. Eusko Jaurlaritza modernoko lehendakariek ere zina egin izan dute Gernikan, esaldiaren hitz batzuk aldatuz batzuetan.

Lehenbiziko zina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gerra Zibilaren kontestuan, 1936ko urrian Estatutua onartu zen, eta euskal agintaritza autonomo bat ezarri zen Espainiako Errepublikaren baitan, kontrolpean nagusiki Bizkaia besterik ez zuen aginte bat, lehenbiziko Eusko Jaurlaritza. Kontestu horretan, urriaren 7an, Lehendakaria hautatzeko hauteskundeak egin ziren Bilbon. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinegotziek bozkatu eta Jose Antonio Agirre Euzko Jaurlaritzako lehen Lehendakari aukeratu zuten aho batez.

Egun berean, EAJko agintaritzaren ekimenez, egin zen lehendakariaren zina Gernika Batzarretxean. Juan Ajuriagerra orduko EAJko Bizkai Buru Batzarreko prestatu zuen formula, eta euskaraz eta gaztelaniaz irakurri zuen Gernikako Haritzaren azpian Jose Antonio Agirrek. Ukitu sabindarrak dituen bizkaierazko formula bat da, hizkuntza-zuzentasunaren ikuspegitik zalantzazkoa.

« Jaingoikuaren aurrian apalik, Euzko lur ganian zutunik eta Bizkaiko areitz-aspijan asabaen gomutaz nire aginbidia zintzoruen betetia. Zin dagit »
Jose Antonio Agirre, 1936-10-7

Zina gurutze baten eta biblia baten aurrean egin zuen Agirrek. Jean Pierre Duvoisinek euskarara itzulitako Biblia orijinal bat izan zen liburua (argitaratu ziren 256 aleetako bat)[2].

Zinaren aldaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora aurrera joan ahala, zinak aldaerak izan dituː

2009an Patxi Lopezek Lehendakari karguaren promesa egin zuen euskaraz eta gazteleraz Gernikako Estatutuaren ale baten aurrean. Hauek izan ziren bere hitzak:

« Eusko lur gainean zutunik, zuon, hiritarren ordezkarion aurrean, Gernikako Arbolaren azpian, asaben gomutaz, legearen errespetuz, nire agintea ondo betetzeko hitza ematen dut »

[3].

2012an Iñigo Urkulluren zinaren formulaː

« apal-apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, eusko-lur gainean zutik, eta Gernikako haritzaren azpian asaben gomutaz, herri-ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzotasunez beteko dudalako, zin dagit »

[4].

2016an Iñigo Urkullu lehendakariak euskara hutsez erabilitako testua:

« Apal-apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, eusko-lur gainean zutik eta Gernikako haritzaren azpian, asaben gomutaz, herri-ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo beteko dudala zin dagit »

[5]. Lehendakariak “Jaungoikoaren aurrean apalik” adierazpena saihestu zuen, eta, 2012an egin zuen bezalaxe, “apal-apalik jaungoikoaren eta gizartearen aurrean” adierazpenarekin ordeztu zuen. 2012an bezala ez zuen biblia erabili, ezta zinaren mahaian gurutzea jarri ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]