Morau ta Agotak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Morau ta Agotak
Datuak
JatorriaEuskal Herria
Musika motaPop, rock
Urteak2004 - gaur egun
Produkzioa
Diskoetxea(k)Gaztelupeko Hotsak
Taldekideak
Morau ahotsa, Beñardo Goietxe gitarra, Jexus Agirresarobe baxua eta Igor Mendia bateria.

Morau ta Agotak euskal musika taldea da, 2000ko hamarkadan sortutakoa. Andoni Tolosaren ezizena da "Morau".

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autodidacta folk taldean egin zituen Morauk lehen urratsak musikagintzan, baina 90eko hamarkadara arte ez zen hasi jendaurrean abesten gitarra akustikoaren laguntza bakarraz. Pare bat maketa grabatu eta ia urtebetez Xabier Montoia abeslariarekin (Hertzainak, M-ak) taberna eta areto txikietan kontzertuak ematen aritu zen —emanaldi haietako askotan Joxi Ubedak (Tortura Sistematica, Bukaera, Anima Vili, Batzuk, Belarmiñak…) lagundu zion gitarrarekin—. Ondoren, lehen diskoa grabatu zuen, Morau (Gaztelupeko Hotsak, 1996), formatu elektrikoan, Joxi Ubedarekin eta Deabruak Teilatuetan taldeko kideen laguntzarekin. “Nork daki“ kantuak berehala oihartzun handia hartu zuen, “Koka Kola lata bat baino gehiago da utopia” dioen lelo itsaskorrari esker. ETBk Ez gaude konforme telesailerako sintonia gisa erabili zuen, eta Balerdi Balerdi taldeak kantu horren moldaketa bat egin zuen Hobe behin horri ezenez beti hori diskoan (Gor, 1997).

Hitzei musikari adina garrantzia ematen die Morauk, gizartearen gaineko begirada kritikoa, ironikoa, samurra eta umoretsua eskaintzeko. “Autobusean bururatutako istorioak dira gehienak. Nire inguruan gertatzen denaz hitz egitea gustatzen zait. Hori bai, ez dut soziologiarik egiten kantuetan, edo behintzat ez dut ondoriorik ateratzen”, azaldu zuen Argia astekariari eskainitako elkarrizketa batean.

Aspaldi idatzita eduki arren lehen diskoan lekurik aurkitu ez zuten kutsu urbanoko zenbait abesti EP akustiko batean jaso zituen, Kantu galduak (Gaztelupeko Hotsak, 1998) izenekoan. Hainbat musikarirekin grabatu zuen: Joseba Tapia, Ñaco Goñi, Petti eta Joxi Ubedarekin, besteak beste. Lau kantu propioez gain, hiru bertsio biltzen ditu diskoak: Balerdi Balerdiren “Lore etxean“, Xabier Montoiaren “Zugan gogoa“ eta Jose Afonso kantari portugaldarraren “En quanto a força“, a cappella abestutakoa.

Bakarkako emanaldiak bazter utzi gabe, talde formatuko kontzertuak ematen hasi zen Beñardo Goietxe (gitarra; Noise Hole, Mugaldekoak) eta Josu Gabellanes (bateria; Uncle Mussels) musikariekin. Hala ere, hurrengo diskoa, Amodio domestikoa (Gaztelupeko Hotsak, 2000), berriz ere, musikari askoren kolaborazioaren emaitza izan zen: Petti, Joseba Irazoki, Maite Arroitajauregi… Soinu eta moldaketen aldetik jantziagoa eta landuagoa da aurrekoa baino, baita malenkoniatsuagoa ere, eta estilo aniztasun handiagoa eskaintzen du: bossanova, countrya, baladak… Euskal kantagintza berria ekarri zuten abeslarien eragina aldarrikatzeko, Mikel Laboaren “Martxa baten lehen notak” kantuaren moldaketa grabatu zuen. Diskoak aukera eman zion Smog (Bill Callahan) kantari estatubatuarrarekin eta Adria Punti katalanarekin partekatzeko agertokia, besteak beste.

Hirugarren disko luzeak, Txukalda-k (Gaztelupeko Hotsak, 2004), Morau eta Agotak-en sinadura ekarri zuen, Beñardo Goietxek (gitarra), Igor Mendiak (bateria) eta Jexux Agirresarobek (baxua; Larrua Truk) osatutako hirukotearekin landu baitzituen kantuak entsegu lokalean. Apaingarri gutxiko lana da, soinu sinple eta zuzenekoa, eta estilistikoki country-rockaren kutsu handiagoa du aurrekoek baino. Aurrekoan bezala, Ez Dok Amairu taldeko beste kide ohi baten kantu bat moldatu zuen, “Haizea dator” (Xabier Lete).

Agotak taldearekiko elkarlanak jarraipena izan zuen Kalamidadiak (Gaztelupeko Hotsak, 2008) diskoan. Bertan power-pop doinuetara hurbildu zen Morau, eta, ohi bezala, kantari historiko baten bertsioa egin zuen: Imanol Larzabalen “Mendian gora“ kantuarena. Halaber, Balerdi Balerdiren “Lore etxean“ berreskuratu zuen molde elektrikoan emateko. Diskoa aurkezteko hainbat kontzertu eman eta gero, taldea desegin eta Beñardo Goietxerekin jarraitu zuen lanean Morauk.

2013an Arrainentzako himnoak bloga ireki zuen M0rauk, asmo zehatz batekin: kantuen sortze prozesua erakustea eta zaleekin partekatzea. Urte eta erdiko lanaren emaitza Arrainentzako himnoak diskoan (Egilea editore, 2014) jaso zuen. Beñardo Goietxeren laguntza bakarrarekin grabatu zituen diskoko 16 kantuak; horien artean, bi bertsio daude: Enarak taldearen “Ama” eta The Smiths taldearen “There Is A Light That Never Goes Out” (“Bada sekula itzaltzen ez den argi bat“)

Diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]