Maitiak galdegin zautan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maitiak galdegin zautan
Jatorria
Ezaugarriak

Maitiak galdegin zautan euskal kanta herrikoia da, Musika eta hitzak herrikoiak dira.

Bertsio grabatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970ean Jean-Marc Halsouet musikari lapurtarraren bakarkako Xano albumean agertu zen bertsio elektroniko bat.[1]

1978an Urria folk taldeak grabatu zuen Argi tirrintan... albumean (Gravure Universelle).[2]

1970eko hamarkadaren amaieran Erramun Martikorena baxenabartar kantariaren bidez zabaldu zen Hegoalden. Izugarri ezaguna egin zen eta geroztik euskal kantagintzako abesti klasiko bihurtu zen. 3/4ko erritmoan jotzen da geldo xamar, ia bals baten tankera hartzen duelarik.[3] 2001ean grabatu zuen Martinikorenak kantu hau Kantuz sortu naiz eta albumean.[4][5]

Imanol Larzabal abeslariak 1987an Joan-etorrian albumean oso ezagun bihurtuko zen beste bertsio bat argitaratu zuen. Album horretan beste 20 abesti zeuden, gehienak oso ezagunak, esaterako hauek: Poeta kaxkarra, Euskadin, Castillan bezala, Lau haizetara, Mendian gora, Mayo, Nire euskaltasuna, Oroimeneko portua, Ilun-ikarak edo Maitasunaren sutegia.[6][7] Geroago Imanolek 1999ko Oroitzen albumean ere kantatu zen abesti hau.[8]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsolaritzaren datu-basean beste izen pare batekin ere aurkezten dute doinua: Abenduaren lauean eta Ehun libera balio. Abestia Aita Donostiak, Azkuek eta Christofph Dufau-k jaso zuten. XIX. mendekoa da eta Lekarozen jaso zuten.[9]

Azkuek beste doinu batean jaso zituen "Maitiak galdegin zautan" izeneko koplatxo ezagunak eta argitaratu bere Cancionero 856 zenbakian, "Maiteak erran zerautan" izenez eta doinu berdinean Gure Herriak ere 1924 urteko 20. doinuan "Niri maiteak erranà" izenez. Gure Herria aldizkarian Urruñako behorrari buruzko Ehun libera balio izeneko bertsoak datoz doinu honetan 1932 urteko lehenbizkoan eta 1921 urteko hemeretzigarrenean berriz Ikus arte izenburuarekin "Hasten naiz orai kantatzen" izenekoak; gero Kantuz liburuak ere berdin jarraitu zion Gure Herriari, ohi bezala, eta berdin gero Arratia jaunak bere lau tomotako bilduman Auñamendi sailean.[9]

Kantuaren hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira kantuaren hitzak:[10]

Maitiak galdegin zautan,
polita nintzanez (bis)
polit, polit nintzela baina,
larrua beltz, larrua beltz.
Maitiak galdegin zautan,
premu nintzanez (bis)
premu, premu nintzela baina,
etxerik ez, etxerik ez.
Maitiak galdegin zautan,
boltsa banuenez (bis)
boltsa, boltsa banuela baina,
dirurik ez, dirurik ez.
Maitiak galdegin zautan,
lana banuenez (bis)
lana, lana banuela baina,
gogorik ez, gogorik ez.
Gaixoa, hil behar dugu,
guk biok gosez (bis)
gosez, gosez hil behar baina,
elkar maitez, elkar maitez.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Halsouet, Jean-Marc. (1970). «Xano» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  2. URRIA. «Argi tirrintan...» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  3. Maitiak galdegin zautan. trikitixa.eus.
  4. «Kantuz sortu naiz eta» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  5. Martinikorena, Erramun. Maitiak galdegin zautan. Erramun Martinikorena - Youtube (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  6. Larzabal, Imanol. (1987). «Joan-etorrian» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  7. Maiteak galde egin zautan (Imanol Larzabal). Gabi de la Maza - Youtube (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  8. Larzabal, Imanol. (1999). «Oroitzen» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  9. a b Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale Elkartea. «Abenduaren lauean - Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Bertsolari Elkartea) (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  10. «Maitiak galde egin zautan» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]