Maritxu Housset

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maritxu Housset
Bizitza
JaiotzaArbona1981eko maiatzaren 19a (42 urte)
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakpilotaria
Pilota
 
Elizondoko trinketea

Maritxu Housset (Arbona, Lapurdi, 1981eko maiatzaren 19a), euskal gomazko paleta pilotaria da. Bost aldiz munduko ezker paretako eta trinketeko txapelduna izan da.[1][2]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita herriko pilota elkarteko entrenatzailea zen, eta umetan eskuz bakarrik jokatzen zuen, elkarteko mutilekin, baina gero palaz hasi behar izan zuen (ohitura da mutilek esku hutsean eta neskek palan egitea) eta halaxe jarraitu zuen. Housseten pilota sustraiak esku-huskan hondoratzen dira, eta oraindik ez ditu atera. Telebistako partidak ere ikusten ditu. Bizitza guztian palaz jokatu ondoren, esku-huska lehiatzeko aukera izan du azken urteetan, hala frontballean nola ezkerparetan pilota gogorrarekin. Nahiago du frontballean, eskuekin gutxiago sufritzen duelako.

Maritxu Housset gimnasia irakaslea da Donibane Lohizunen (Lapurdi). Lana kirolaz uztartzen du.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002an, 2006an eta 2014an, hiru aldiz izana zen trinketeko munduko txapeldun.

2018ko urriaren 24an Urrezko bi domina lortu zituen sei orduan, Bartzelonan jokaturiko trinket partida batean. Maritxu Housset pilotaren historian sartu zen, ezkerparetako eta trinketeko munduko txapeldun izan baitzen egun berean. 37 urterekin, bi jokamoldeetan jardutearen «erronka» jarri zion bere buruari, eta arrakastaz gainditu zuen. Housseten ustez, ezker paretan Amaia Irazustabarrena eta Maider Mendizabal Mexikoren aurka jokatutako finalerdiaren ostean, nekatuta iritsi ziren eta ezin izan zuten beren jokoa erakutsi. Ondo merezia zuen tokia du arbonarrak, bost aldiz izan baita nagusi mailako munduko txapeldun. Haussetek hauxe gogoratu zuen:

«Xantza ukan nuen, final bat goizean zelako eta bestea arratsean. Bitartean, jateko eta atseden hartzeko denbora izan nuen.»

Goizez, lehenbizi, 10:00etan, ezkerparetako finala irabazi zuen, Aizkoa Iturrinorekin, eta, 16:00etan, Stephanie Leizarekin, trinketekoa. Ospakizunetarako tarterik ez bien artean. Emakumezko pilotari batek halakorik lortu duen lehen aldia da. Bartzelonako izarra izan zen. aurreko urtean, 2017an ezkerparetako txapeldun izan zen Munduko Kopako proba batean. Emaitza horrek konfiantza eman zion bere buruari «erronka» hori lortzeko:

«Urte gogorra izan da; astean bitan entrenatu naiz ezkerparetan, beste hainbestetan trinketean, eta saio fisiko bat. Duela lau urte eskaini izan balidate, ez nukeen onartuko, baina, iaz, hirugarren aldiz ama izan ondoren, sendo nabaritu nuen gorputza, eta baietz esan nion eskaintzari»

Euskal selekzioa dela-eta, Bartzelonan Frantziako selekzioarekin aritu zen, eta etorkizunera begira zail ikusten zueneuskal selekzioarekin aritzea. «Oroitzen dut 2002an, Iruñean, argazkia-eta atera genuela euskal selekzioaren elastikoekin. Bartzelonan ez zen ezer entzun. Nik onartzen dut ez dudala gaiaren inguruan indar handirik egin. Garbi dut polita litzakeela selekzioa edukitzea, baina Nazioarteko, Espainiako eta Frantziako federazioak aurka izanda zaila da onartua izatea.Txapelketa asko hobetuko litzateke; beste selekzio indartsu bat litzateke».

2022an Biarritzen (Lapurdi) egingo den Laugarren Munduko Txapelketa jokatu nahi du, etxetik hurbil egonda, gainera. Berarentzat azkenekoa, nazioartean jokatzeari utziko dio adinagatik eta lanarekin eta familiarekin mailari eustea zaila izateagatik. Frantziako eta etxeko txapelketetan jarraituko du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eizmendi, Imanol Magro. «Urrezko bi domina sei orduan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-19).
  2. (Frantsesez) «Maritxu HOUSSET-CHAPELET» Pays Basque Excellence (Noiz kontsultatua: 2022-05-19).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]