Nicholaa de la Haye
Nicholaa de la Haye | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | 1150(e)ko hamarkada | ||
Heriotza | 1230eko azaroaren 20a (70/80 urte) | ||
Familia | |||
Ezkontidea(k) | Gerard de Camville (en) | ||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | lur-jabea | ||
Nicholaa de la Haye (1150 eta 1156 artean - 1230) Lincoln gazteluko gazteluzaina izan zen[1].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lincolneko gazteluzain
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1150 eta 1156 urteen artean jaio zen Nicholaa. Aita Richard de la Haye zaldun normandiarra zuen, Lincolneko gaztelujauna, eta hura hildakoan, gaztelua defendatzea egokitu zitzaion alabari. 1191n gaztelua eraso zutenean, adibidez, Richard de Devizes kronikalari garaikideak jaso zuenez, Nicholaak “emakumea ez balitz bezala pentsatuz, gizonek bezala defendatu zuen Lincolneko gaztelua”[1].
Joan I. Ingalaterrakoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1215ean, Ingalaterran, Bouvineseko guduko porrotaren ondoren, Joan I.a Ingalaterrakoa, Joan Lurgabea ezizenez ezaguna, sorterrira itzuli zen, baina menpekoek ez zioten harrera onik egin. Eta erregearen kontrako jarrera areagotu egin zen zerga bidegabe bat –beste bat– ezarri zuenean. Ekainean nobleek Magna Carta dokumentua sinatu zezan lortu zuten; Ingalaterrako erregearen boterea mugatzen duen dokumentu zaharrena da. Magna Cartaren prozesuan ere nabarmendu zen Nicholaa de la Haye. Joan erregearen aurkakoek gaztelua setiatu zuten 1215ean, baina Nicholaak errenditu gabe eutsi zion eta erreboltarien buru Gilbert de Ganterekin su-etena sinatzea lortu zuen. Horrela, irailean Aita Santuak gutuna bertan behera uztea lortu zuen Joanek[1].
1216an Joanek gaztelua bisitatu zuenean, gazteluko andereak esan zion bere adinean ez zela gai kargua behar bezala betetzeko eta gazteluko giltzak eskaini zizkion; erregeak, ordea, karguan berretsi zuen. Eta ez hori bakarrik; urte bereko urriaren 19an hil zen Joan Lurgabea, baina hil baino lehen Lincolnshireko sheriff izendatu zuen de la Haye[1].
Henrike III.a Ingalaterrakoa eta azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Joanen oinordeko Henrike III.a Ingalaterrakoak 9 urte zituen koroa jantzi zuenean. William Marshal noblearen laguntza izanagatik, aurkakoak agintari berriaren ahuldadeaz baliatu ziren; noble erreboltariek, Luis frantziar erregegaiaren armadarekin bat eginda, Ingalaterrako gotorlekurik garrantzitsuenetakoa eraso zuten berriro: Lincoln. Gazteluzainak, ohi bezala, gogor eutsi zion, baina errefortzuak beharko zituen setioa gainditzeko. 1217ko maiatzaren 20an erregearen babesle William Marshalek setiatzaileak eraso zituen kanpotik, Nicholaa de la Hayek barrutik, eta garaipena lortu zuten. Hori eta Sandwicheko itsas-guduan lortutako garaipena nahikoak izan ziren Henrike III.a tronuan indartu eta Frantziako nahiz bertako oposizioa uxatzeko[1].
Henrike III.a Ingalaterrakoaren aldekoek laudorioak eskaini zizkioten emakume gazteluzainari, baina beste guztia kendu. Lincolneko garaipena lortu eta lau egunera, sheriff kargua kendu zioten erregearen osaba Salisburyko kondeari emateko. Kondeak, nonbait, ez zuen nahikoa horrekin eta de la Hayeren lurrak eta gaztelua ere nahi zituen. Beste 9 urte eman zituen Nicholaak gotorlekua defendatzen, baina ez zuen berriro errefortzurik ez laudoriorik izan. 1226an amore eman zuen eta 1230an hil zen[1].