Vibrio cholerae

Wikipedia, Entziklopedia askea
Vibrio cholerae
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPseudomonadati
FilumaPseudomonadota
KlaseaGammaproteobacteria
OrdenaVibrionales
FamiliaVibrionaceae
GeneroaVibrio
Espeziea Vibrio cholerae
Koch, 1884
Datu orokorrak
Gaixotasunakolera
Gram tindaketabakterio gram-negatibo

Vibrio cholerae Vibrio generoko bakterio Gram negatiboa da, bazilo kurbatuaren itxurakoa eta kolera gaitzaren eragilea. Kolera ur eta janari kutsatuen bidez transmititzen da.

Nahiz eta Filippo Pacini aurkitu 1854an, Robert Koch mikrobiologoa izan zen lehena bakterio hori eta koleraren arteko harremana frogatzen, 1884an. Koch-ek Vibrio comma deitu zion mikrobio patogenoari, koma baten itxura zuelako. [1]

Ezaugarri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vibrio choleraek Vibrio guztien ezaugarri biokimiko eta fisiologikoak ditu: katalasa eta oxidasa (+) da, anaerobio fakultatiboa eta glukosaren hartzidura burutzen du. Mugikorra da eta muturreko flagelo bakarra du.

Urtarra da, ur gezatan eta ur gazikaran biziz.

Laborategian isolatzeko hazkuntza-inguru bereziak erabiltzen dira, sodioa eta pH alkalinoa dutenak. TCBS hazkuntza-ingurua (tiosulfato, zitrato, sakarosa eta behazun-gatzak dituena) oso erabilia da.

Anduiak eta serotipoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vibrio choleraek bi andui patogeno ditu, kolera eragiten dutenak: cholerae anduia eta El Tor anduia. Lehena Koch-ek deskribatu zuen bakterio patogenoa da, eta bigarrena 1960ko hamarkadan agertu zen.

Bi andui horietaz gain, bakterioak 6 serotipo patogenoak ditu.

Patogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «kolera»

Kolera bakterioaz kutsatutako ur edo janariak hartzean harrapatzen da. Gaitza ohikoa da garapen bidean dauden herrialde askotan.

Ur kutsatua edan ondoren, mikrobioak urdailera iristen dira, eta urdaileko pH azidoak askok hiltzen ditu. Bizirik irauten dutenak heste meharrera heldu eta bertan finkatzen dira.

Hestean Vibrio choleraek enterotoxina indartsua ekoizten du, heste meharrari kalte izugarria egiten diona. Toxina hori exotoxina da, eta likido eta elektrolitoen galera eragiten du.

Exotoxina horrek bi azpi-unitate ditu, AMP ziklikoaren zelularen barneko kontzentrazioa areagotzen dutenak [2]. Areagotze horrek beherako bortitzak eragiten ditu.

Vibrio cholerae janarien bidez sartzen bada organismoan (esaterako, molusku infektatuak jaterakoan), kolera sortzeko behar den bakterioen kopurua txikiagoa da uren bidez sartzen bada baino; izan ere, elikagaiek neutralizatzen dute patogenoa hilko lukeen urdaileko azidotasuna [3].

Kolera endemikoa da Asian (Indian. Pakistanen...) eta Erdialdeko eta Hego Amerikako zenbait herrialdeetan. Gaitz larria da, tratatu ezean 3 edo 4 egunetan gaixoen %60 hiltzen duena [3].

Hondakin-urak eta edateko urak ondo tratatuz araztegietan koleraren epidemiak eragozten dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Basaras Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 201 orr. ISBN: 84-8373-658-6
  2. BasaraS Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 202-203 orr. ISBN: 84-8373-658-6
  3. a b Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:978 orr.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]