Edukira joan

Mingranondo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mingranondo
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaMyrtales
FamiliaLythraceae
GeneroaPunica
Espeziea Punica granatum
Linnaeus, 1753
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakgranada, pomegranate seed (en) Itzuli, pomegranate seed oil (en) Itzuli, pomegranate juice (en) Itzuli, pomegranate tree wood (en) Itzuli eta pomegranate smell (en) Itzuli

Mingranondoa (Punica granatum) Lythraceae familiako fruitu arbola hosto-erorkorra da. Zurtoin bihurritua eta arantzatsua dauka, azal leuna, adaburu globularra eta lore gorriak[1]. Haren fruitua mingrana edo granada da. Goiztiarrak dira eta bakarka edo binaka hazten dira.

Lineok deskribatu zuen lehenengo aldiz 1753. urteko Species Plantarum liburuan eta Punica granatum izena eman zion. Generoaren Punica izena latinezko pūnĭcum hitzetik dator eta feniziarrei egiten die erreferentzia, izan ere ahiek izan baitziren mingranondoaren kultiboaren bultzatzaile aktiboak. Espeziearen granatum izena latinezko grānātus hitzetik dator eta "hazi (grano) asko dituena" esan nahi du.

Antzinako Erroman zuhaitzari punicum arbos ("punikoen zuhaitza") esaten zioten eta fruituari malum granatum ("sagar granatua") edo punicum malum ("sagar punikoa"). Plinio Zaharrak I. mendean Naturalis historia liburuan horrela dio: «Afrikan, Kartagoren inguruan, sagar punikoa existitzen da, batzuek granatum esaten diotena»[2]

Sinonimoak:

  • Punica florida Salisb.
  • Punica grandiflora hort. ex Steud.
  • Punica nana L.
  • Punica spinosa Lam.
  • Punica granatum var. granatum L.
  • Punica granatum var. sativum K.Malý
  • Rhoea punica St.-Lag.
  • Granatum puniceum St.-Lag
Mingrana fruitua eta haziak.

5 metro arteko altuera hartzen duen fruitu arbola da, oso adarkatua, zuhaixka itxura hartzeraino. Arantzak ditu. Zuhaaitzaren enborra zuzena da, azala zartatua du eta aurkako adarrak.

Hosto sinpleak ditu, 1,5-7 cm x 0,8-2 cm neurtzen dute. Lantzeolatu eta oblongo artekoak dira formaz, adar gaztetan aurkakoak eta bestela txandakako faszikulotan bilduak. Hostoen pezioloa laburra da eta hostoaren punta biribildua. Hostoak erdi koriazeoak dira, gainalde distiratsua dute eta azpialdea ilegabea da. Kolorez berde-horixkak dira. Mingranondoa zuhaitz hostoerorkorra da.

Loreek 3-4 cm-ko diametroa dute, hermafroditak dira eta bakartiak. Kaliza kanpai itxurakoa, koriazeoa, lodia, iraunkorra, ile gabea eta kolorez gorrindola. 2-4 x 1,5-2 cm neurtzen du eta 5-8 segmentu triangeluar soldatuak ditu. Petaloak gorri biziak dira, obobatuak, 2-2,5 x 1-1,5 cm neurtzen dute.

Fruitua 5-12 cm neurtzen duen balausta esferiko, koriazeoa da, gorria edo gorri-horixka kolorekoa. Haziek 12-15 x 5-7 mm neurtzen dute, gorriak dira, baina transluzidoak, gozoak eta jangarriak.

Hazien barreiatze sistema endozookoria da, hau da, hazien barnean dauden pipitak (enbrioia barnean dago) ez dira liserigarriak eta animaliek, batez ere hegaztiek, jan egiten dituzte eta ondoren zirinetan askatzen dituzte.

Banaketa geografikoa eta habitata

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irandik hasi eta Hego-ekialdeko Asiaraino landatu da, Afrika tropikalean eta Europari dagokionez Mediterraneo itsasertz guztian. Hego Amerikan, Mexikon, Estatu Batuetako hegoaldean eta Australian ere aurkitzen da.[3]

Lurzoru mota guztietara moldatzen da, izan karezkoa, alkalinoa edo azidoa. India iparraldean harritxintxarretan ere hazten da[3] eta Kanarietanbide ertzetan berez hazten da sasitzak eratuz, itsas mailatik hasi eta 1.100 metrotako garaieraraino.[4] Lehorteak nahiko ongi toleratzen ditu eta tenperatura baxuak ere bai, antzigar arina jasaten du, beti ere tenperaturak -12º C-tik behera jaisten ez badira,[5] baina nagusiki klima epelak eta azpitropikalak atsegin ditu gehien.[3]

Nagusiki fruituen produkziorako landatzen bada ere, parke eta lorategietan landare apaingarri gisa ere hazten da. Naturan sexualki ugaltzen da, baina gizakiak asexualki ere ugal araz dezake, belaunketa bidez, enborrean edo adaxketan mozketak eginez edota ehun begetalen kultiboen bidez.

Munduko mingrana ekoizle handienak India eta Txina dira gaur egun. Haien atzetik datoz Iran, Turkia, Afganistan, Estatu Batuak, Irak, Pakistan, Siria eta Espainiar estatua. Aspaldian Hego Amerikako hainbat herrialdetan (Peru, Txile eta Argentina) landaketa handiak egin dira esportaziorako, bertan ez baitago kontsumitzeko ohiturarik. Txinak bestalde ekoizten duen guztia barne kontsumorako erabiltzen du.[6]

500 kultibarretik gora izendatu dira, hau da gizakiak sorturiko aldaerak, baina sinonimoak dira asko, genotipo bereko landareek izen desberdinak izan baititzakete tokiko hizkeretan.[7] Aldaeren ezaugarri desberdinak fruituaren tamainak, exokarpoaren koloreak (gorriaz gain badira horiak, moreak, beltzak edota arrosak), haziaren gogortasunak, heldutasunak, zuku kopuruak, azidotasunak, gozotasunak eta astringentziak markatzen dute.[7]

Sukaldaritzan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mingrana edo granada fruitua eta zukua.

Fruitua fresko jaten da, haziz hazi, kokaturik dauden exokarpotik aterata. Mingrana zukua ohiko edaria izan da Europan eta Ekialde Hurbilean, eta mundu zabalera hadatu da. Elagitanino azidoak gustuko bihurtzen du.[8] Granadina siropea sendoturiko mingrana zukua da eta koktel ugariren osagaia da.[9]

Tomatea Amerikatik iritsi aurretik Irango sukaldaritzan mingranaren melaza eta ozpina erabiltzen ziren platerak apaintzeko. Arrozetako oilasko eta ahate zatiei mingrana zukua botatzen zitzaien fesenjān platera egiteko adibidez. Turkian entsalada apaintzeko eta haragia marinatzeko erabiltzen da zukua eta haziak ere entsaladatan eta postretan jaten dira.[10]

Mexikon mingrana haziak chiles en nogada platera apaintzeko erabiltzen dira haziak, izan ere Mexikoko bandera irudikatzen baitute eta zati gorria osatzen dute mingrana haziek.[11]

India iparraldeko Punjab eskualdean hazi lehorrak erabiltzen dira plater bejetarianoei zapore gazi-gozoa emateko. Korean haziekin sŏngnyuch'a (석류차) tea egiten dute.

Informazio nutrizionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
100 gramo mingranatan
(gordina)
Osagaia Kopurua
Ura 78 g
Energia 83 kcal
Karbohidratoak 18,7 g
Gantzak 1,17 g
Proteinak 1,67 g
Bitaminak
Tiamina (B1) 0,067 mg
Erriboflabina (B2) 0,053 mg
Niazina (B3) 0,293 mg
Az. Pantotenikoa (B5) 0,377 mg
B6 bitamina 0,075 mg
Folatoa 38 μg
Kolina 7,6 mg
C bitamina 10,2 mg
E bitamina 0,6 mg
K bitamina 16.4 μg
Mineralak
Kaltzioa 10 mg
Burdina 0,3 mg
Magnesioa 12 mg
Manganesoa 0,119 mg
Fosforoa 36 mg
Potasioa 236 mg
Sodioa 3 mg
Zinka 0,35 mg
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Aspaldian "superfruita" gisa famatzen da antioxidatzaileak, potasioa, kaltzioa, magnesioa eta C bitamina kopuru handitan dituelako.

Gargarak egiteko erabiltzen da, eztula lasaitzen duelako eta eraginkorra delako sukarraren, beherakoaren eta kolikoen aurka, baita zizareak kanporatzeko ere. Propietate diuretikoak eta hipertentsioaren aurkakoak ere baditu.

Beste erabilera batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mingrana azalak artilea eta zeta tindatzeko erabiltzen dira alfonbra industrian.[12]

Mingranondo baten marrazkia, Txinako Song dinastiaren amaierakoa edo Yuan dinastiaren hasierakoa, 1200–1340 artean egina.

Iran eta Himalaia arteko eremuan du jatorria. Irango goi-ordokian duela 5.000 urte inguru etxekotu zen.[13] Ebidentzia arkeologiko eta historikoek diote mingranondoa Persiar kulturan sakratua eta sinbolikoa zela. Akemenestar Inperioaren garaian ugalkortasunari, ugaritasunari errege autoritateari eta Mithra eta Anahita jainkoei lotzen zitzaien.[14] Persepolis hirian bada petroglifo bat Akemenestar erregea mingrana bat eskuan duela erakusten duena.[15] Babiloniako lorategi esekietan landatu zen eta egipziarrek mugurdi zaporeko ardoa egiten zuten haren zukuarekin. Basamortu eremuetan oso jaki preziatua zen, haren azal sendo eta koriazeoak lehortzea ekiditen baitzuen eta kjarabanek distantzia luzeak egin zitzaketen hura garraiatuz.

Mediterraneoaren ekialdean etxekotu zen lehenengotako fuitu arbola dela pentsatzen da.[16]

Mingranaren aztarnak Neolito garaiko eremu arkeologikoetan ere aurkitu dira, esate baterako Egipton eta Israelen, eta Mesopotamiako idazkera kuneiformezko taulatxoetan ere aipatzen da. K.a. XIV. mendean Uluburunen (Turkian) urperatutako ontzi baten hondarretan lurrinak, bolia eta mingrana fruituak aurkitu dira, luxuzko artikuluak zirela iradokitzen du aurkikuntza horrek.[17]

Zetaren bidean zehar hedatuz joan zen, aurrena India erdialdera, ondoren Txinara eta azkenik Hego-ekialdeko Asiara. Afganistango Kandahar hiria ospetsua da han ekoizten diren kalitate handiko mingrana fruituengatik.[18]

XVII. mendean John Tradescant Zaharrak Ingalaterrara eraman zuen. Ez zuen fruiturik eman eta Ingalaterrak Ipar Amerikan zituen kolonietara eraman zen. Hego Karolinan eta Georgian ondo egokitu zen eta fruitu zaporetsuak eman zituen.

Antzinako Egipton, Nebamun eskribaren hilobiko freskoa, putzuaren inguruan mingranondoak ikusten dira.

Kultura desberdinetan ugalkortasunarekin lotzen da, hala nola Asirian[19], Persian[20], Armenian[21], Palestinan[22], Txinan[23], Hindustanen[24]...

Antzinako egiptiarrak mingrana fruituekin hilobiratzen zituzten. Babiloniarrek uste zuten haziak murtxikatzeak garaitezin bihurtzen zituztela borrokatan. Erromatarrek feniziarrengandik jaso zuten mingrana, hortik punica izena, eta greziarrentzat hildakoen fruitua zen, Adonisen odoletik sortutako fruitua.[25] Biblian[26] eta Koranean[27] ere hainbatetan goraipatzen da.

Hipokratesek mingrana zukua hartzea aholkatzen zuen sukarrari aurre egiteko eta gaixotasunaren aurrean gogortzeko.

Espainiako Granada hiriaren izena mingranarengandik datorrela esaten da eta Granadako Erresumaren sinbolo bihurtu zen. Gaur egun Espainiako armarrian azaltzen da.[28]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Mingranondoa Kideitu.euskadi.net
  2. «Sed circa Carthaginem Punicum malum cognomine sibi vindicat; aliqui granatum appellant». Plinio Zaharra, Naturalis historia. XIII. liburua, XXXIV, 112.
  3. 1 2 3 «Pomegranate» www.hort.purdue.edu (kontsulta data: 2026-03-18).
  4. Punica granatum. Flora Ibérica, CSIC/RJB, Madrid.
  5. Ali Sarkhosh; Jeff Williamson. (2018). "The Pomegranate". UF/IFAS Extension.
  6. New UNECE standard will boost international trade in pomegranate. United Nations Economic Commission for Europe.
  7. 1 2 «hort» journals.ashs.org (kontsulta data: 2026-03-18).
  8. Gómez-Caravaca, Ana María; Verardo, Vito; Toselli, Moreno; Segura-Carretero, Antonio; Fernández-Gutiérrez, Alberto; Caboni, Maria Fiorenza. (2013-06-05). «Determination of the Major Phenolic Compounds in Pomegranate Juices by HPLC–DAD–ESI-MS» Journal of Agricultural and Food Chemistry 61 (22): 5328–5337.  doi:10.1021/jf400684n. ISSN 0021-8561. (kontsulta data: 2026-03-18).
  9. Favre, Joseph. (1905). Dictionnaire Universel de Cuisine Pratique: Encyclopédie Illustrée D'Hygiène Alimentaire. Paris: L'auteur, 1088 or..
  10. «Güllaç, a dainty and light dessert - Turkish Daily News Sep 22, 2007» www.turkishdailynews.com.tr (kontsulta data: 2026-03-18).
  11. (Ingelesez) «Chiles en nogada: A symbol of the mexican flag» Gusto Journal- OLD WEBSITE 2024-03-18 (kontsulta data: 2026-03-18).
  12. (Ingelesez) Yang, Rong; Li, Jianqin; Cheng, Gong; Inta, Angkhana; Yang, Lixin. (2023-11). «Textiles Dyeing with Pomegranate ( Punica granatum ) Peel Extract Using Natural Mordant» Journal of Natural Fibers 20 (2)  doi:10.1080/15440478.2023.2282056. ISSN 1544-0478. (kontsulta data: 2026-03-18).
  13. Zeynalova, A. M. (2017). Origin, taxonomy and systematics of pomegranate. Proceedings of the Institute of Botany. 37:, 20–25 or..
  14. Rafiei Dehaghani, Vahid. (2025). The Ritual Role of Golnār – The Pomegranate Flower in Iranian Art and Culture. Journal of Art and Civilization of the Orient. 13 (48):, 50–57 or..
  15. (Ingelesez) «Sage Journals: Discover world-class research» Sage Journals  doi:10.1177/2156587216633370. PMID 26922436. PMC 5871205. (kontsulta data: 2026-03-17).
  16. Zohary, Daniel; Hopf, Maria; Weiss, Ehud. (2012). Domestication of plants in the old world: The origin and spread of domesticated plants in south-west Asia (4. edizioa). Oxford: Oxford University Press, 114–115 or. ISBN 978-0-19-954906-1..
  17. Haldane, Cheryl Ward. (1990-03). «Shipwrecked Plant Remains» The Biblical Archaeologist 53 (1): 55–60.  doi:10.2307/3210160. ISSN 0006-0895. (kontsulta data: 2026-03-17).
  18. «Pomegranate انار — Afghan Agriculture» afghanag.ucdavis.edu (kontsulta data: 2026-03-17).
  19. (Gaztelaniaz) «Openwork plaque with papyrus and pomegranates - Assyrian - Neo-Assyrian - The Metropolitan Museum of Art» www.metmuseum.org (kontsulta data: 2026-03-19).
  20. (Ingelesez) «PackToIran Pomegranate - The Persian fruit of heaven» Pack to Iran (kontsulta data: 2026-03-19).
  21. (Ingelesez) «Genealogy group propagandized pomegranate, symbol of Armenia, wealth and fertility at official opening of the 2015 Eurovision Song Contest» Armenpress 2015-05-18 (kontsulta data: 2026-03-19).
  22. (Ingelesez) «The Palestinian museum | The Palestinian Museum» palmuseum.org (kontsulta data: 2026-03-19).
  23. Doré, Henry; Kennelly, S.J.. (1914). Researches into Chinese Superstitions, Vol V.. Shanghai: Tusewei Press, 722 or..
  24. (Ingelesez) Heyn, Birgit. (1990-04). Ayurveda: The Indian Art of Natural Medicine and Life Extension. Inner Traditions / Bear & Co ISBN 978-0-89281-333-9. (kontsulta data: 2026-03-19).
  25. (Ingelesez) Heber, David; Schulman, Risa N.; Seeram, Navindra P.. (2006-07-07). Pomegranates: Ancient Roots to Modern Medicine. CRC Press ISBN 978-1-4200-0986-6. (kontsulta data: 2026-03-19).
  26. (Ingelesez) Shafer-Elliott, Cynthia. (2022). Fu, Janling ed. Fruits, Nuts, Vegetables, and Legumes. (1. argitaraldia) T&T Clark, 139–156 or. ISBN 978-0-567-67982-6. (kontsulta data: 2026-03-19).
  27. (Ingelesez) «Surah Ar-Rahman - 68» Quran.com (kontsulta data: 2026-03-19).
  28. (Gaztelaniaz) «La Moncloa. Ley 33/1981, de 5 de octubre, del Escudo de España [España/El Estado/Símbolos»] www.la-moncloa.es (kontsulta data: 2026-03-19).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]