Edukira joan

Martxelina Lopetegi Olaiz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Martxelina Lopetegi Olaiz
Bizitza
JaiotzaOiartzun1864ko urtarrilaren 1a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaOiartzun1930eko urtarrilaren 1a (66 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria

Martxelina Lopetegi Olaiz (Oiartzun, Gipuzkoa, 1864ko urtarrilaren 1a1930eko urtarrilaren 1a) bertsolaria izan zen.[1]Emakume aitzindaria bertsolari munduan.[2]

Martxelina Oiartzungo Ergoien auzoko Galtzadeta (Galtzata) baserrian jaio zen. Bertsozale amorratua. 1907an, 43 urte zituela, Juan Kruz Irastortzarekin Zabale baserrira ezkondu zen.[3]Ezkondu ondorengo bertsorik edo bertso jardunik ez da jaso.

Garai haietan emakumeek bertsotan egitea erraza ez zen arren, Martxelina bertsolaria izan zen. Aita Zavalak berari buruz gogoratutakoa eta bertso gutxi batzuk jaso ahal izan zituen: Erromerietan eta jaietan bertsotan jardutea gustuko omen zuen, batzuetan entzuten zegoen lekutik eta beste batzuetan bertsolariengana hurbilduta. Martxelinaren lau ahizpek eta lagunek ez omen zuten gustuko Martxelinaren zaletasun hau eta haserre egiten omen zioten.[4] Jaietan Galtzadetara inor laguntzera joandakoekin ere bertsotan aritzen omen zen, eta edozein momentutan erantzuna ere bertsotan ematen zuela Martxelinak. Bizia eta ausarta zela edozein gizonekin bertsotan aritzeko, eta gizasemeen moduko ahots altua zuela.

Agustin Mendizabalek, Oiartzungo Hau leku aittorra[5] lanean jasota duen bezala, Laxaro eta Joxe Miel Eskudero Lekuonaren kontaerari jarraituaz, Artikutzan urtero bertsolari txapelketa egiten zen San Agustin jaietan, abuztuan. Urte batean, Martxelina eta Txirrita aritu ziren, eta bertso ezagun hauek kantatu zituzten, jarritako gaiari erantzunez. Urte horretan, bi bertso horien ondoren saria Martxelinari eman zioten (doinuak aipatutako liburuan bertan aurki daitezke).[4]Hona hemen, Txirritaren bertsua eta Martxelinaren erantzuna.


Txirritak:

Aditu bihaituzu

nere abisuak

hoyek izango dira

gauza prezisuak

jakiñaren gañian

jarri gurasuak

bestela ez du baliyo

nere desiuak.


Martxelinak erantzun:

Aitakiñ eta amakiñ

konpontzen naiz ondo

haitaz eskusarikan

jartzerik ez dago;

jakiñaren gañian

dirade lenago

libertadia hartua

aspaldiyan nago.


Hau leku aittorra lanean, Martxelinak ere emakumeek bertsotan jasan behar izaten zituzten irainak jasan behar izan zituela dakar, Laxaro Eskuderoren bidez jakinda:

"Goizuetako Kaiku esaten ziotena aitzen zen kantari zerbatte –baño ez zen bersolaiya, e?-, ta harrek astokei batzuk esanak, gaizki esanak, puta bat izango balitz bezela, postura hortan. Ta [Martxelinak] geyo ez zela jongo esan ‘men zun, plaza(ra), ta ez ‘men zen jon geyo. Hoi ‘re aittu izan dut. Kaiku, ikazkin aitzen zen, ta herrira etortzen bazin beti mozkorrak, biño [bertsolari bezala] ez zun baliyo ezer.Joxe Miel Eskuderok zioenez, Martxelina ez zen tabernetara joaten, kantatzera, edozer gauza entzun behar izaten baitzuen…!, baina “bersolai ona ‘men zen, gue attak hala ‘saten zun”.[6]

Oiartzungo bertso eskolak bere izena aldatu eta aurrerantzean Martzelina Bertsozale Elkartea izatea erabaki du.[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Iametza. «Martxelina Lopetegi Olaiz» www.bestekaleak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
  2. «Las pioneras de la bertsolaritza» EITB Radio Televisión Pública Vasca (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
  3. «Martzelina eta Amerikanoa» bertsoa.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
  4. a b «Martxelina Lopetegi eta Txirrita» bertsoa.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
  5. (Ingelesez) Mendizabal, Agustin. (2017). «Hau leku aittorra! Oiartzun haraneko kanta eta bertso zahar bilduma berria» issuu.com (Oiartzungo Udala): 45-47. ISBN 978-84-88917-43-0. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  6. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Martxelina Lopetegi - Biografías - BDB. Base de datos sobre bertsolarismo» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
  7. Erik, Gartzia(e)ko. (2023-04-14). «Bertso eskola Martzelina Bertsozale Elkartea bilakatu dela ospatuko dute» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-04-18).
  • Mendizabal, Agustin. “Hau leku aittorra! : Oiartzun haraneko kanta eta bertso zahar bilduma berria”. Oiartzun: Udala, 2017.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]