Luis Ortiz Alfau

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Luis Ortiz Alfau
Luis Ortiz Alfau.jpg
Bizitza
Jaiotza Bilbo1916ko urriaren  13a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Bilbo2019ko martxoaren  8a (102 urte)
Jarduerak
Jarduerak aktibista
Zerbitzu militarra
Adar militarra Eusko Gudarostea
Parte hartutako gatazkak Espainiako Gerra Zibila

Luis Ortiz Alfau (Bilbo, Bizkaia, 1916ko urriaren 13aib., 2019ko martxoaren 8a) Errepublikaren aldeko eta frankismoaren kontrako milizianoa izan zen 1936ko gerran. Ahanzturaren kontrako eta memoriaren aldeko borrokalaria, 2000ko eta 2010eko hamarkadetan.[1][2][3][4]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gerra Zibilean, Izquierda Republicana batailoian izena eman zuen. Intxortako guduan parte hartu zuen. Gernikako bonbardaketaren ondoren, hilotzak jasotzen aritu zen: «alde guztietan odola» zegoela gogoratzen zuen, eta oraindik ere amesgaiztoak izaten zituen han bizi izandakoekin. Bonba batek zauritu zuen Kantabrian (Espainia): oraindik zaurituta, ospitaletik ihes egin behar izan zuen, frankistak iritsi zirelako. Portutik atera berri zen iheslarien itsasontzi batera salto egin zuen. Frantzia, Bartzelona, Huescako frontea... Preso hartu eta Gurseko kontzentrazio esparruan sartu zuten, Okzitanian; Luis zen XXI. mendean oraindik bizirik zirauen preso ohi bakanetakoa. Hendaiatik muga pasatzen ari zela atxilotua, Deustuko kontzentrazio esparrura eraman zuten. Gero, Miranda Ebrora (Burgos, Espainia). Frankismoaren langile batailoietako esklabo izan zen Pirinioetan: hala ere, «pribilegiatu bat» izan zela zioen, pikotxarekin eta palarekin jardun beharrean bulego lanetan aritu zelako. Hori guztia pasatuta ere, Ferrolen (Galizia) soldadutza egitera behartu zuten.[1]

Gerra hasi eta zazpi urtera bueltatu zen etxera, Bilbora. Garai hartako 5.000 pezeta ordaindu behar izan zizkion Uralita enpresako arduradun bati, lan egin ahal izateko. Urteak egin behar izan zituen isilik, frankismoaren aldeko bizilagunez inguratuta. 1936ko gerra gogorra izan zela zioen; baina gerraondoa, gogorragoa.[1]

Urte askoan bizipen haiek isilean gorde zituen, frankismoaren errepresio gogorraren eraginez.[5] XXI. mendearen hasieran, ordea, Eusko Jaurlaritzak 1936ko gerrako biktimentzako konpentsazioak onartu zituen, eta Ortizi ukatu egin zioten, ez zeuzkalako preso egon zela frogatzen zuten agiriak. Epaitegietara jo zuen, eta irabazi, beste batzuekin batera. Eta jendaurrean hitz egiten hasi zen. Memoria historikoaren aldeko mugimenduak, omenaldiek, hitzaldiek eta komunikabideetako elkarrizketek berpiztu zuten. Frankismoan bizi izandako izugarrikerien berri ere eman zion Maria Servini epaile argentinarrari, frankismoaren kontrako kereilaren barruan.[1]

«Nik banuen obsesio bat: ezin izango nuela ezer esan», esan zuen 2016an. «Orain, hitz egiten hasi naizela, ez nau inork isilduko».[1]

Memoria bizia eta kementsua zen Ortiz Alfau: adinaren ajeei aurre egiteko zuen bizitasunagatik eta eskatzen zioten leku guztietan uzten zuelako hark bizi izandakoaren lekukotza gordina, memoriaren argitasuna eta bere izaera adeitsuaren eta kementsuaren arrastoa.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f   «Bizitza borrokari emana» Berria 2019-03-10 . Noiz kontsultatua: 2019-03-11 .
  2. (Gaztelaniaz)  Gorriti, Iban (2019-03-09) «Luis Ortiz Alfau, el histórico hombre tranquilo de Bilbao. Deia, Noticias de Bizkaia» Deia . Noiz kontsultatua: 2019-03-11 .
  3. (Gaztelaniaz)  Hernández de Miguel, Carlos (2019-03-08) «Muere Luis Ortiz, uno de los últimos esclavos del franquismo, a los 102 años» El País ISSN 1134-6582 . Noiz kontsultatua: 2019-03-11 .
  4. (Gaztelaniaz)  Goikoetxea, Agustin (2019-03-08) «Fallece el centenario miliciano Luis Ortiz Alfau, luchador por la memoria histórica» Naiz . Noiz kontsultatua: 2019-03-11 .
  5.   Elustondo, Miel Anjel (2016-04-10) «Luis Ortiz Alfau, 1936ko gerran miliziano: “40 urte igaro genituen ezpainak lotuta, arrainak bezain mutu”» Argia (2502) . Noiz kontsultatua: 2019-03-11 .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz) Izagirre Olaizola, Ander: El siglo de Luis Ortiz Alfau: Cien años de vida que han atravesado la guerra, los campos de concentración, el silencio obligado del franquismo y, por fin, la memoria recuperada, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2016, ISBN 978-8445734117.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]