Euskal adizki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Perpaus bakunean adizkia beharrezko elementua da. 'Adizkia' diogu eta ez 'aditza'. Izan ere, 'adizkia' 'aditz' bakoitzak perpausean hartzen duen 'forma' bereziari deitzen ahal diogu. Horrela, aditz bakar batek, perpausaren barnean gauzatzen denean, adizki desberdin asko ditzake. Adibidez, etorri aditza modu askotara gauzatua egon daiteke: nator, etorri da, etortzeko, baletor, etor zitekeen …

Aditz batek hartzen duen forma jakina ezartzen zaion 'inflexioari' dagokio.

Horrenbestez, aditza eta inflexioa bereiziko ditugu. Eta aditz bati perpausean dagokion inflexioa itsasten zaionean, adizki jakin bat sortuko dugu

Aditza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Aditz»

Bi eratako banakoak erabiltzen ditugu perpausak osatzerakoan. Badira banako lexiko batzuk munduko nahiz asmatutako izakiei erreferentzia egiteko baliatzen ditugunak (etxe, neska, herri, gizon, euskara, zaldi, gramatika, gorroto, itxaropen, mesfidantza, herensuge …), eta badira, halaber, beste banako lexiko batzuk aipatu ditugun izaki horien propietateak (handi, garesti, itsusi, atsegin, beldurgarri, sakon …) adierazten dituztenak, edo izaki horiek parte hartzen duten ekintzak (erosi, edan, eskatu, joan, ibili, bota, ekarri …) edo egoerak (bizi izan, egon, jakin …) deskribatzeko erabiltzen ditugunak. Aipatu ditugun izakiek parte hartzen duten egoerak edo ekintzak denotatzeko erabiltzen ditugun hitzak aditzak izan ohi dira gehienetan. Aditz jakin batek adierazten duen ekintza edo egoeran parte hartzaile batzuk izango dira, batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago. Aditzak esango digu, nolanahi ere, zenbat parte-hartzaile “behar” dituen ‘asetzeko’ eta, horrenbestez, perpausa osatzeko. Parte-hartzaile hauek munduko izaki edo entitateak izango dira eta hauen oinarrian izenak izango dira (txakur, esne, etxe, gizon, ur …). Adibidez, EDAN aditzak gutxienez bi entitate eskatzen ditu, edalea eta edaria. Hauek izango dira argumentuak, EDAN predikatuaren argumentuak.

Aditza predikatu bat dela, entitateen egoerak edo ekintzak predikatzeko erabiltzen baitugu. Izenak, berriz, argumentuak izango dira. Aditz deitzen diogu, hortaz, predikazioaren euskarri izan ohi den hitz klase bati. Eta argumentuak, berriz, predikatu honen inguruan dabiltzan beste sintagmei deitzen diegu. Adibidez, honako perpaus honetan bi aditz ditugu:

« Aitak amari gona gorria EKARRI DIO.  »

Ekarri aditza da eta predikazioaren gunean dago.

Baina aditz guztiak ez dira predikatiboak, edo bestela esan: predikatu guztiak ez dira aditz. Esaterako, handi, gorri eta holakoak predikatuak dira baina perpauseko predikatu-atala osatuko badute, aditz bat behar dute, lotura aditz bat, izan, adibidez:

« Amaren gona gorria da.  »

Kasu honetan, predikazioaren gunea ez da aditza (da), gorria osagaia baizik. Subjektuaren eta predikatuaren arteko erlazio semantikoa predikatuaren guneak erabakitzen duenez, erraz ulertzen da, adibidez, kasu honetan, erlazio hori ez dela gonaren eta izan aditzaren artean baizik. Zeren, bestela, nola azaldu honako perpaus honen okerra?:

«  ??Amaren gona garratza da.  »

Nolanahi ere, esan daiteke, kontrako arrazoirik izan ezean, aditza beti izango dela perpaus bakunean, dela aditz predikatiboa (ekarri, erosi, josi, eraman …) dela lotura-aditza (izan, egon eta beste bakarren batzuk).

Adjektiboak predikatuak dira, aditzak bezalaxe, baina aditza eta adjektiboa bata bestearengandik erraz bereiz daitezke. Adibidez, morfologiari begiratuz gero, aditz klaseko hitzak jokatu egiten dira: josi, jostea, josiko/ ekarri, ekartze, ekarriko… baina baita josi diot, ekar genezake, ekarriko bagenizkio eta abar. Bestalde, aditz klasekoei eransten zaizkie menderagailuak ere: bait-, -(e)la, -(e)n, adibidez. Horrenbestez, aditzari 'igartzea' ez da zaila.

Adjektiboek, berriz, bestela jokatzen dute: gorri-a, gorrien-a, gorriegi-a, hain gorria, gorriago, eta abar. Gorritu aditzak, berriz, aditza delako hain zuzen, bestelako morfologia erakusten du.

Nolanahi ere, aditza beharrezko osagaia dugu perpaus bakunean. Alde horretatik, perpausaren gunean beti izango dugu aditza.

Baina aditzak inguruan beste zenbait osagai eraman ditzake.

Inflexioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baina perpausaren osagai nagusien artean bada beste bat, askoz abstraktuagoa: Inflexioa deituko duguna. Berez, inflexio hau aditzarekin loturiko zerbait da. Aditz laguntzaile deitu izan dena da inflexioa. Honek biltzen du denboraren, aspektuaren, moduaren eta komunztaduraren informazioa.

« Ijitoak astoa eraman  »

Hitz segida hau ez da perpaus osoa, zerbait falta du. Funtsezko eduki predikatiboa agerian du, badakigu eramateko ekintza batez ari garela eta ekintza horretako parte-hartzaileak zein diren ere badakigu. Hala ere, gertakizun hori noiz gertatu den, adibidez, ez dakigu. Gertaera horren aurrean hiztunak zer jarrera duen ere ez dakigu: ahal den edo gerta daitekeen zerbait den, edo baldintza baten mende dagoen, nahi edo desio bat den …

« (a) Ijitoak astoa eraman du.

(b) Ijitoak astoa eramango du.
(c) Ijitoak astoa eraman dezake.
(d) Ijitoak astoa eramango luke.
(e) Ijitoak eraman dezala astoa.
eta abar

 »

Hain zuzen, perpaus barnean, 'gizon', 'etxe' bezalako osagai 'biluziak', besterik gabe, txertatu ezin ditugun bezala:

« *Gizon etxe berri erosi du.  »

behar ditugun determinatzaileak eta kasu markak gehituz gero, gauzak asko hobetzen dira. Hainbeste, ezen lehen ez-gramatikala zena orain erabat zuzena gertatzen baita:

« Gizon horrek etxe berria erosi du.  »

Perpausarekin ere beste horrenbeste gertatzen da: adizkia ezin dugu biluzik utzi, Izen Sintagmak determinatzaile beharra duen bezala, aditzak ere behar du berari dagokion determinazioa. Hori da inflexio deitzen duguna. Nolabait esateko, aditzak 'forma hartu' behar du perpausa osatu ahal izateko. Alegia, aditza adizki modura eman behar da. Eraman aditz jakin bat da, hiztegian jasoa ikusiko duguna. Baina aditz bakar honek forma asko har ditzake, adizki asko izan ditzake: eraman dut, eramango dut, daramatzat, banerama, leramake, eramango nizuke…

Baina informazio hau ez dagokio adizkiari berari bakarrik, perpaus osoari baizik. Esaterako, denborari buruzko informazioa adizkian biltzen bada ere, ez dagokio aditzari bakarrik, perpausak adierazten duen gertaera osoari baizik. Gertaera bat denboran kokatzen da. Horregatik, perpausaren ardatza bera dela onartzen da, eta, horrenbestez, perpausa inflexioaren islapena dela esango dugu.

Gauzak horrela, honako perpaus honen egitura:

« Ijitoak astoa saldu du  »

honako hau izango litzateke, funtsean:

                    InflS (=Perpausa)
                        /    \
                       DS    INFL’
                      Δ       /   \
                    ijitoak  AS      INFL
                            / \       / \                           
                           DS  A     /   \
                           Δ   |    -du du
                         astoa sal-                                       

Horra perpaus bakunaren funtsezko egitura. Egitura honen barnean erraz 'sartzen' dira atal honetan aipatu ditugun osagai guztiak: aditza, laguntzailea eta gainerako osagaiak. Osagai horien artean bada bat besteen gainetik nabarmentzen dena, subjektua. Gure kasuan, [ijitoak] sintagma dugu subjektua. Gainerako guztia, berriz, predikatua izango da. Gogoan izan, perpausak predikazio egiturak direla, non subjektu bat predikatu batekin harremanetan jartzen den. Gure kasuan:

                        Perpausa
                          /    \
                   subjektua Predikatua
                      Δ        /    \
                    ijitoak  AS     Lag
                            /   \    |                           
                         astoa saldu du  

Bietan, funtsean, informazio bera biltzen da. Diferentzia bakarra da bigarrenean osagaien funtzioa hartzen dela kontuan. Lehenbizikoan, berriz, osagaien kategoriaren gaineko informazioa nagusitzen da. Dena dela, perpausak beste osagai guztiek bezala ardatz bat badute eta ardatza hori Inflexio deitzen duguna dela onartzen ahal bada, lehenbiziko arbola egokiago gertatzen da. Nolanahi ere, Inflexioa atal bakun gisa aurkeztu badugu ere, baliteke egitura konplexuagoa izatea, denborak, aspektuak, subjektuak eta abarrek bakoitzak bere burua islatzen duelarik[1]. Inflexio honek nolako egitura duen teoriza daiteke eta, egiatan, badira teoriak. Hemen ohiko bidea segitu dugu: inflexioan sartu dugu adizkian aditz erroaz gainera biltzen den informazio hori: pertsona komunztadura, aspektua, denbora, modua … Horiek denak nola egituratzen diren ez da hemen eztabaidatzen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Laka Guenaga, Iker Joseba (2001), «El Origen pasivo de la conjugación euskérica», Fontes Linguae Vasconum (Iruñea: Vianako Printze Erakundea) (86): 49-66 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]