M-ak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
M-ak
Datuak
Jatorria Euskal Herria
Musika mota Rock
Urteak 1983 - 1991
Produkzioa
Diskoetxea(k) IZ
Zarata
Taldekideak
Xabier Montoia
Kaki Arkarazo
Fernan Leiza
Mikel Irazoki

M-ak, 1980ko hamarkadako Euskal Herriko Rock taldea izan zen. Euskal Rock Erradikalaren urteetan sortu zen taldea izan zen eta garai horretan ez zuten inongo erantzunik izan jendearengan.

90ko hamarkadan berriz, Euskal Herrian sortu ziren tendentzia berrien ondorioz, garaiko talde askok, talde gustokoenetako bat bezala ikusten hasi ziren M-ak. Gaur egun, oraindik ere erreferentziazko talde bat da Euskal musikarien artean.

Xabier Montoiak Hertzainak taldea utzi zuenean, Kaki Arkarazoren laguntzaz M-ak proiektu berriari ekin zion. Fernan Leiza eta Mikel Irazokiren laguntzaz, bost diska kaleratu zituzten beraien ibilbide guztian.

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

M-ak taldea izango zenaren hasiera ezin uler daiteke ohiko musika talde baten sorrera prozesuaren arabera. Taldearen izena bezain bitxia zen lan egiteko era batek eman zion bidea M-aki. 1982. urtean hasi zen M-ak izango zena gauzatzen, Donostian. Kaki Arkarazo Laket plaza taldeko gitarrista zen, eta Angel Katarain, berriz, IZ estudioko soinu teknikaria. Arkarazok etxean zuen lau-pista batean grabatzen zituen bere burutapenak, eta Katarainen laguntzarekin, estudioan esperimentazio eta proba saioak egitearen ondorioz, kantu itxura hartzen zuten. Laster konturatu ziren bikote harreman horrek lankidetzak behar zituela aurrera egiteko, eta lehen diskoa izango zenaren bidean M-ak handitu egin zen.

Bikoaren inguruan zebiltzaten zenbait lagun proposamen berri horretara batu ziren: Xabier Montoia (Hertzainak taldearen sortzaile izandakoa), Mikel Artieda (garai hartan Laket taldean, geroago Tapia ta Leturia Band eta beste hamaika taldetan ibilitakoa...), Irantzu Silva (Laket taldeko ahotsa) eta Fernan Irazoki (Tapia ta Leturia Band, Fito & Fitipaldis...) izan ziren Katarainen eta Arkarazoren ideiak gorpuzten lagundu zutenak.

Musikari horiek grabatu zuten, 1983ko udan, MMMM Mik(IZ, 1984). Taldeak ez zien ohiko musika talde baten pausoei jarraitu, eta lehen emanaldia egin aurretik hilabete luzeak pasa ziren. Diskoa prentsaurrekoan aurkezteko, Donostiako Xaribari musika dendan egin zuten agerraldia Kaki Arkarazok (gitarra), Mikel Artiedak (baxua) eta Angel Katarainek (soinu hartzailea). Esperimentazioa eta estudio barruko jarduna zen nagusi garai hartako M-ak-en.

Garai hartarako disko ausarta izan zen MMMM. Euskal Herrian punkak eta rockak eztanda egin berria zuten, eta M-aken proposamena beste norabide batean zihoan. Lehen disko horretan, bi aurpegi sumatzen ziren argiro: A aldean, kanturik entzungarrienak batu zituzten; B aldean, kantu ez-konbentzionalak, esperimentaziotik sortutakoak. Erritmo kutxak, sintetizadoreak eta bestelako tramankuluek garrantzi handia izan zuten azken emaitzan.

1984an kontzertuak eskaintzen hasi zen M-ak. Garai hartan, Euskal Rock Erradikalak gogor jotzen zuen, eta rock indartsua eta punka egiten zuten taldeen ohiko kontzertu leku bihurtu ziren herrietako plazak. M-ak taldeak, ordea, ez zuen oholtza partekatzen Hertzainak, Zarama eta La Polla Records taldeekin, ezta frontoi edo areto handietan emanaldiak eskaintzen ere. Haiena beste zirkuitu bat zen. Areto txikiak, tabernak izan ziren taldearen aterpe. Garaikideak izan arren, EREren mugimendutik at kokatu zen taldea hasieratik, eta haren kontra agertu zen elkarrizketa askotan.

Zuzeneko bakan batzuk eskaini eta gero, Emeak eta arrak izena eramango zuen diskoa lantzera sartu zen taldea IZ-ko estudiora 1985eko udaran. Disko hura Madrilgo Nuevos Medios diskoetxeak argitaratu zuen 1986an, eta talde gisa aurrerapauso nabarmena ekarri zuen. Artean Kakik eta Katarainek zuten musika sortu eta kudeatzeko ardura hurrenez hurren, baina Xabier Montoiaren itzala luzea zen bai kantu batzuen langintzan eta bai hitzetan. Horrela, aldaketak izan ziren estudioko musikarien artean: Anjel Valdes (perkusioa), Pepo (baxua), Mikel Andonegi (pianoa, sintetizadorea) eta Diego Matxinbarrena (bateria) agertu ziren kredituetan.

Taldea prest zen zuzenekoetan murgiltzeko, eta horretarako, Alvaro Matxinbarrena -Diegoren anaia eta gaur egun pintore ezaguna dena- arduratu zen kontzertuetarako eszenografia berezi bat prestatzen. Garai hartan, performance-a eta zuzeneko ekintza ziren nagusi taldearen emanaldietan.

Nuevos Mediosek zituen baliabideak erabiliz, diskoa Euskal Herritik kanpo banatu zen, eta Los 40 Principales eta antzeko irrati kate komertzialetan entzun ziren zenbait kantu. Aurretik Arkarazo eta Katarain Madrilen egondakoak ziren, Radio 3 eta beste irrati batzuetan MMMM aurkezten.

M-aken unibertso musikala zabaltzen ari zen. Esperimentatzeko gurariari eusten bazioten ere, soul eta funky erritmoak agertzen hasi ziren. Talking Heads eta Gang of Four taldeen aipamena sarri errepikatzen zen musika kritikarien artean, eta zuriek egindako beltz musika zuten jarraibidea. "Ehun ginen" kantua disko horretan agertu zen lehendabizikoz, eta denborarekin taldearen kantu ezagun eta garrantzitsua bilakatu da. Kortatu taldeak haren moldaketa egin zuen Kolpez kolpe diskoan.

Taldekide aldaketak ohikoak izan ziren urte horietan, nahiz eta Montoiak eta Arkarazok osaturiko bizkarrezurra sendotu egin zen. Zuloa hirugarren diskoak (IZ, 1987) aro berri baten hasiera ekarri zuen. Aldaketa nabarmenena sail erritmikoan egin zuen taldeak: Fernan Irazoki (bateria) itzuli zen taldera, eta Mikel Irazoki (Bizkar Hezurra) anaia gaztea eraman zuen baxua jo zezan. Disko horretan, abestietarako hitzak lantzeaz gain, kantuen sorkuntzan inplikatu zen Montoia. Halaber, musikarien lana nabarmendu zen inoiz baino gehiago, lehen urteetako esperimentazioa eta estudioko lana bigarren mailan utziz.

Zuzenekoak areagotu egin ziren. Matxitxa promotorearekin lan egiteak kontzertu dezente egitea ekarri zion taldeari, zeina apurka-apurka onarpena lortuz joan zen musikazale eta musika taldeen artean. Zuloa izan zen horren erakusgarri garbia. Hamalau kantu ditu diskoak, aurrekoak baino laburragoak, eta abestien egiturak ere aldatu ziren. Bide horretan uler daiteke "Milenioa" bezalako kantu bat, euskaraz landutako lehen rap kantutzat jotzen dena. Taldeak, ordea, uko egin zion etiketa horri; M-aken koktelontzia askoz zabalagoa eta aberatsagoa zela aldarrikatu zuen, eta rap-a beste eragin askoren artean aipatu zuen. "Milenioa"-ren erremixa (nahasketa berria) single batean eman zuen argitara. Horretan ere aitzindariak izan ziren M-ak.

1989an iritsi zen Barkatu, ama (IZ), M-aken eztanda ekarri zuen diskoa. Aurrez landutako guztia jasotzeko garaia zen. Taldearen egonkortasunak areagotu egin zuen haren sorkuntza. 17 kantu grabatu zituzten disko horretarako, baina 15 bakarrik argitaratu ziren biniloan -beste biak diskoaren berrargitalpenean kaleratu ziren, konpaktuan-. Haize atalak (saxofoia, tronpeta, tronboia) garrantzi nabarmena hartu zuen diskoan. Kolaboratzaileen artean, Fermin Muguruzaren ahotsa entzuten zen "Bloody Mary" kantuan, Xabier Montoiaren ahotsarekin erritmoz beteriko sasielkarrizketa sortuz. Kantuen sorkuntza Arkarazo eta Montoiaren lana zen, baina lehen aldiz taldeko lau kideek sinatutako kantu bat zegoen: "Deabrua teilatuetan".

Erritmo atala ongi olioztaturiko makina bat zen, eta gitarren presentziak nabarmen egin zuen gora, teklatu jolasak eta sintetizadoreak alde batera utzita. Konponketa eta ñabardura guztiak mimoz landu ziren disko horretan. Taldearen kantu esanguratsu asko disko horretan biltzen zituzten: "Txo ixildu!", "Euskalduntze metodo arina", "Pistolaren mintzoa", "Menua", "Opor guztietako zalantza"... Lehen aldiz, Katarainek ez zuen parte hartu grabazioan, baina taldearen zuzeneko soinu teknikaria izaten jarraitu zuen.

1990ean kaleratu zen taldearen estudioko azken diskoa: Gor (IZ). Musikalki, beste aurrerapauso bat izan zen. Aurrez landurikoa sendotzen zuen arren, rockaren garrantzia -bere zentzu zabalenean- askoz nabarmenagoa zen lan horretan, eta hardcorea edo metala bezalako egiturak ere azaltzen ziren taldearen musikan. Taldekideen artean aldaketak jazo ziren berriro, Anjel Valdesek eta Fernan Irazokik taldea utzi baitzuten. Fernan Leiza arduratu zen bateria astintzeaz taldea desegin arte.

Diskoa aurkezteko, Galiziako Os Resentidosekin biratxoa egin zuen, eta urte luzez iraungo zuen harremana finkatu zuten bi taldeek. Disko gordina zen Gor. Musikalki, rocka zen ardatza, eta apenas zegoen une lasairik. Kantu indartsuak ziren, horietako asko entsegu lokaleko jardueran sortuak. Azken batean, diskoa zuzenean jotzeko sortua zela zirudien, taldea oholtza gainean zenaren islarik argiena erakusten baitu. Ez ziren asko izan, ordea, disko horrekin egin zituzten kontzertuak.

Urte hartan bertan, Montoiak bultzaturik, Mikel Laboaren omenezko Txerokee diskoa kaleratu zen, eta M-ak taldeak Zaude lasai-ren moldaketa egin zuen. Horixe izan zen estudioan grabatu zuten azkena. Kantu hori eta Gor diskoaren promozio singlearekin batera banatutako Public Enemy taldearen "Sophisticated bitch" izan ziren taldeak grabatu zituen bertsio bakarrak.

Musika izan zen M-aken erreferenterik nagusia taldearen lehen garaian, baina, denborarekin, Montoiaren hitzek garrantzi handia hartu zuten. Horietako askok, ironiaz eta esaldi pozoitsuz idatziak, kritika zorrotza egiten zioten inguruari. Umoretsuak ziren asko, zer edo zer pentsarazten zutenak beste hainbat, eta gertakari politikoez mintzo zirenak ere baziren, nahiz eta idazkera aldetik ohikoak ez izan. Izan ere, ugariak ziren pertsona errealen aipamenak kantuen letretan, baita abestien izenburuetan ere: Juan Mari Bandres, Mario Onaindia, Fernando Savater, Mark Knopfler, Eddie Cochran, Noam Chomsky, Paul McCartney... Era berean, Montoiaren irudimenetik sortu ziren Prometeo Izagirre eta Pakito Mendibil fikziozko pertsonaiak. Amodio eta desamodio kantu asko ere idatzi zituen Montoiak, batez ere taldearen lehen hiru diskoetan.

1990eko udan, taldeak azken kontzertua eskaini zuen, azkena izango zela jakin gabe. Jardunean ibilitako urte guztien zamak eta taldekide batzuen egitasmo berriek lozorroan utzi zuten taldea. Handik gutxira, taldekideek bide berriak jorratu zituzten, nork bere kasa. Kaki Arkarazok soinu teknikari lanean jarraitu zuen, eta Negu Gorriak eta Nacion Reixa taldeak sortu zituen -azken horretan Os Resentidos taldeko abeslari Anton Reixarekin-, Xabier Montoia bakarkako diskoak kaleratzen hasi zen, Fernan Leiza Tapia eta Leturiaren Band-en aritu zen, eta Mikel Irazokik Bizkar Hezurra sortu zuen, musikari profesional gisa ibilbide emankorra hastearekin bat.


Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diskak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • M-ak (IZ, 1983)
  • Emeak, eta Arrak (Nuevos Medios, 1986)
  • Zuloa (IZ, 1987)
  • Barkatu Ama (IZ, 1989)
  • Gor (Zarata, 1990)

Singleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • «Ikusi makusi» / «Sophisticated bitch» abestiak (Zarata, 1990).

Bildumetako partehartzeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]