Maria Ana Sanz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Ana Sanz Uharte» orritik birbideratua)
Maria Ana Sanz

Bizitza
JaiotzaIrañeta1869ko apirilaren 29a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaIruñea1936ko maiatzaren 25a (67 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakeskola zuzendaria

Maria Ana Sanz Uharte (Irañeta, 1868ko apirilaren 29a - Iruñea, 1936ko maiatzaren 25a) nafar irakasle eta pedagogoa izan zen, Nafarroako Maistren Eskolako zuzendaria 1906-1931 bitartean. Emakumeen eta haur baztertuen aldeko ekimen asko sustatu zituen. Haren izena darama Iruñeko ikastetxe publiko batek.[1] Karmele Saint-Martinen eta Jose Maria Nabatzen ama izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Ana Sanz Uharte Irañetan jaio zen 1868ko apirilaren 29an. Aita, Mariano Sanz, Iruñeko Marrazketa Eskolako irakaslea zen, eta ama, Mercedes Uharte, Kale Nagusian zegoen Huarte Ikastetxeko sortzaileetako bat. Irakasle ikasketak egin zituen Iruñean eta Zaragozan. Madrilen, harremanak izan zituen Institución Libre de Enseñanzarekin. 1890ean, 22 urte zituela, Teodoro Nabatzekin ezkondu zen; hamar seme-alaba izan zituzten.[2]

Oposizioak gainditurik, Iruñeko Eskola Normaleko irakasle postua erdietsi zuen 1901ean. Bere hezibide liberalari jarraiki, aldaketa sakonak ezarri zituen Maistren Eskola Normalean, 1906an zuzendari izendatu zutenetik. Oinarrizko ikastetxea zena goi mailako bihurtu zen haren agintaldian, eta irakasgai berriak sartu ziren, euskara barne.[2] Heziketa eta gizarte-laguntza egitasmo ugari jarri zituen abian, hala nola, eskola-kantinak, udalekuak, udako ikastegia eta eskola-jantzitegia. Emakumeen sustapenaren eta hezkuntzaren aldeko apustua egin zuen, eta Nafarroako Eskola Normalaren Emakumezko Ikasle Ohien Elkartea sortu zuen 1920an.[3] Zuzendari kargua 1931n utzi zuen, Iruñeko maisuen eta maistren eskolak batu zirenean.[2]

1932an alargundurik, nekatzeke eutsi zion lanari: Nafarroako Eskola-Kontseilu Probintzialeko kide, Pedagogia irakasle, Nafarroako Ateneoko Ohorezko Batzordeko kide, hizlari, artikulugile, oposizioetako epaimahaikide... Iruñean hil zen, 1936ko maiatzaren 25ean.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. María Ana Sanz y Huarte. Real Academia de la Historia, dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2021-7-11).
  2. a b c d Guibert Navaz, Amelia. María Ana Sanz (1868-1936). Euskonews, 506. zenbakia, euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-7-23).
  3. Iriarte Aranaz, Guillermo. Nafarroako eskolaren historia ilustratua (1828-1970). oroimena.bera.eus (Noiz kontsultatua: 2021-7-23).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]