Edukira joan

Nazareteko Jesusen prozesioa, Bilbo

Wikipedia, Entziklopedia askea

 

Nazareteko Jesusen Prozesioa Bilboko Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan Erramu Igandearen hurrengo astelehenean ospatzen

den tradizioa da. Bilboko Aste Santuko bost prozesio garrantzitsuenetako bat da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesus Nazaretekoa Gure Aitaren Errege Kofradia,[1]1947. urtean sortu zen,[2] Víctor Díez Canteraren ekimenari esker. Honen aita, Calixto Díez Gorte kaleko eskoletako maisu ezaguna izan zen.[3] Victor jaunak ondo ezagutzen zuen Sevillako Aste Santua, eta Bilbora eraman nahi izan zituen, bertako erlijio-grina, eta ikusitako zentzu herrikoia, ez bakarrik kaleetan, baita denda eta tabernetan, non ugariak baitziren bertako kristo eta birjina bereizgarrienen irudiak, San Frantzisko auzo kastizoarekin bat zetorrena. Egoitza San Frantzisko Asiskoaren elizan ezarri zen (Bosgarren Parrokia) eta Nazaretarraren kofradia 1947ko Aste Santuan atera zen lehen aldiz, berriz Kristo Nazaretekoaren irudia urtebete geroago atera zuten, Federico Coullaut Valera eskultoreak sortu ondoren. Hark Madrilgo Medinaceliko Kristoaren erreplika bat egin zuen, besoak eta esku artikulatuak zituena tunikak aldatu ahal izateko eta ile naturala erantsi zion (Díez Canteraren emazteak eta alabek emana).[4]

Emakumeek ezin zuten prozesioetan parte hartu, hala ezartzen zuen antzinako Zuzenbide Kanonikoak, nahiz eta Kofradia permisiboa eta aitzindaria izan emakumeak sartzen. Nazareteko Kristoaren lehen prozesio-irteera 1948ko Aste Santuan izan zen, Vera Cruz kofradiak utzitako anda batzuen gainean. Hamabi kofradiakidek eraman zuten, eta pisuagatik lurrera erortzeko zorian egon zen. 1953an, jada gurpildun Pausu baten gainean, Kristoaren lehen prozesioa egin zen auzoko keleetan zehar.[2]Ibilbidea ez da asko aldatu ordutik: Bosgarren Parrokiatik irtetzen zen San Frantzisko kalerantz, ondoren Cantalojaseko zubia igaro eta gero Gorte kalea zeharkatzen zuen (gasteleraz “La Palanca” izenez ezaguna). Bilboko prostituta eta alterne kluben kontzentrazio handieneko kalea eta, dudarik gabe, Nazareteko Kristoarekiko debozio handia zuena; tabernen aurretik igarotzean, ateak itxi eta argiak amatatzea ohikoa zen.[4]

70eko hamarkadaren erdialdean, udal arduradunek eta elizako agintariek zalantzan jarri zuten prozesio-ibilbideei emandako babesa. Nazareteko Kristoaren prozesioa atzeratu zuten eta gaueko hamaiketan hasi behar zen, nahiz eta Gorte kalea zeharkatzerakoan aktibitate handia egon. Hala ere, auzoaren erantzuna, klub guztiak barne, errespetuzkoa izan zen. Krisi-urteak gaindituta, 90eko hamarkadan prozesioak berpiztu egin ziren. 2007an, hirurogeigarren urteurrenean, kofradiak irudi berri bat gehitu zuen, Maria Magdalenarena.[4]

Nazareteko Kristoaren Kofradiaren konpromisoa Aste Santuko prozesioetatik haratago doa. Gaixo dauden edo bakarrik dauden eta komunikatzeko beharra duten pertsonei etxeko bisitak egiten dizkiete, kausa solidarioetarako dohainak egiten dituzte, Nazareteko kristoa "Conde Aresti" [5] nagusien egoitzaraino ostegun santu guztietan eramaten dute eta hori eskertu egiten dute mugikortasun-arazoak dituzten haren debotoak. [4]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazareteko Kristoaren prozesio ezaguna Bilboko Aste Santuko bost prozesio garrantzitsuenetako bat da. 1953az geroztik, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako kaleak zeharkatzen ditu astelehen santuan. [6] Bilboko Aste Santuko prozesio jendetsuenetako bat da, eta jende asko erakartzen duena. Iraganean auzokideek balkoiak apaintzen zituzten Nazareteko Kristoaren prozesiorako; karroza lorez estaltzen zuten, irudia musukatzen zuten, otoitz egiten zuten eta erregutzen zioten, negar egiten zioten eta, aldi berean, saetak kantatzen zizkioten. Horren guztiaren ondorioz, ibilbide laburreko prozesio batek dezente irauten zuen.[7] Nazaretekoaren prozesioa Bilboko San Frantzisko auzoaren nortasuna eraiki zuen elementutzat hartzen da.[2]

Ibilbidea San Frantzisko Asiskoaren elizatik abiatzen da, eta Hurtado de Amezaga, Zabalburu plaza, San Frantzisko, Cantalojas zubia, Gorte eta Cantalojas kalea zeharkatzen ditu. Ondoren, San Frantzisko kalera eta Mariaren Bihotza plazara itzultzen da. [8][9] Azkenean Pasioaren kofradiako Erramu eta Arrosarioko Ama Birjinaren Pausua, eta Nazareteko Kristoaren Kofradiaren Pausuen arteko topaketa batekin amaitzen da.[8]

Auzokide batzuek balkoiak apaintzen dituzte, eta Medinaceliko Kristoren irudia igarotzean saetak entzuten dira; bereziki, El Eden klubeko balkoitik, Paco Duque, Pedro Rodríguez eta Vicente Salinas saetero beteranoaren saetak entzun ziren 2023ko apirilean, kutsu flamenkoa eta debozio hunkigarriaren erakusgarri. XIX. mendearen hasieratik San Frantziskok hartzen duen biztanleria eta kultura migratzaile handiaren adierazpen soziokulturala. [8]

Gorte kaletik iluntzean igarotzeak Nazaretekoaren prozesioa Bilboko prozesio ezagunena bihurtu du. Loreek eta saetek Sevillako Aste Santuaren kutsua ematen diote. [9]Saetek, baita euskarazko letrekin ere, protagonismo handia izan dute astelehen Santuan, Bilboko prozesio bakar honetan entzun baitaitezke. [10] Debozioz edo jakin-min hutsez, Nazaretekoaren prozesioak jende ugari biltzen du urtero bere ibilbidean zehar.[4]


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. D Alberto López Echebarrieta¨75 Años de la Cofradia del Nazareno¨. .
  2. a b c Suárez Egizábal, Maribel. (2006). «La procesión del Nazareno como elemento configurador de la identidad del barrio de San Francisco de Bilbao» Zainak 28: 147-160..
  3. https://www.bilbaopedia.info/diez-calixto-calle
  4. a b c d e Amantes, José Mari. (2023-12-15). Saetas y sentimiento en el barrio de San Francisco (75 Aniversario de la Cofradía de Jesús Nazareno). .
  5. (Gaztelaniaz) «Bilbo zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak Egitamu Komunitario - ARESTI KONDEAREN EGOITZA» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-18).
  6. Press, Europa. (2023-04-02). «La procesión de "El Nazareno" volverá a recorrer este lunes Bilbao La Vieja, San Francisco y Zabala» www.europapress.es.
  7. «La Procesión del Nazareno en el Lunes Santo - REAL COFRADIA DE NTRO. PADRE JESUS NAZARENO» www.nazarenobilbao.com.
  8. a b c «Esta noche: saetas, tradición y fervor religioso en la Procesión del Nazareno en San Francisco» Onda Vasca 2023-04-03.
  9. a b Correo, El. (2023-04-03). «Procesión del Nazareno» agenda.elcorreo.com.
  10. «Emotiva saeta cantada en euskera en la procesión del Nazareno de Bilbao» EITB.

Kanpo-estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]