Maxixatzen Euskaldunon Elkartea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen logoa.

Maxixatzen Euskaldunon Elkartea Azkoitiko (Gipuzkoa) euskara elkartea da, 1996an sortua. Haien lehen ekimena Maxixatzen aldizkaria sortzea izan zen. 1996an, lagun talde bat elkartu eta euskara hutsezko aldizkaria argitaratzen hasi ziren, hilean behin, eta etxez etxe doan banatzeari ekin zioten. Herriko merkatariei esker finantziatu zen proiektua bere hastapenetan. Haietaz gain, bazkideek osatu dute elkartearen beste oinarri sendoa urteetan zehar.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maxixatzen aldizkariaren lehen alea 1996ko abuztuaren 14an kaleratu zen, herriko festen (Andramaixek) bezperan. Lagun talde batek euskarazko herri aldizkaria sortzearen ideia hura gauzatu zuenean artean ez lokalik, ez materialik ezta plangintza argirik ez zutenean. Garai hartan Maxixatzen euskara elkarteak kudeatzen zuen aldizkaria eta hura zen euren zereginik nagusiena. Guztira 2.500 ale inguru banatzen ziren Azkoitiko herritarren artean, beti ere doan. Herriko merkatarien eta bazkideen ekarpenei esker finantzatu izan da proiektua. Denborarekin iritsiko ziren Azkoitiko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak ere.  

Sortu eta gutxira, Topagunea euskara elkarteen federazioaren parte izatea erabaki zuen Maxixatzenek. Gainera, 1998an, kultur ekimenak antolatzen hasi zen Azkoitiko euskara elkartea[1]: kontzertuak, bertso-saioak, hitzaldiak eta abar. Bere kabuz zein Topaguneak koordinatutako Kultur Errota zirkuituaren baitan antolatzen zituen ekimenak. Aldi berean, euskara babesteko hainbat egitasmo bultzatu izan ditu elkarteak, hala nola, Korrika, Bai Euskarari dinamika, Errigora, Euskaraldia…[2] Azkoitiko Euskara Mahaiaren parte ere bada Maxixatzen, eta herrian euskarak izan duen egoera ikertu eta datuak biltzen ere aritu da azken urteetan, besteak beste, soziolinguistika ikerlanak sustatuz eta kale-erabilerari buruzko txostenak osatuta.[3]

Bi liburu ere argitaratu ditu Maxixatzenek mende laurdeneko ibilbidean: Lander Mujika Garmendia, Haritz Elorza Lasa, Azkoitiko gaitzizenak (2004); eta ASKOREN ARTEAN: Azkoititik begiratuta, 1996-2006 (2006). Azken urteetan, Maiatzeko Lorak eta Orbel Jokoak ekimenak antolatu izan ditu euskara elkarteak, baita Azkoitiko Udalarekin elkarlanean antolatutako liburu azoka bat ere.

1996an aldizkariaren lehen zenbaki hura kaleratu zenetik, Maxixatzenen komunikabide proiektuak aldaketa asko ezagutu ditu. Aldizkaria hamabostekaria izatera pasatu zen lehenengo, eta astekaria gero, 2003ko udazkenean. 2009an, aldiz, zailtasunek eraginda, komunikabidearen aldi baterako etena iritsi zen. Nahiz eta herri komunikabide proiektuak etena izan, taldeak barne dinamikan jarri zuen indarra eta euskara elkartea berritzen eta  sendotzen asmatu zuen[4][5].

2015. urtean berrekin zion elkarteak komunikabideari[6]. Berrikuntzekin kaleratu zen Maxixatzen; izan ere, aldizkariaz gain, maxixatzen.eus atari digitalarekin nahiz sare sozialekin aurkeztu zen herrian.[7] 2020. urtetik Maxixatzen herri komunikabidea ez dago euskara elkartearen baitan, Urolako Komunikazio Taldearen (UKT)[8] baitan baizik. Baleike, Erlo Telebista, Karkara, Urola Kostako Hitza eta Uztarria-rekin batera tokiko sei komunikazio proiektu solteren lekuan, komunikazio proiektu sendo bat osatu zuten orduan[9].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]