Bakterio gram-negatibo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Morez tindatutako bakterio gram-positiboak eta arrosaz tindatutako bakterio gram-negatiboak.

Bakterio gram-negatiboak[1] gram tindaketa proban emaitza negatiboa lortzen duten bakterioak dira. Gram tindaketa tradizioz erabili izan da bakterio guztiak bi kategoria nagusitan sailkatzeko, bakterioen zelula hormaren ezaugarriak kontuan izanda.

Bakterio gram-positiboen paretan gram tindaketan erabilitako kristal more koloratzailea harrapatuta geratzen da, horregatik more kolorez ikusten dira mikroskopioarekin behatzerakoan. Hala gertatzen da koloratzailea estuki atxikita geratzen baita zelula hormaren peptidoglikano geruzari; izan ere, dekoloratzailea ez da kristal morea eramateko gai.

Bakterio gram-negatiboek ezin dute koloratzailea atxikita mantendu dekoloratzailea gehitu ostean; urrats horretan erabilitako alkoholak gram-negatiboen zelulen kanpoko mintza degradatzen du, zelula-pareta porotsuagoa bilakatzen du eta kristal more koloratzailea atxikita mantentzea eragozten du. Gram-negatiboen peptidoglikano geruza askoz meheagoa da, eta gainera, barne mintzaren eta kanpo mintzaren artean kokatzen denez, koloratzaile berria (safranina edo fukzina) bertan harrapatuta geratzen da. Kasu horretan, kolore arrosaz ikusiko dira mikroskopioan aztertzerakoan.

Gram-positiboen peptidoglikano geruza gram-negatiboena baino lodiagoa den arren, gram-positiboak sentikorragoak dira antibiotikoekiko, kanpo mintzik ez dutelako.

Bakterio gram-negatibo askok gaixotasunak eragiten dituzte, tartean gonorrea (Neisseria gonorrhoeae), meningitis (Neisseria meningitidis) arnaseko gaxiotasunak (Moraxella catarrhalis, Haemophilus influenzae, Klebsiella pneumoniae, Legionella pneumophila, Pseudomonas aeruginosa), gernu-gaixotasunak (Escherichia coli, Proteus mirabilis, Enterobacter cloacae, Serratia marcescens), gaixotasun gastrointestinalak (Helicobacter pylori, Salmonella enteritidis, Salmonella typhi) edota infekzio nosokomialak (Acinetobacter baumanii). Bakterio gram-negatiboen artean espezie asko daude..

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskalterm: [Hiztegi Terminologikoa] [1999]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]