Los Xey

Wikipedia, Entziklopedia askea
Los Xey
Datuak
JatorriaDonostia
Musika motaherri-kanta
Urteak1940—1961

Los Xey, euskal kantu talde bat izan zen. Jatorrizko izena ''Agrupación Músico-Vocal Los Xey zuen. Erdaraz kantatu ohi zuen talde honek 1940ko hamarkada eta 1950eko hamarkadan jardun zuen 1961 arte. Taldearen ernamuinean sei pertsonak parte hartu bazuten ere, talde egonkorrak bost kide izan zituen. Taldeak bere emanaldietan umore eta txantxa tartekatu ohi zuen, eta Amerikako bere itzulietan heldu zen bere gorenera, arrakasta nabarmenaz. Donostiako Golden Apple Quarter taldeak haren eragina aitortu du, eta berea du, besteak beste, "Camarero ¿Qué hay para hoy?" abesti umoretsu ezaguna.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939-1940 artean Donostian euskal abeslari eta musikariez osatutako talde hau abian jartzeko lehen urratsak eman ziren, hasiera batez Doble Trío Vocal deituz, eta honako sei taldekideek osatzen zuten, hortik taldearen izena: Txomin Arrasate, Clemente Unzurrunzaga, Jesus Larrarte, Jose Eduardo Arrieta, Andres García eta Gaspar Gurrutxaga. Urteen pasaerarekin, kideen joan-etorriak jazo ziren, tartean Xabin Olaskoaga, Xipri Larrañaga, Txiki Lahuerta, Victor Gracia, Pepe Andoain eta Pepito Iantzi. Disko ugari grabatu eta 13 filmetan antzeztu zuten, 8 Mexikon eta 5 Espainian.

Kubatar kazetari batek beraietaz honakoa esan zuen: “Bart Xey taldeak jo zuen… 5 kidek osatzen dute, 4ek abestu… baina 20ek bezala kobratzen dute”. Pepito Iantzi berak diru asko irabazi zutela onartu zuen, baina “ ez zuten gastatzeko adina denbora”. Hortik diru-laguntza eta musikalan benefikoetan parte hartzea, Donostiako San Juan de Dios klinikako lehen Burdinezko Birikaren kasuan bezala.

Taldearen arrakastan garrantzi handia Celia Gámez kantari argentinarrak izan zuen. Horrela zioen Eneko Olasagastik: "Gamezen hasierako gonbidatu gisa emanaldi bat eskaini zuen Los Xeyk Victoria Eugenia Antzokian. Gamezek ikusi egin zituen, eta hor harrobi bat zegoela pentsatu zuen. Kontratatu egin zituen, eta horrela eman zuten profesionalak bihurtzeko saltoa".[1]

Dokumentala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022an Eneko Olasagasti zuzendariak taldearen inguruko dokumentala egin zuen, Los Xey, una historia de película. Filma Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean aurkeztu zuen.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ibarguren, Sara. (2022-10-13). «Musika eta umorea, arrakastarako osagai» Irutxuloko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  2. «Los Xey» www.victoriaeugenia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]