Madge Addy
Madge Addy | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Rusholme, 1904ko otsailaren 18a |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Heriotza | Hendon, 1970 (65/66 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | militarra, espioia, erizaina eta ile-apaintzailea |
Jasotako sariak |
Marguerite Nuttall Addy (Rusholme, Erresuma Batua, 1904ko otsailaren 18a - Hendon, 1970), Lightfoot, Holst eta Hansen izenekin ere ezaguna, Espainiako 36ko Gerran erizain eta Bigarren Mundu Gerran espioi lanetan aritu zen.[1][2]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rusholmen jaio zen, Manchesterren, langile-familia batean, eta lau anai-arreba zituen.[2][3] 1930ean Arthur W Lightfoot-ekin ezkondu zen Manchesterren eta ile-apainketako negozio batean aritu zen lanean Chorlton inguruan.[4] Erizain titulua ere eskuratu zuen.[2]
1937an Espainiara heldu zen Espainiako 36ko gerra garaian, eta Nazioarteko Brigadekin lan egin zuen erizain buru gisa, Gaztelako Uclésetik gertu dagoen monasterio batean.[5] Garai hartako prentsak berak egiten zituen odol-transfusioak nabarmendu zituen.[3][5] Ez zen 1938ko amaieran itzuli Nazioarteko Brigadekin, erizain bakarra bezala geratu zen eta Espainiatik alde egin zuen azkena izan zen.[4][5] Gerraren amaieran, 1939an, atzerritar gisa atxilotu eta espetxeratu egin zuten, nahiz eta gobernu ingelesak hala eskatuta askatu egin zuten.[5]
Erresuma Batura itzuli zenean, Addy lehen senarrarengandik dibortziatu zen eta Wilhelm Holst norvegiarrarekin ezkondu zen, Espainiako monasterioan ezagutu zuenarekin[2][3] Bikotea Parisera joan zen bizitzera, eta Britainia Handiko Inteligentzia Zerbitzuak errekrutatu zituen.[2]
Biak Operazio Berezietako Zuzendaritzara batu ziren, eta alemaniarrak 1940an sartu zirenean, Marseillara joan ziren MI9an lan egitera, Britainia Handiko Gerra Bulegoko departamentu batean.[2][3][5]
Ian Garrow eta Pat O'Learyrekin batera, "Garrow-O'Leary" ihes-lerroaren sorreran parte hartu zuen Addyk, Frantziatik Espainiara ihes egiteko ibilbide bat, soldadu aliatu, preso iheslari eta hegazkin soldaduentzat.[2][3][6] Gainera, agente sekretuei eta erresistentziako kideei ezkutatzen lagundu zien, janaria eta nortasun faltsuen dokumentazioa emanez, ihes egitea errazteko.[2]
Norvegiako herritar gisa bidaiatu zuen, hegazkin alemaniar batean Portugalera, herrialde neutralera, bere berokiaren forruan ezkutatu zuen informazio sekretu eta baliotsua emateko.[2][3]
Ezkontza Britainia Handiko Inteligentzia Zerbitzuaren tranpatzat jo zuten, eta 1945ean baliogabetu egin zuten.
Gerra ostean, hirugarren aldiz ezkondu zen Thorkil AD Hansen agente sekretuarekin, Londresen, 1955ean.[2] Marguerite Hansen bezala hil zen Hendonen, 1970ean.[2] Thorkil 1966an hil zen.
Aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Britainiar Inperioaren Ordenako (OBE) ofizial izendatu zuten 1946ko urtarrilean, Frantzia okupatuan egindako lanagatik.[1][2][6]
- 2018ko maiatzaren 12an, Manchesterreko alkateak, Eddy Newman zinegotziak, Royal British Legioneko eta International Brigade Memorial Trusteko ordezkariekin batera, Manchester Roaden (Chorlton) plaka urdin bat erakutsi zuen.[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Britton, Paul. (2017-01-10). «The extraordinary story of 'Chorlton's own Charlotte Gray'» Manchester Evening News.
- ↑ a b c d e f g h i j k l «The remarkable Rusholme nurse who went on to be a spy for the British secret service» I Love Manchester 2020-03-06.
- ↑ a b c d e f White-do-not-use, Steve. (2017-01-11). «The undercover hairdresser who helped win World War Two» mirror.
- ↑ a b Britton, Paul. (2018-03-31). «Chorlton hairdresser who helped bring down Hitler to be honoured with plaque» Manchester Evening News.
- ↑ a b c d e «The International Brigades: beyond the myth» www.spiked-online.com.
- ↑ a b OpenUpAdmin. (2017-02-28). «A Chorlton Comrade» Open Up Magazines.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ jeffsmithmp. (2018-05-14). “A brave and remarkable woman” – Jeff’s tribute to Madge Addy at memorial plaque unveiling. .