Lisogenia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Lisogenia edo ziklo lisogenikoa bakteriofago batek bakterio bat infektatzen duenean erreplikatzeko duen bi bideetako bat da (bestea ziklo litikoa izanik).

Lisogenia burutzen duten bakteriofagoek ez dute infektatutako bakterioa epe laburrean suntsitzen, bakteriofago horiek ez baitute bere DNA erabiltzen birus berriak sortzeko (ziklo litikoan gertatzen den moduan); horren ordez, birusaren DNA bakterioaren kromosoman integratzen da (profago moduan) eta bakterioaren ondorengoetara pasatzen da. Lisogenian dauden birusek latentzia egoera batean irauten dute, ez dira erreplikatzen, harik eta kanpoko eragile batek (argi ultramoreak edo zenbait konposatu kimikok, esaterako) berpizten dituen arte. Hori gertatutakoan profagoak birus berriak sortzeari ekiten dio eta ziklo litikoa hasten da, bakterioaren suntsiketarekin bukatuko dena.

Ziklo lisogenikoa, ziklo litikoarekin alderatura

Lisogenian dauden birus guztiek ez dute beren DNA bakterioaren kromosoman integratzen; batzuetan bakteriofagoaren azido nukleikoak era autonomoan dirau, plasmido moduan, erreplikatzeko berezko erritmoa mantenduz.

Sarritan birusaren material genetikoak (profagoak edo plasmidoak) aldaketak ekartzen dizkio bakterioaren genomari. Horretan datza eraldaketa lisogeniko deritzona. Hiru dira eraldaketa horren adibiderik aipagarrienak:

  • Vibrio cholerae bakterioarena, koleraren eragilearena. Bakteriofagorik gabeko bakterioak ez dira patogenoak, baina egoera lisogenikoan daudenak (fago baten eramaileak) patogenoak bihurtzen dira, kolera eraginez.
  • Corynebacterium diphteriae-ren toxinarena. Bakterio horren toxina difteriaren sintomak eragiten ditu. Profago bat eramaten duten bakterioek besterik ez dute toxina hori ekoizten (fago horren genoma toxinaren ekoizpena kodetzen baitu).
  • Escherichia coli-ren bakterioarena. Profagoa eramaten duten andui lisogenikoak patogenoak dira, E. coli enterohemorragiko deritzonak. Bakteriofagorik gabekoek, berriz, ez dute kalterik eragiten.

Lisogenia oso hedatuta dagoen prozesua da, bakterio askotan aurkitu baitira andui lisogenikoak (Pseudomonas generoak, esaterako, profago batekin du andui guztien %90a). Eukariotoetan ez dago lisogeniarik, baina antzeko fenomenoa agertzen da tumoreak eragiten dituzten birusen eta zelula eukariotoen arteko interakzioan.