Mycoplasma
Mycoplasma | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Bacillati |
Filuma | Mycoplasmatota |
Klasea | Mollicutes |
Ordena | Mycoplasmatales |
Familia | Mycoplasmataceae |
Generoa | Mycoplasma Nowak, 1929 |
Datu orokorrak | |
Gram tindaketa | bakterio gram-negatibo |
Mycoplasma generoak bakterio txikienak biltzen ditu, 0,3 x 0,8 mikra dutenak. "Mollicutes" taldean sailkatzen dira. Haien ezaugarririk nabarmenena zelula hormaren gabezia da. Izan ere, zelula horma ez duten bakterio bakarrak dira mikoplasmak, eta horrek berezko propietateak ematen dizkie:
- ez dira Gram tindaketarekin tindatzen.
- malgutasun handia dute eta pleomorfoak dira
- presio osmotikoaren aurrean egonkortasuna lortzeko mintz zitoplasmatiko berezia dute, osaera bitxia duena: kolesterol bezalako lipidoak ditu, esaterako.
Mikoplasmek ez dute flagelorik eta, haien neurri txikia dela eta, ez dira mikroskopio optikoarekin ondo ikusten.
Itxura aldakorra dute (pleomorfismo): koko moduan agertzen dira maiz, baina forma fina eta luzeak eta forma haritsuak ere erakusten dituzte.
Metabolismoaren aldetik aerobioak dira gehienak, baina badaude anaerobio fakultatiboak ere. Janari eskakizun zorrotzak dituzte, hazkuntza-inguru aberatsak eskatuz; izan ere, ez dira gai molekula organiko asko sintetizatzeko, eta dietarekin hartu behar dituzte. Hazkuntza-inguruetan hazten direnean mikoplasmek itxura oso tipikoa hartzen dute, arrautza frijituena gogoratzen duena.
Mycoplasma generoak 100 espezie inguru ditu. Gehienak landareen eta animalien parasito ez-kaltegarriak dira, saprofito moduan bizi direnak, baina badaude espezie patogenoak ere.
Patologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giza patogeno garrantzitsuenak hiru dira: Mycoplasma pneumoniae, Mycoplasma hominis eta Mycoplasma genitalium.
- Mycoplasma pneumoniae pneumonia atipiko baten eragilea da. Goiko arnas traktuko infekzioak ere sor ditzake (faringitis...).
Mikrobio honek eragindako pneumoniak umeak eta gazteak jotzen ditu batik bat.
- Mycoplasma hominis eta Mycoplasma genitalium traktu genitaleko patologiak eragiten dituzte, harreman sexualen bidez transmititzen direnak. Mikrobio hauen eramaile osasuntsuak daude, infekzioa dutela jakin gabe kutsatzen dutenak.
Mikoplasmek sortutako gaixotasunak tratatzeko tetraziklinak dira ohiko antibiotikoak. Mikrobio hauek zelula horma ez dutenez, antzua da penizilina edo beste antibiotiko betalaktamikoen erabilpena, zelula hormaren aurka jotzen dutenak.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mycoplasma |