Lekoia-Bekoa baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lekoia Bekoa
Kokalekua
Lurraldea  Bizkaia
Udalerria Berriatua
Orientazioa hegoa
Lua errorea:Modulu:Kokapen_mapa:539: "EH-BI

<-- Kokapen mapa -->" ez da baliozko izena kokapen maparen definiziorako.

Ezaugarriak
Garaia XVI. mendea
Estiloa gotiko-pizkundetar
Oinplanoa karratua
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2007ko abenduaren 18a

Lekoia Bekoa Berriatuan dagoen baserria da.

2007ko abenduaren 18an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplano ia karratuko baserria, 19,5 x 20,5 metrokoa eta hegoaldera begira dago; eraikinak zeharkako lau horma-arte ditu, eta zeharkako bi karga-hormek eta zurezko bost zutabe exentuk osatzen dute; behe solairua, lehen solairua eta ataripeko solairua ditu.

Estalkia hodi-teiladuna da eta bi isuriko zurezko egitura dauka, mantsarda eta guzti ekialdeko faldoian; gailurra hegoaldera ematen duen fatxadarekin luzetara du.

Harresiak, lehen solairuraino, harlanduzko gotikoak dira, ertzak kareharrizko harlanduzkoak dituela; lehen solairutik ganbara bitarteko zatia ageriko harlangaitzezkoa da. Gainerakoa, estalkiarekin bat egiten duen zatiraino, harlangaitzezkoa da, zarpeatua eta zuriz margotua.

Fatxada nagusiak, hegoaldera begira dagoenak, lau ardatz ditu eta erdian arku eskartzano bat, hareharrizko dobelaz egina, diseinu oso landukoak. Moldurak dituen hareharrizko zutabeen gainean bermatuta dago arkua. Arkuaren gainean, erdi-erdian, armarri bat ageri da; zazpi piezez osatuta dago armarria eta, orokorrean, multzoa lauki formakoa da. Alboetan, emakumezko irudien bi biluzi.

Fatxadan dagoen arkua da baserriko sarbide-atea, ateburua harrizkoa, landua eta molduratua duela.

Behe solairuan, erdiko arkuaren alde banatan baoak irekitzen dira; leihoak dira, irtengune zarpeatua dutela fatxadaren gainean. Ezkerraldeko leihoaren ondoan, goiko aldean, erdiko arkurantz, idi-begi txaranbeldu bat irekitzen da kanpoaldera, barrualdea aireztatzeko.

Hegoaldera ematen duen fatxada horretan bertan, lehen solairuaren parean, lau bao dotore irekitzen dira simetrikoki; guztiak harriz inguratuta daude, oinarrietan leiho-barrena dute eta leihoburuetan goiko hauts-babes molduratuak. Bao horietako bat, armarriaren eskuinaldean dagoena, balkoi kareldun bat da.

Hego-mendebaldeko fatxadan, behe solairuan, bi sarbide eta hiru gezileiho ageri dira; eta lehen solairuan, berriz, sei leiho irekitzen dira, guztiak duela gutxi jarriak.

Ipar-mendebaldeko fatxadak behe solairuan sarbidea du, bertara sartzeko; zirkuluerdiko arkua da, dobela handiak dituela. Haren ondoan, zati bakarreko harrizko eskailera dago, zuzenean lehen solairurako sarbidea dena; sarbide horrezaz gain, hiru leiho gehiago irekitzen dira, harlanduz eginak. Fatxada horren horma pikoan, beste bi leiho ageri dira; harlanduzkoak, baina duela gutxi jarriak dira. Alboko estalki bat du, eta horri fatxadak eusten dio lehen solairuko forjaren parean. Estalkiak atzealdeko fatxadaren zati handi bat eta ipar-ekialdera ematen duen fatxadaren zati bat estaltzen du.

Ipar-ekialdeko fatxadan, behe solairuan, hiru leiho ageri dira, zarpeatuta kokatuta. Lehen solairuan, faktura berriko bost bao irekitzen dira; horietako bi terrazarako sarbide dira, lehen aipatu dugun atxikitako estalkiaren gainean egindako terrazarako. Ekialderagoen dagoen ertzean bada eranskin bat, eta estalkiko urak biltzeko erabiltzen da.

Eraikinaren barne-egiturari dagokionez, zeharkako lau horma-artek eta luzetarako sei horma-artek osatzen dute. Aurrealdeko bi horma-arteak zeharkako karga-hormetan bermatzen dira. Bigarren karga-hormaren atzean, pieza bakarreko bost zutoin daude, estalkiraino iristen direnak eta hormigoizko bost zutaberen gainean daudenak —aurrekoak zurezkoak ziren— eta horiek eusten diote atzealdeko bi horma-arteei.

Lehen solairuko forjatuari dagokionez, zurezko solibak jarriak ditu karga-hormen gainean. Hortik gora, zurezko zutoin-ardatzak erabili dira egitura armatzeko, harresietan eta hormigoizko zenbait zutabetan bermatzen dira, eta horiek, itxiturako harresien barnealdean ageri diren harrizko harburuekin batera, ganbarako solairuaren forjatuari eusten diote. Egurrezko zutabeen egiturak estalkiari eusten dio. Zutabeak habeen eta besoen bidez mihiztatuta daude, aho-zirika; eta agerian daudenean, miru-buztan ahokadura erabilita.

Erabilerari dagokionez, aurrealdeko bi habe-arteak etxebizitzakoak dira, eta hauek kokatzen dira horietan: behe solairuan eta lehen habe-artean, sarrerako ataripea erdian, sukaldea hego-ekialdeko ertzean, eta egongela hego-mendebaldeko ertzean. Bigarren habe-artean, zabalera eta luzera guztia hartzen duela, ukuilua baino lehenago dagoen ezkaratza kokatzen da.

Lehen solairuan, bestalde, honako hauek daude: hiru bao dituen egongela zabal barrokoa, haren inguruan lau logela —kalera ematen duten leihoak dituzte—, eta beste bi logela gehiago —barrura ematen dute eta leihorik ez dute—. Lastategian, ukuiluaren gainean, bi etxebizitza egokitu dira duela gutxi.

Lekoia-Bekoa XVI. mendeko baserri dotorea da, erabat berritua XVIII. mendearen bukaera aldera. Arte- eta heraldika-interesa duten elementu asko ditu, fintasun bereziz eginak, etxe-jauregietakoak bezalakoak; esate baterako: itxitura gotiko-errenazentista, atzealdeko zirkuluerdiko arkua, arku eskartzanoa duen ataria, garai manieristako armarri interesgarria, baita barne-egitura ere, sekzio erregularrekoa eta kalitate onez eraikia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa