Nor-Nori-Nork (gramatika)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aginte-perpausetako adizki markak, Nor-Nori-Nork erregimenaren aldaeretan.

Nor-Nori-Nork edo Nork-Nori-Nor sistemak adierazten du euskararen adizki jokatuek pertsonarekin eta numeroarekin komunztadura egiteko duten modua[1]. Adizki horiek trinkoak (sintetikoak) nahiz perifrastikoak izan daitezke, eta pertsona / numero markak bai adizki trinkoetan zein adizki perifrastikoen laguntzaileetan agertzen dira. Pertsona eta numero marka horiek kasu absolutiboarekin (Nor kasua), ergatiboarekin (Nork kasua), eta datiboarekin (Nori kasua) komunztaduran egoten dira, eta hortik datorkio izena sistemari.

Terminoaren bi formak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz gehiago erabiltzen da Nor-Nori-Nork forma, baina Sareko Euskal Gramatikak Nork-Nori-Nor ordena hobesten du euskal gramatikaren ezaugarri hori izendatzeko[1]. Gozategi taldeak 1995ean grabatutako Nor-nori-nork abestiak sekulako arrakasta lortu zuen, eta harrezkero NOR kasua aurretik duen forma ezagunagoa da euskaldunen artean (Google bilaketa bikoitzean, 2018an, Nor-nori-nork, 38.000 emaitza; Nork-nori-nor, 2.350 emaitza[2][3]).

Komunztadura forma zehatzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal_aditz#Aditzen_erregimena»

Morfologikoki, euskal adizki jokatuen pertsona / numero komunztadura motak ondoko eran sailka daitezke:

  • Nor kasuarekin edo kasu absolutiboarekin soilik: NOR (Etorri DA, NATOR)
  • Absolutiboarekin eta datiboarekin: NOR-NORI (Erori ZAIO / DAGOKIO)
  • Ergatiboarekin eta absolutiboarekin: NORK-NOR (Ekarri DU, DAKAR)
  • Ergatiboarekin, datiboarekin, eta (numeroan soilik) absolutiboarekin: NORK-NORI-NOR (Ekarri DIZKIO, DAKARZKIGU)

Azken komunztadura berezkoa da, izan ere, euskara modernoan, behintzat, ez baitago 1. edo 2. pertsona absolutuaren komunztadurarik erakusten duen NORK-NORI-NOR adizkirik[1]. Alegia, arrunt-arruntak dira egun Hark dirua polizaren esku(etan) jarri du (NOR-NORK komunztadurako laguntzailea: NOR objektu zuzena dirua da, singularrezko 3. pertsona) nahiz Hark dirua poliziari eman dio (NOR-NORI-NORK) bezalako perpausak. Alabaina, Hark ni poliziaren esku(etan) jarri nau (NOR-NORK) bezalako moldeak soilik erabiltzen ditugu gaur; hain zuzen ere, objektu zuzena 1. edo 2. pertsonak badira, ez dago *Hark ni poliziari eman naio esaterik, hau da, NOR-NORi-NORK saileko laguntzailedunik, NOR objektu zuzena ni —singularrezko 1. pertsona— duenik. Gainera, 3. pertsona singularraren NOR komunztadura marka Ø da eta, beraz, NOR pluraleko formez gain, ez dago absolutuaren marka ageririk daukan NORK-NORI-NOR adizkirik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Aldai, Gontzal. «Adizki jokatuak» Sareko Euskal Gramatika (SEG).
  2. «"Nork-nori-nor" - Google Bilaketa» www.google.com (Noiz kontsultatua: 2018-05-14).
  3. «"Nor-nori-nork" - Google Bilaketa» www.google.com (Noiz kontsultatua: 2018-05-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]