Miguel Jaureguiberry

Wikipedia, Entziklopedia askea
Miguel Jaureguiberry
Bizitza
Jaiotza1871
Herrialdea Uruguai
Heriotza1953 (81/82 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea

Miguel Jaureguiberry Recayte (Montevideo 1871[1] - Jaureguiberry 1953) injeniari agronomo[2] eta ekintzaile euskal-uruguaitarra izan zen, Canelones udalerriko kostaldean 1000 hektareatako hareatza batean Jaureguiberry izeneko balneario-aren[3] sortzailea.

Datu biografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balnearioaren proiektua abiatu zuenerako, Miguelek 60 urte inguru zituen; lehen, Uruguaieko beste zonaldeetan ibilia bazen ere, ez dago horri buruzko informazio handirik, salbu eta 1890ean, Uruguaiko Club Nacional de Velocipedistas txirrindulari elkartearen sortzaileetako bat izan zela.[4]

Balnearioaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miguelek Canelonesen itsasoratzen den Solís Grande ibaiaren ondoan hareatza bat begiz jo zuen, bertan gune berezi bat planifikatu zuen etxebizitzak, basoa eta hondartza uztartuz. Horretarako 1000 hektareatako lur sail bat erosi zuen, eta bertan eraikitako etxola batean bizitzera jarri zen. Berarekin batera joan ziren Miguelekin lehenago lan egindako zenbait peoi, eta errekaren bestaldeko tren geltokira joan-etorriak egiten zituen txalupari bat; haiekin egingo zituen parkearen lehen obrak. 1937an administrazioan proyecto de fraccionamiento onartu bazioten ere, lanak estatuaren laguntza edo esku hartzerik gabe abiatu zituen.[5] Are, saiatu arren, 60 urtean zehar ez zuen lortu Montevideoko gobernu erakundeen aldetik arretarik.[6]

Ekintzaile hauen lanaren zati handi bat forestazioa izan zen: mintegietan landareak haztea, eta indartutakoan idi-gurdietan zoru hareatsuetara eramatea, han landatzeko. Besteak beste, 600 hektareatan pinua sartu zuen.[7] Kolonoen artean batez ere europar etorkinak zeuden: Steiner juduak, Kruzelnisky ukrainarrak, Sorensen alemaniarrak, Lowry ingelesak, Nava italiarrak, Lefco balkaniarrak, Papp hungariarrak... Lanok ehundaka biztanle berri erakarri zituen.[8]

1939an, Miguelek emandako lur batzuetan Yacht Club deritzon klub nautikoa eraiki zen, Jaureguiberryko biztanleen bilgune sozial nagusia bihurtu zena. Gaur egunean, ibaia gurutzatzen duen zubiaren ondoan dago, eta bere moilak zenbait arrantzalek baino ez dituzte erabiltzen.[9]

1940ko hamarkadan Liga de Fomento izenekoa legalki sortu zen, udal bulegoen faltan biztanleen eta administrazioaren arteko bitartekari lana gaur arte egiten duena.[7] Bere ekimenez osasun etxea eta liburutegia sortu ziren, gaur egunean martxan daudenak; baita garai batean suhiltzaile postu bat ere.[9]

74 urterekin, Miguelek balnearioaren proiektua lortutzat eman zuen. Ekimen honen azpian hautu politiko argiak egon ziren: deszentralizazioa, kultura, naturarekin harreman estuagoa,[5] bizimodu osasuntsua eta ekologismoa avant la lettre bultzatzea.[2] Bera hil arte, balnearioan ez zen egon poliziarik, epailerik edo estatu-funtzionariorik, eta hango bizimodu baketsuak intelektualak eta artistak ere erakarri zituen.[5]

Miguel Jaureguiberryk beste zenbait parkeren sorreran ere parte hartu zuen, hala nola ondoan dagoen Parque Balneario Solís (Maldonado) eta Parque Andresito (Rocha).[5]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miguel Jaureguiberryk 14 idazlan argitaratu zituen bere bizitzan.[6]

Bestalde, bere bizitzari buruzko zenbait lan argitaratu dira:

  • Piedra-Cueva Azpiroz, Silos. 2011. Tierras Vírgenes, desafío para el impulso sin frenos. Estampas de la vida de Miguel Jaureguiberry Recayte.
  • Piedra-Cueva Azpiroz, Silos. 2011. Miguel Jaureguiberry ciudadano y ruralista. Autoedizioa.[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Miguel Jaureguiberry | Autores.uy» autores.uy (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  2. a b (Gaztelaniaz) Press, U. Y.. «Victorias DD. (dudosas y dolorosas)» mysitename (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  3. Latinoamerikan, balnearioak bainua hartzeko moduko hondartza guneak dira; hitz honek ez du, beraz, Espainian duen bainuetxe esanahi bera.
  4. «Vista de Turismo en bicicleta en el Montevideo de principios de siglo XX. El caso del Club Nacional de Velocipedistas (1904-1909) | Claves. Revista de Historia» ojs.fhce.edu.uy (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  5. a b c d Jaureguiberry, Grupo Ecologista Parque Balneario. (2011-01-02). «Grupo Ecologista de Jaureguiberry: Breve historia del Parque Balneario Jaureguiberry» Grupo Ecologista de Jaureguiberry (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  6. a b «Presentaron libro acerca de la vida de Miguel Jaureguiberry | EL CORRESPONSAL» diarioelcorresponsal.blogia.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  7. a b «El último orejón de la Costa de Oro - Diario EL PAIS - Montevideo - Uruguay» web.archive.org 2013-10-29 (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  8. «Tierras vírgenes. Estampas de la vida de Miguel Jaureguiberry» tierradentro.com.uy (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  9. a b «Jaureguiberry en una encrucijada - Diario EL PAIS - Montevideo - Uruguay» web.archive.org 2011-09-07 (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  10. (Gaztelaniaz) Miguel Jaureguiberry ciudadano y ruralista | ISBN 978-9974-98-266-6 - Libro. (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]