Uruguai

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Uruguaiko Ekialdeko Errepublika
República Oriental del Uruguay
Uruguaiko bandera
Bandera

Uruguaiko armarria
Armarria

Goiburua: Libertad o Muerte
( Askatasuna ala Heriotza )
Nazio ereserkia:
Orientales, la Patria o la tumba
Uruguai: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Montevideo
34°53′S 56°10′W / 34.883°S 56.167°W / -34.883; -56.167Koordenatuak: 34°53′S 56°10′W / 34.883°S 56.167°W / -34.883; -56.167
Hizkuntza ofiziala(k) Gaztelania
Gobernua
Presidentea
Errepublika
José Mujica
Independentzia
Brasilgo Inperiotik
- Aldarrikatua 1825eko abuztuaren 25ean
- Onartua 1828ko abuztuaren 28an
Eremua
• Guztira
• Ura

176.220 km² (91.)
% 1,5%
Biztanleria
• Zenbatespena(2005)
• Errolda (2011)
• Dentsitatea

Herritarra

3.415.920 (135.)
3.286.314
18,78 biztanle/km²

uruguaiar
Dirua Uruguaiko Pesoa (UYU)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC -3)
Bai (UTC -2)
Interneteko domeinua .uy
Telefono aurrezenbakia +598

Uruguai[1] —ofizialki Uruguaiko Ekialdeko ErrepublikaHego Amerikako estatua da, Amerikako Hego Konoaren ekialdean, Brasil eta Argentinaren artean dagoena. 176.220 km²ko azalera du eta 2011n 3.286.314 biztanle zituen[2]. Hego Amerikako bigarren estatu independente txikiena da, Surinamen atzetik.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Satelite irudian

Kontinenteko lur eremua 176.214 km² eta jurisdikziopeko urak eta uharte txikien eremua 142.199 izanik, Uruguai Hego Amerikako bigarren estatu burujabe txikiena (Surinamen ondoren) eta hirugarren lurralde txikiena da (Frantziar Guyana da txikiena). Lurraldea zabaldi gorabeheratsuek eta mendilerro txikiek (cuchillas) osatzen dute, itsasertzeko ordoki emankorrarekin. Ibai ugariek herrialdea egituratzen dute, lau ibai arro edo deltaz osatua: Río de la Plata, Uruguai ibaia, Laguna Merín eta Negro ibaia (lur barneko handiena). Atlantikoaren itsasertzean aintzira ugari daude. Gailurrik altuena Cerro Catedral da (513,66 m), Sierra de Carapé mendilerroan kokatua.

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar-ekialdean Brasilgo Rio Grande do Sul estatuarekin du muga, mendebaldean Argentinako Entre Ríos eta Corrientes probintziekin, hegoaldean Rio de la Platarekin eta ekialdean Ozeano Atlantikoarekin.

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uruguaiko lurraldea, Argentinako panpa hezearen eta Brasilgo goi-ordokiaren artean, muinoez eta higadurak laututako lurrez osatua da gehienbat. Batez besteko garaiera 200 mkoa du. Itsasertzak hondartzak eta aintzira txikiak ditu, eta Rio de la Plata ibaiaren ertza, berriz, alubioiez osatua da. Kostalde estu eta lau horren atzealdean muinoak dira nagusi. Lurraldearen erdialdea eta iparraldea higaduraz zelaitutako ordokia da. Ordokiaren hego-ekialdean Cuchilla Grandeko muinoak nabarmentzen dira, Cuchillas de Haedoko muinoak ipar-mendebalean eta, Brasilekin muga egiten, Cuchilla de Santa Anakoak. Cuchilla Grandeko muinoek ura Urugay ibaian eta Ozeano Atlantikoan isurtzen duten ibaien banalerroa eratzen dute, eta horietako mendixka batean du Uruguaik gailurra (501 m).

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai gehienak Uruguai ibaiaren arrokoak dira. Mendebaldeko muga osoa egiten du ibai horrek, eta Salto hiriraino ontziz ibil daiteke. Ibaiadar nagusiak Brasilekin muga egiten duen Guareim, Arapey Grande, Queguay Grande eta, batez ere, Negro ditu. Negro ibaiak (800 km) lurraldeko uraren heren bat hartzen ditu. Brasilen jaiotzen da eta Uruguaiko erdialdetik igarotzen, zeharka, ipar-ekialdetik hego-mendebalera. Erdialdean itxita dago eta aintzira handia eratzen du (Rincon del Bonete, 1.100 km2), argindarra sortzeko erabiltzen dena. Ezkerraldetik Yi ibaiaren ura hartzen du. Beste ibai batzuen artean aipatzekoak dira Rio de la Platara isurtzen den Santa Lucia, eta Merin aintzirara isurtzen diren Cebollati eta Yagauron. Azken ibai eta aintzira hauek Brasilekiko muga eratzen dute.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima epel hezea du Uruguaik, Ozeano Atlantikoaren eragin handia duena. Montevideon hilabete hotzeneko (uztaila) batez besteko tenperatura 12,5 °Ckoa da eta beroenekoa (urtarrila) 22,6 °Ckoa. Kostaldean udako eta neguko batez besteko hozberoaren gorabehera txikiagoa da. 1.000-1.200 mm euri izaten dira urtean zehar; hilabete euritsuenak martxoa, apirila eta iraila dira, eta, oro har, euri gehixeago izaten da iparraldean hegoaldean baino. Klimaren eta lurraldearen leuntasunagatik oso belardi zabalak dira Uruguain. Zuhaiztiek lurraldearen % 5 baizik ez dute hartzen; horietatik gehienak ibai ertzetan eta mendixka gainetan hazten dira. Aipagarriak dira, zur bikainekoen artean, Schinopsis generoko zuhaitzak eta urunday arbola (Astronium balansae), eta, landatu berrien artean, eukaliptoak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Uruguaiko historia

Uruguaiko historia ez zen hasi europarren etorrerarekin. Portugalgo eta Espainiako esplorazioen aurretik, lurraldea zenbait etnia ehiztari-biltzaile, txarrua, txane, guarani, tape eta aratxaneak besteak beste, bizi ziren lurraldean. Horien artean txarrua leinukoak nabarmendu ziren, espainiarren kolonizazioa eragotzi baitzuten. Izan ere, espainiarren eta txarruen arteko gatazkak XIX. mendera arte izan ziren. Bestalde, espainiarrak iristearekin batera, guaranien eragina ari zen zabaltzen, eta haien hizkuntzak eman zion batasuna lurraldeari.

Kolonia-garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europarrak egungo Uruguai lurraldera 1516an heldu ziren aurreneko aldiz. Alabaina, urre eta zilar urritasunak kolonien sorrera eragotzi zuen XVI. eta XVII. mendeetan. Lurralde horiek Portugal eta Espainiako inperioen arteko muga zen. 1603an Paraguaiko gobernadorea, Hernando Arias de Saavedra, lurraldean abere hazkuntza bideratzeko egokieraz jabetua, behiak eraman eta aske utzi zituen.

Jesuita eta frantziskotarrek erredukzioak sortu zituzten, portugaldarrek beren lurraldeak Rio de la Plataraino zabaltzera Brasildik bidalitako bandeirantes edo esploratzaileen erasoak pairatu zituztenak. Lehendabiziko bizileku finkoa Santo Domingo Soriano izan zen, 1624an Negroko hego-mendebaldeko ibaiertzean espainiarrek fundatuta. Portugaldarrek 1680an Colonia del Sacramento sortu zuten Buenos Airesen aurrean. Espainiak, berriz, lurraldearen garrantziaz jabeturik, eta brasildarren hedapenari aurre egitearren, Montevideo sortu zuen 1726an. Bi nazioen arteko liskarrak 1777an egin zen San Ildefonsoko hitzarmenarekin amaitu ziren: Espainiak estuarioaren ekialdeko ertza, Sacramento barne, eskuratu zuen eta Portugalek ekialdeko misioak. Uruguaiko lurraldea, orduan Sortaldeko Zerrenda deitua, Río de la Platako Erregeorderria sortu berriaren barruan geratu zen, Buenos Aires hiriburu zuela. Artean oso jende gutxi bizi zen lurraldean (indiarrak, bidelapurrak eta kontrabandistak), Montevideon eta kostaldeko herri batzuetan izan ezik.

Merkataritza askerako arautegia onartu zenean (1778) hasi zen Montevideo aurrera egiten, Buenos Airesekin lehian, eta herriak sortu ziren barnealdean. Karlos IV.a Espainiako erregearen eta Napoleon I.aren arteko hitzarmena zela eta, 1806an britainiarrek Buenos Aires hartu zuten. Montevideoko gudarosteak britainiarrengandik askatzea lortu zuen baina hurrengo urteko otsailean britainiarrek hartu zuten Montevideo eta iraila arte egon ziren.

Independentziaren aldeko borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hogeita hamaihiru sortaldetarren zina

1808an Jose Bonaparte Espainiako errege izanik, Frantziako gudarostea Espainian sartu zenean, Francisco Javier de Elío Montevideoko gobernariak batzorde bat eratu zuen, eta Santiago de Liniers erregeordeari kargua uzteko eskatu zion, frantsesen aldekoa zelakoan. Buenos Airesen Maiatzeko Iraultzak Gobernu Batzorde Probintziala eratu zuen (1810), burujabetasunaren aldekoa, Montevideok ezagutu ez zuena eta bi hirien aurkakotasuna areagotu zuena. Espainiar erregezaleak Montevideora babestu eta erregeordetzaren hiriburu izendatu zuten.

1811ko otsailaren 28an hasi zen Montevideoko agintarien aurkako matxinada (Grito de Asencio), José Gervasio Artigas jeneralaren gidaritzapean. 1814an espainiarrek amore eman zuten, eta hiria utzi. Buenos Airesko oligarkiak Sortaldeko Lurraldera hedatu nahi zuen bere aginpidea, eta Artigasen jarraitzaileek, berriz, burujabetasuna nahi zuten. Egoera horretan izan ziren liskarrez eta guduez baliatuz portugaldarrek hartu zuten Sortaldea (1817), Buenos Airesen oniritziarekin. 1821ean Brasilgo Cisplatina probintzia izena eman zitzaion lurralde horri. Baina, 1825ean, Buenos Airesen erbesteratuak zeuden Hogeita hamaihiru sortaldetarrek Brasilen aurkako matxinadara deitu zuten, Juan Antonio Lavallejaren eta Manuel Oriberen gidaritzapean. Biltzar bat egin zuten Floridan, Sortaldeko Lurraldea Rio de la Platako probintzien arteko bat izatearen aldekoa, eta Buenos Airesko gudarostearen laguntza jaso zuten. Uruguaiarrak Ituzaingóko guduan garaile atera ondoren (1827), britainiarrek Argentinak eta Brasilek Uruguairen burujabetasuna onartzea lortu zuten Rioko bakean (1828).

Uruguai burujabea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1830ean onartu zen lehen konstituzioa, eta Fructuoso Rivera hautatu zuten errepublikako lehendakari. Riveraren gobernuak Lavallejaren matxinadei (1832 eta 1834), txarrua indiarren erasoei (1830-1832) eta Buenos Airesko gudarosteari (1833) aurre egin behar izan zien. Riveraren eta Lavallejaren arteko gorabeherek geroztik herrialdean nagusi izan diren alderdi politikoak sortu zituzten: Lavallejaren jarraitzaileen Alderdi Zuria, lurjabe handien interesak babesten zituena, eta Riveraren jarraitzaileen Alderdi Gorria, hirietako erdiko mailako klasearenak defenditzen zituena. 1838an bi alderdien arteko Gerra Handia hasi zen: gorriak alde batetik, Rivera buru eta frantsesen eta ingelesen laguntza zutela, eta zuriak bestetik, Manuel Oribe buru eta Juan Manuel de Rosas argentinar diktadorearen laguntza zutela. 1851n Rosas diktadorea kargutik kendu zutenean Manuel Oribek amore eman zuen eta, galtzailerik eta irabazlerik gabe, bakeak egin zituzten bi alderdiek.

Gerraren ondorengo gobernu gehienak Alderdi Zurikoak izan ziren harik eta 1865ean Venancio Flores lehendakari ohiak, Brasilen laguntzarekin, aginpidea kendu zien arte. Laguntza horrek Argentinarekin eta Brasilekin Aliantza Hirukoitza osatzera eta Paraguairi gerra (1865-1870) egitera behartu zuen Uruguai.

Hurrengo urteetako barne egoera nahasiak eta krisi ekonomiko larriak militarren gobernualdiak ekarri zituzten: Lorenzo Latorre (1876-1880), Máximo Santos (1882-1886) eta Máximo Tajes (1886-1890). Denbora horretan gobernuak lurjabe handien ahalak murriztu, bakea bideratu eta abere hazkuntza sustatu zituen landetan. Halaber burdinbideak egin eta telegrafo hariak hedatu ziren, hezkuntza publikoa bultzatu zen eta, oro har, britainiarren dirulaguntzaz, estatu moderno baterako oinarriak jarri ziren. Bestalde, italiar eta espainiar asko iritsi ziren eta herrialdea, 1875an 450.000 biztanle zituena, milioi bat biztanle izateraino handitu zen mende bukaerako. 1890ean Tajes jeneralak zibilei itzuli zien lehendakaritza, herrialdearen normalizazio politikoari bide emanez.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mende hasierako politikoen artean aipagarria da José Batlle y Ordóñez, Alderdi Gorrikoa, 1903-1907 eta 1911-1915 urteetan lehendakari izan zena, eta ondoren ere eragin handia izan zuena. Batlleren ideologia liberal berriaren administraziopean (batllismoa), esportazioetan oinarritzen zen ekonomiaren sendotzearekin batera, oso urte oparoak izan zituen Uruguaik alor guztietan, erdiko mailako klasearen nagusitasuna ekarri zutenak. Besteak beste, langileen eskubideei eta betebeharrei buruzko eta gizarte laguntzaren babeserako legedi aurreratuak egin ziren, Europako zenbait herrialdetakoak baino aurreratuagoak.

1917ko konstituzioa hark egindako berrikuntzetan oinarritua zen. Konstituzio horrek aginpide eragilea lehendakariaren eta Administrazio Kontseilu Nazionalaren ardurapean uzten zuen. Baina 1929ko krisi ekonomikoaren ondorioz, Gabriel Terra lehendakariak (1933-1938) estatu kolpe baten bidez aginpide osoa bere gain uzten zuen konstituzioa indarrean eman zuen.

Alfredo Baldomir jeneralak (1938-1943) Terraren konstituzioa baliogabe utzi zuen eta aurreko urtetako demokraziara hurbildu zen politika egin zuen, 1952an lehendakariaren ordez Administrazio Kontseilu Nazionala onartzearekin gauzatu zena. Bien bitartean, Bigarren Mundu Gerran Uruguaik neutraltasuna gorde zuen, nahiz eta gerra aldarrikatu zion Alemaniari. Gerrako urteetan ekonomiak aurrera egin zuen, Estatu Batuetako kapitalaren laguntzaz. Literatura arloan 45eko belaunaldia, Mario Benedetti eta Juan Carlos Onetti besteak beste, nabarmentzen hasi zen.

1954an, ordea, berriro ere krisi ekonomiko larria izan zen, arazo soziopolitikoak sortu zituena. 1958an Alderdi Zuriak irabazi zituen hauteskundeak, lehenengo aldiz 93 urtetan, baina zurien gobernualdiek ezin izan zuten inflazioa geldiarazi eta gizarte arazoak are larriago izan ziren. 1966an Gestido jeneralak lehendakaritza onartzen zuen konstituzioa egin zuen atzera. Bitartean, Tupamaroak (Tupac Amaru II.a indiar buruzagiaren omenez izen hori zutenak) izeneko gerrilla iraultzailea antolatu zuten hirian, bortizkeria erabiliz krisialdiari amaiera ematen saiatu zena. Gobernuak errepresioa areagotuz eta gizabanakoen eskubideak bertan behera utziz erantzun zuen.

Juan María Bordaberry lehendakariaren gobernualdian (1972-1976) gerra egoera ezarri zen, zibilez eta militarrez osatutako Segurtasun Kontseilu Nazionala sortu zen, Senatarien eta Diputatuen ganbarak desegin ziren, langileen erakundeak eta ezkerreko alderdi politikoak debekatu eta herritarren eskubideak murriztu ziren, eta gerrillari jazarri zitzaion. 1976an militarrez eta zibilez osatutako Batzorde Nazionalak kendu zion lehendakaritza Bordaberryri eta Aparicio Méndez izendatu zuen haren ordez.

1980ean militarrei esku handia ematen zien konstituzioari buruzko errefereduma egin zen, hautesleek atzera bota zutena. Militarrek Gregorio Álvarez jeneralari eman zioten lehendakari kargua eta demokrazia bideratzeko plana egin zuten, aginpidea zibilei itzultzeko. 1984ko hauteskundeetan, 1971etik egiten ziren lehen hauteskunde demokratikoetan, Alderdi Gorriko Julio María Sanguinetti atera zen garaile, alderdi politiko guztiak onartuz eta preso politikoak askatuz militarren errejimenari amaiera eman ziona.

1990ean Alderdi Zuriko Luis Alberto Lacalle hautatu zuten lehendakari. 1991eko martxoan Mercosur ekonomia elkartearen sortzaile izan zen, Argentina, Brasil eta Paraguairekin batera. 1992ko abenduan biztanleen %72k legearen kontra eman zuten botoa. Hala eta guztiz ere, gobernuak aurrera jarraitu zuen zenbait enpresa pribatizatzeko asmoarekin, hala nola hegazkin konpainia, gasa eta iparraldeko azukre kanabera sailak. Gobernuaren erabakiak kontrako manifestazio eta higikunde ugari sortu zituen.

1994ko hauteskundeetan Julio María Sanguinetti hautatu zuten lehendakari boto gutxiren aldearekin. 1996. urtearen erdialdean alderdi politikoen egiturak koloka larrian egon ziren, Lacalle presidente ohiaren emaztea eta bere hainbat laguntzaile ustelkeriaz salatu baitzituzten. 1997n Uruguaiko ekonomiak onera egin zuen, eta inflazioa %4 jaitsi zen. 1999an Jorge Batlle hautatu zuten lehendakari.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999tik 2002ra krisi ekonomiko larria izan zen. 2001eko udan, bankuak astebetez itxi zuten, eta, abuztuan, harrapaketak izan ziren Montevideoko auzo batzuetako denda eta saltokietan. Uruguai kaos ekonomikoan murgildua zegoen artean, NDFk Uruguairi batere dirurik ez mailegatzeko agindua eman zuen. Azkenean, negoziazio gogorren ondoren, Estatu Batuek 1.500 milioi dolarreko mailegu bat eman zioten Uruguairi banku estatalak kapitalizatzeko. Orduan hasi zen krisiaren konponbidea, baina haren ondorioak latzak izan ziren: 2003 eta 2004 urteetan, soldataren batez bestekoa %22 jaitsi zen 2000 urtearekin konparatuz; langabezia-tasa %17raino igo zen 2002an; suizidio-tasa ere %12,6 igo zen 2002an. 2004ko hauteskundeetan, Tabaré Vázquez hautagai sozialista aukeratu zuten lehendakari.

Gobernua, biztanleria eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1973-1984 urteetako errejimen militarrean izan ezik 1966tik indarrean dagoen konstituzioaren arabera lehendakariak du aginpide eragilea, bera da estatu burua, gobernu burua eta gudarosteko buruzagi nagusia; bost urtez behin hautatzen da bozketa bidez. Legegintzako aginpidea, berriz, Diputatuen eta Senatarien Ganbarei dagokie, 30 eta 39 kidez osatuak hurrenez hurren; hauek ere bost urtez behin hautatzen dira.

Hiru alderdi politiko nagusi dira: Zuria (lurjabe handiena), Gorria (hirietako erdiko mailako klasearena) eta, 1970tik aurrera, Fronte Zabala (kristaudemokratak, sozialistak eta komunistak). Administrazioari dagokionez 19 departamentutan banatua dago. Departamentu horietako bakoitzak legegintzako erakundeak ditu. Osasun egoera, gizarte laguntzaren babesa, eta uruguaiarren batez besteko bizitza eta kultura maila Hego Ameriketako handienetakoak dira. Irakaskuntza doakoa da maila guztietan, eta lehen mailako ikasketak eta bigarren mailako lehen ziklokoak nahitaezkoak.

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo biztanle gehienak europar jatorrikoak dira, espainiar eta italiar etorkinen ondorengoak gehienak, baina baita Argentina, Brasil, Portugal, Frantzia eta Alemaniatik joandakoenak ere. Gainerakoak zurien eta esklabotasuna 1842an desagertu zen arte Brasildik iritsi ziren esklabo beltzen arteko nahasketaren ondorengo mestizoak, beltzak eta, gutxiago, mulatoak dira. Indiarrak XIX. mendean desagertu ziren. Etorkin gehienak XIX. mendearen bigarren erditik 1930 ingurua arte iritsi ziren. Biztanleriaren erdia gutxi gorabehera hiriburuan eta hiriburuko aldirietan bizi da, eta gainerako gehienak Rio de la Plata estuarioaren ertzeko hirietan. Iparraldean, berriz, oso jende gutxi bizi da. Etorkinen kopuruak behera egin zuenez gero biztanleriaren ugaltzea asko moteldu zen. Gaur egun jaiotza eta heriotza tasak 0 18 eta 0 9,6 dira, hurrenez hurren, eta biztanleriaren ugaltzea 0 8,4. Bizi itxaropena 70 urtekoa da gizonezkoentzat eta 75 urtekoa emakumezkoentzat.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uruguay departments numbered.png

Uruguai 19 departamendutan banatua dago (hiriburuak hesi artean):

  1. Artigas (Artigas)
  2. Canelones (Canelones)
  3. Cerro Largo (Melo)
  4. Colonia (Colonia del Sacramento)
  5. Durazno (Durazno)
  6. Flores (Trinidad)
  7. Florida (Florida)
  8. Lavalleja (Minas)
  9. Maldonado (Maldonado)
  10. Montevideo (Montevideo)
  11. Paysandú (Paysandú)
  12. Río Negro (Fray Bentos)
  13. Rivera (Rivera)
  14. Rocha (Rocha)
  15. Salto (Salto)
  16. San José (San José de Mayo)
  17. Soriano (Mercedes)
  18. Tacuarembó (Tacuarembó)
  19. Treinta y Tres (Treinta y Tres)

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uruguaiko ekonomiak, abere hazkuntzan oinarritua, nolabaiteko oparotasuna izan zuen XX. mendearen lehen erdian. Harrezkero, ordea, gorabehera handiak eta krisi larriak izan ditu, lehengaiak, erregaiak eta gainerako industria gai gehienak inportatzera behartua egonik, ekonomiaren oinarriak aldatu ez izateagatik, eta beste herrialde batzuekiko merkataritza harremanen mendean egoteagatik (Malvinak uharteetako gerran, adibidez, 103 enpresa itxi behar izan ziren). Gaur egun zerbitzuek (% 57) eta industriak (% 31) hartzen dute langileriaren parterik handiena, eta askoz gutxiago ari dira lehen sektorean (% 11), nahiz eta azken hau izan, industriarekin batera, ekonomiaren oinarria.

Lur erabilgarriaren hiru laurdenak baino gehiago larreak eta belardiak dira. Horietan 8,9 milioi behi eta 26 milioi ardi bazkatzen dira; horietatik ateratzen diren gaiek esportazioen eta industriaren oinarria osatzen dute. Lur sailak hegoaldean eta Uruguay ibaiaren ertzean dira. Lantzen diren gai nagusiak laboreak (garia, artoa, arroza, garagarra eta basartoa), azukre erremolatxa, azukre kanabera, patatak, mahatsa, tabakoa eta fruitu garratzak dira, biztanleriaren beharrak asetzeko eta, batzuetan, esportatzeko adina. Arrantza aurrerabidean da nazioarteko diru laguntzei esker (26.000 tona 1986an, 143.500 tona 1991n).

Oso mea baliabide urriak ditu (talkoa, marmola, granitoa, urrea), eta horien artean energia sortzailerik batere ez. Hala ere, Negro eta Uruguay ibaietako uraren indarraz baliatzen da behar duen adina elektrizitate lortzeko. Industria gehienak Montevideon dira, abereen haragia, larrua eta artilea saltzea eta eraldatzera bideratuak gehienbat.

Industria horiez gainera aipagarriak dira kimika industria, zementugintza, metalurgia, papergintza, kautxugintza eta tabakogintza.

Bestalde, turismoa ere garrantzi handiko diru iturria da. Merkataritza harreman gehienak Brasilekin, Argentinarekin, Estatu Batuekin eta Alemaniarekin ditu.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uruguaik 50.000 km errepide eta 3.000 km burdinbide ditu, Argentinarekin eta Brasilekin lotura dutenak. Merkataritza harreman gehienak itsasoz egiten dira. Portu nagusia Montevideokoa da. Garrantzi handikoa da halaber Uruguay ibaia zama eta pertsona garraiorako. Aireportu nagusia Carrascokoa da, hiriburutik hurbil.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Literatura amerikar eta Gaztelaniazko literatura

Juan Carlos Onetti, Mario Benedetti eta Eduardo Galeano idazle uruguaiarrik ezagunenen artean ditugu.

Beste arlo batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfredo Zitarrosa herrialdeko abeslaririk famatuena izan da.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Uruguai Aldatu lotura Wikidatan


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina uharte amerikarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)